IRRATIA
Entrevue
Alaia Martin
Bertsolaria

«Batzuetan exijentziak ahantzarazi dit asko gustatzen zaidan zerbait egiten ari naizela»

«Zorte handia da mikrofono bat parean izatea, norbere barne mundua eta asmo-ideia politiko horiek plazaratzeko» dio Martinek. Elizondon bigarren itzulirako txartela lortuta NAIZ irratiko KulturHaria saioan aitortu du lasai dagoela, «ahal dudana egiten ari naizenaren sentimendua dut».

Alaia Martin, Elizondoko bertso saioan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Elizondoko saioan puntu gehien lortuta zuzenean sailkatu da bigarren itzulirako Alaia Martin bertsolaria, Amurrion kantatuko du datorren azaroaren 19an. KulturHaria saioan kanturako gogoa duela aitortu du, baita lanerako asmo eta konpromisoa ere.

Imajinatzen dut oraindik Elizondoko biharamunarekin izango zarela. Zer moduz?

Ba egia esan oraindik pixka bat bai, eta saioaren ondoren niri behintzat kosta egiten zait burua erlaxatzea eta beste erritmo bat hartzea. Eta beno, gaur iritsi zait nekea pixka bat eta saioa beste patxada batekin begiratzeko moduan nago.

Elizondokoa saio bero gisa definitu dute, zein sentsazio izan zenuten oholtza gainetik?

Nik egia esan partekatzen dut sentsazio hori. Hasieratik izan genuen gorputzaldi bat izan zen, berotasun handia sumatu genuen jendearen aldetik. Fasea hasteko lehenengo saioa izan zen eta uste dut jendea bertso gosez harrapatu zuela egunak eta gu ere hala geunden. Eta uste dut elkar elikatu genuela zentzu horretan.

Orokorrean ondo sentitu nuen nire burua; behintzat nire buruaren jabe sentitu nintzen, oholtzan banekiela zer egiten ari nintzen. Hau da, gaiak patxadaz entzuteko gorputzaldia baneukan eta etortzen zitzaizkidan ideiak, aukerak... beste bertsokideak ere oso gustura entzun nituen, entzun nituen zatietan. Entzun baino gehiago, sumatu nuena gustagarria egin zitzaidan.

Nire sentsazioa bazen distira uneak izaten ari zirela eta ari zirela berenetik zerbait uzten edo haien kolorea ematen. Nire sentsazioa gaurtik begiratuta bada saio ona izan zenarena, gorabeherekin, beti bezala. Hori ere hala da. Baina txapelketan askotan kostatzen da grisetik ateratzea.

Bakoitzak bere puntua jarri zion saioari. Onintza Enbeitak hunkitu gintuen, Joanes Illarregirekin zortziko txikian aritu zinenean umoretik eta ironiatik jardun zenuten...

Saio honetan ariketak oso desberdinak izateak gaiak ere desberdinak izatea ekarri zuen. Esango nuke konplexutasun handiagoko gaiak zirela edo geruza gehiagokoak. Orduan, ofizio batzuetan horrek bide eman zien beste errelato batzuei, beste esateko modu batzuei. Onintzaren kasuan uste dut ekarpen handia egin ziola saioari. Goxotasuna eta halako giro ona sortzen laguntzeaz gain, uste dut bere lekutik eta bere diskurtso politikotik utzi zuela arrasto eder bat.

Eta Joanesen kasuan uste dut eredugarri izan zela izan zuen argitasuna eta tenplea. Eta gero bakoitzak berea: Aginek egin zuen puntukako saioa, Iñaki nola saiatu zen gai guztietan bere begirada hori eransten eta hiru dimentsio ematen gaiei, Unai berak nola eman zien egonaldi eta perspektiba horrekin beste pisu bat gaiei... Uste dut egon zela modu batean edo bestean gozatzeko aukera bakoitzaren leku horretatik kantatu zuelako bakoitzak. Eta zentzu horretan uste dut benetan saio berezia izan zela.

Orokorrean txapelketan zehar eroso sumatzen zaizu...

Egia esan bai, bai Getxon, bai Elizondon... hala ere, eroso esatea txapelketan ez dakit posible den.  Saiatu naizena da modu batean oreka bat bilatzen exijentziaren eta gehien gustatzen zaidana egiten egotearen artean. Batzuetan exijentziak ahaztu arazi dit asko gustatzen zaidan zerbait egiten ari naizela. Oreka horretan nahiko tenple edo gorputzaldi barea izan dut bi oholtza horietan eta, zentzu horretan, egia da gozatu ere egin dudala saioetan.

