IRRATIA

Xbox-ekoen 2023ko lehen bideojokoetan murgildu gara

Hasi dira bideojokoen enpresa handiak datorrenaren aurkezpenak egiten, Xbox izan da lehendabizikoa, ezustekoak egon dira: Tango Gameworksekoek Hi-Fi Rush iragarri dute. Saioan tartea egin diogu ere Nintendoko Engage azken atalari.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Bideojokoen enpresen aurkezpen handien gogoz genbiltzan, eta Xboxekoak izan dira urteko lehen zuzenekoa egitera animatu direnak. Beraiekin batera izan da Bethesda Developers_Direct izeneko ekimena burutzeko; ez hori bakarrik, Tango Gameworks, Mojang, Turn10 zein Zenimax elkartu dituzte.

Dagoeneko ezagunak ziren tituluak izan dira nagusi aurkezpenean: Redfall, Forza Motorsport, Minecraft Legends nahiz The Elder Scrolls Online MMORPG-aren espantsio berriari buruz aritu dira garatzaileak ekitaldian. Ezustekoak ere egon dira, baina: Tango Gameworksekoek Hi-Fi Rush interesgarria iragarri dute. Horrekin konformatu beharrean, bideojokoa kaleratu egin dute iragarpenaren ostean. Zelan ez, erakutsitako guztiei buruz hitz egingo dugu gure albistegian.

Bestelakoei buruz ere hitz egin dugu, noski. Rare-ko britainiarrak klasikorik klasikoenarekin itzuli dira; James Bond-en GoldenEye 007 mitikoa berreskuratu dute Microsoft-ekoekin batera Switch eta Xbox kontsoletarako. Bertsio hau, ordea, ez da horren berria: emulatutako 1997ko bideojokoa dela dirudi, eta horri buruz eztabaidatu dugu.

Joko zaharrekin jarraitu dugu; izan ere, 1999. urteko Pharaoh kudeaketa tituluak berregitea jasoko du otsailean. Jatorrizko jokoan bizitakoak gogoratu ditugu, eta remake-ak ekarriko dituen berritasunak nabarmendu.

Bukatzeko, Fire Emblem sagan murgildu gara. Nintendokoek Engage azken atala kaleratu berri dutenez, RPG taktikoen frankizia gogoratu nahi izan dugu. Bideojoko zaharrenek eskaintzen zutena errepasatu, eta azkenaurreko Three Houses arrakastatsuak egindakoak izan ditugu hizpide.