«'Somateka' Paul B. Preciadori hartu diot. Gorputz guztiak zeharo politikoak dira»
Aiert hemeretzi urteko euskal gazte sortzailea da. Pop elektronikoan aurkitu du bere burua. Erresistentziatik idazten du, eta musika eta artea espresio politikoo gisa ulertzen ditu. Argi du «borroka politikoa, transfemenismoa eta kapitalismoaren amaiera» direla aurrera egiteko bidea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Aiert Alberdi Oñatin jaio zen 2005ean, 19 urte ditu eta soziologia ari da ikasten. 2024ko azaroaren amaieran 'Somateka' estreinako diskoa argitaratuko du. Otea Lili saioan azaldu digu Paul B. Preciado filosofoaren kontzeptua dela 'Somateka', eta bilduma politiko bizi gisa definitu daiteke. «Gorputz guztiak zeharo politikoak dira», dio Aiertek.
Otea Lili saioko solasaldian behin baina gehiagotan errepikatu du borroka politikoaren beharra, eta kalea garrantzitsua dela. Dena baita kalea, «herria, mugimendua, miseria, prekaritatea eta beste zapalkuntza asko ere», horregatik kalean borroka egitea ezinbestekoa dela dio Oñatiarrak. Salbazioaz ere ari da bere kantuetan, eta zerk salbatuko ote gaituen galdetuta, argi du erantzuna: Borroka politikoak, transfeminismoak eta kapitalismoaren amaierak ekarriko du salbazioa.
Ekoizle lanetan ere aritzen da eta La Furia artistak azaroan kaleratu duen 'Ultra' diskoko lau kantutan ekoizpen artistikoa egin du Aiertek, baita abesti batean kantatu ere. Ez-bitarra den gorputzaren gogoetak entzungo ditugu Aierten ahotik. Haren hausnarketen bidelagun izango dira Aiertek berak aukeratutako musikarien kantuak: Aiert, Labar, Sara Zozaya eta Nakar taldearen kantuak aukeratu ditu.