Bietan sumatu dut kontzentratua egoteko ahalegin handi-handia egin dudala. Egia da lana egin izanaren modu bateko lasaitasuna ere dudala, prestaketan gozatzen ibiltzearena, bertso eskolako kideen artean oso babestuta, oso pribilegiatu sentitzen naizela, asko ikasten dudala besteengandik ere...

Uste dut berez zorte handia dela mikrofono bat parean izatea, norbere barne mundua eta asmo-ideia politiko horiek plazaratzeko. Eta, beno, beti ez da posible baina saiatzen ari naiz kontziente izaten zorte horretaz eta, funtsean, egiten ari naizen-garen hori gehien gustatzen zaidan gauza dela eta maitasunez eta asmo onez egindakotik eraikita ba, gero hobeki ala okerrago aterako direla gauzak baina behintzat norabidea argi izanik errazagoa dela uste dut

Erronkarik jarri al zenion zure buruari txapelketa hasi aurretik?

Erronka zehatz eta jakinik ez nion jarri. Txapelketa aitzakia da bertsotan hobera egiteko eta munduan kokatzeko. Pausu bat ematea bazen nire helburua, ez dut esan nahi gauza handi bat bezala.  Baina, asko aldatu da mundua azken bost urteetan asko,  aldatu dira harremanak, bertsogintzak aldatu dira eta nire egunerokoa ere aldatu egin da. Hori aukera bezala ikusten nuen, birkokatzeko, errebisio bital hori egiteko. Hobetzeko autokontrolean, ahalik eta esparru guztietan, dokumentatzeko, gaiei sakontasun gehiagorekin heltzeko. Txapelketan erronkak asko dira, nahia noski, parte hartzen dugunok, finalean abestu nahi dugu, baina hori azken momentuko saria edo aukera da.

Eta nola prestatzen ari zara txapelketa?

Hainbat modu daude eta bakoitzak izango du berea. Nire aldetik, denbora eta kariño handia eskaintzeak lasaitasuna ematen dit, ahal dudana egiten ari naizenaren sentimendua. Denboraren kudeaketa urgenteagoa da orain niretzat. Garrantzitsua zer den argi dut nire buruan, eta bertsoetara jarri naizenean,  txapelketa kodean, oso gustura sentitu naiz eta merezi zuen zerbaitetan energia jartzearen sentsazioa izan dut. Hori nire aldetik, eta gainerakoan, bi taldetan ibili naiz. Miren Amuriza eta Artetxe, Bartrarekin...kanturako oso gune eta lagun onak ditut. Añorgan ere hasi naiz elkartzen aspaldiko lagunekin: Beñat Gaztelumendi, Amaia Iturriotz, Ane Labaka...gustura nago. Balio digu elkarrekin kantatzeko, gaiei begiratzeko eta elkarren beldurrak eta ilusioak mahai gainean jartzeko, horiei ere garrantzia emateko. Horiek ere txapelketan lekua hartzen dute. Zentzu horretan ere asko gozatzen ari naiz Uxue Alberdirekin, Beñat Gaztelumendirekin...mantendu dugu grina, bertsogintzaz eta sorkuntzaz hitz egiteko, eta horrek argitasuna ematen du.

Astebururo egiten dugunaren antzekoa egiten dugu orain, bertsoak kantatu, entzulea sentiarazi, tokatzen zaizkizun gaiei erantzun, sortzen zaizkigun sentsazioetatik abestu...gai jartzaileek lan handia egiten dute hainbeste saioetarako, hainbeste ariketarako gaiak jartzen. Orain arte kantatu ez diren gauzei espazioa eskaintzeko. Nik uste dut txapelketa honek ekarpen hori egingo duela. Orain arte esan ez diren gauzak esango dira.

Bigarren itzulian, lehen saioan kantatuko duzu, Amurrion azaroak 19an.

Gogo handiz hartuko dut Amurrioko saioa. Egun pare bat deskantsatzeko hartuta,  deskantsu hori nahi dut eta behar dut, baina gogoa dut kanturako, begira jartzeko ariketa berriei, eta hobetzeko ikusi ditudan gauza horietan. Lanerako asmo eta konpromisoa badut.