IRRATIA

«Batzen gaituena ez da egiten dugun lana, egiten dugun modua eta zergatia baizik»

Pertsonen zerbitzura egongo den eredu ekonomikoa bultzatu nahian, Denendako sarea aktibatu da. Lizarran eta zonaldeko herrietan gizarte justuagoa eta solidarioagoa sortzen lagundu nahi du, interes sozial eta kolektiboko ekimenen garapena sustatuz eta bultzatuz.

Denendako sarearen aurkezpena (Denendako)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Helburutzat aberastasun edo diru pilatze indibidualak izan beharrean, inguruari ekarpena egitea duten proiektuak ezagutzen ditugu Gelditu Makinak saioan Nafarroak REAS ekonomia eraldatzaile eta solidarioaren sarearen eskutik. Honako honetan, Lizarraldeako Denondako sarea ezagutu dugu, eta Urko Peral eta Amaia Prietorekin bildu gara.

Duela 10 urte sortu zen Denondako sarea, lehen fase hartan, Lizarran lan eta bizi nahi zuen jendea elkartzeko. Ideia printzipala zen langileen zaku bat osatzea, alegia, bertan lan egin nahi zuen jendea elkartzea. Proiektuak bigarren fase batean etorri ziren. Norbanakoez harago, bide eman zitzaion jada sortuak zeuden proiektuak saretzeari eta elkarlana sustatzeari. Fase horretan sartu zen Urko Peral Lur Soinu Sistema enpresarekin. Sareaz aitortu duenez, «ideologia oso presente dago, denok gatoz mugimendu sozialetatik, gaztetxeetatik eta abar eta nahi genuen gure lanei ikuspuntu hori eman. Lizarran lan eta bizi nahi dugu baina duin eta gustoko lanetan». Asmo onak, ordea, ez du beti bide errazik, ezta Denondakok ere. Amaia Prieto artisaua sareko kide da, beste bizitza bat ematen die barrika eta kupelei Barrikupel proiektuan eta, esperientziatik agian, ilusioz mintzo da egitasmoaren biziberritzeaz, «halako dinamikak joan etorrikoak dira eta orain ari gara azken urtetan apaldu zen argi hori berreskuratzen».

Nork bere proiektua izateaz gain, sarearen kordinazioan hartzen dute parte, arduraz. Diotenez, «zure proiektuaren egunerokoan izaten duzu kontaktua beste proiektu batzuekin eta ikusten duzu saretzeko beharra dagoela, denondako dela ona». REAS Nafarroako komunikazio arduradun den Pitu izan dugu, ohiko moduan, elkarrizketan lagun eta proiektu propio bat izan eta sare bat osatzearen lan gehigarriaz hitz egin du. «Askotan, gakoa da: Zertarako? Zer lortuko dugu? Nola indartuko gaitu gu eta proiektuak?. Batzeak onurak ekarri behar ditu».

Argi geratu da Denondako sareko kideek ez dutela gogoeta egiten duten lehen aldia, berehala hartu baitu hitza Peralek:«Sistema neoliberalak dakarren ekonomia modeloa konfrontatu nahi dugu. Guretzat gakoa da ekonomia sozialaren baitan lan egitea eta, gainera, eraldatzaile terminoa aplikatzea, hau da, ekonomia sozialak bere baitan du pertsonak egon behar dutela proiektuaren erdigunean eta ekonomia garrantzitsua da, baina, ez da arlo indartsuena. Gu, ados gaude baina baliatu hau nahi dugu ahots propioa izateko eta gure ingurua eraldatzeko».

Ahots propio bat zertarako? egintzat emandakoak zalantzan jartzeko. «zergatik onartu patronalaren prezioa lehen sektorean? zergatik ari dira desagertzen Lizarra eta inguruetako asteroko merkatuak? Enpresaren bat etorriko bada megaproiektu batekin, eolikoak, demagun, izango non zer esana?». Hirurak bat datoz, hala ere, saretzeak erronka baino onura handiagoa dakarrela esatean. Pituren esanetan, «islatzen da badagoela gauzak egiteko beste modu bat, ekonomia sozial eta solidarioak, ekonomia eraldatzaileak erakusten digu badagoela sistema kapitalistatik at edo beste balore batzuekin funtzionatzeko aukera».

Tokiko errealitatea

Oro har ingurukoek non lan egiten duten galdetu eta Prietok zorrotz erantzun du: Iruñean. «Lizarraldean lehen sektoreak indar handia du, hirugarrenak ere bai. Bigarrenak ez hainbeste, baina agian sarbidea ez da oso erraza dena oso teknologizatua dago». Gutxi gora-behera, Nafarroako populazioaren herena pasatxo bizi da Iruñerrian, horietako gehienek bertan egiten dute lan eta beste eskualdeetatik ere oso ohikoa da lantokiara bertara joatea. Ez da joera soilik, halabeharra da. Prietoren ustez, erronka da zure eskualdean lan egin ahal izatea. Sareko lan-joerez ari garela, Prietok dionez, Denondakon «askotariko proiektuak daude, asesoria bat, soinura bideratutakoa, kupelen bertziklapena, nekazariak, zerbitzuak… denetarik dago batzen gaituena ez delako egiten dugun lana, egiten dugun modua eta zergatia baizik». Hiriko eta herriko lan-modua zertan diren galdetuta: «batez ere erritmoan. Hirian denborak kontrolatzen zaitu eta herrian zuk erabaki behar duzu denbora non inbertitu».

Estrategikoa da saretzea

Batzuetan, Iruñerriak dena jaten duen sentipena du Pituk, zaila dela iruñetik harago begiratzea. «Saiatzen zarenean beste eragile batzuekin harremanetan jartzen, batzuetan zailtasunak daude. Testuinguru horretan, oso egokia da Denondakok sortu duen eredua, oso sare lokala da, bertako errealitateari begira». Denondakok behar zuen marko teoriko bat eta hori REASek edo Olatukoopek badute, beraz, eredu horietatik osatu du berea. Era beran, sare honen bidez, indartzen ari da Lizarra eta inguruetan eredu duinago batean lan egin ahal izateko abagunea. «Heburu komun baterako aurrerapauso ederra da». Beste aspektu estrategikotzat zabaldu berri duten bulegoa aurkeztu dute. Peralen esanetan «gertutasuna ematen du. Barnera begira, lanketak egiteko espazio fisiko bat oso baliagarria da eta, kanpora begira, garrantzia du nora hurbildua izateak».