Zuzenean

Garazi Castaño
Elkarrizketa
Alaia Martin
Bertsolaria

«Lanean segituko dugu; eta gero, gerokoak»

Txapelketa gustura bizitzen ari da Alaia Martin oiartzuarra. Sorpresarik ezean, Maialen Lujanbiorekin batera arituko da kantuan Navarra Arenako finalean, abenduaren 18an. Finalerako aukera errealak izateak lanerako aitzaki ona dela uste du. Horixe baita bere asmoa, lanean eta gozatzen jarraitzea.

Audio_placeholder

«Lanean segituko dugu; eta gero, gerokoak»

Loading player...
Alaia Martin Amurrioko saioan
Alaia Martin Amurrioko saioan (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Zer moduzkoak izan ziren Amurrioko saiorako bezperako egunak? Nola pasa zenituen egun horiek eta nola iritsi zinen Amurriora?

Ba esango nuke justo aurreko egun horiek; hau da, aste hori, nahiko ndo pasa nuela. Ohi baino lasaixeago agian, azkeneko bezpera horretan sartu zitzaidan berriz ere tentsio momentu handi xamar bat. Baina ez, orokorrean nahiko aste polita pasa nuen. Aurreko asteak bai izan zirela intensoagak edo tentsio gehiagokoak. Egia da lanean ibili nintzela aurreko aste horietan, pixka bat Amurrioko saioari nola begiratu pentsatzen eta estutzen, esperimentu batzuk ere egiten, neurri batzuk probatzen... Lan eta lan pasa nituen aurreko astean. Pixka bat bila... oso bertsotan sartuta, esango nuke. Eta gero bezpera hori ba nahiko lasai hartu nuen eta zentzu horretan ez nuen aste gogor bat edo oso urduria pasa. Behintzat nahiko goxo iritsi nintzen Amurriora.

Bigarren itzulian saioaren ariketen egitura aldatu da. Zer moduz saioan zehar? Nola ikusi zenuen zure burua?

Orokorrean gustuko ariketak ziren niretzako. Azken batean, ariketa horiek guztiak aurretik eginda genituen lehenengo edo bigarren saioan. Berezia zena kasu honetan ariketa horien hurrenkera zen. Hamarreko txikian hasten genuela saioa esaterako, jarraian zetorrela zortziko handia eta aurreikus zitekeen, eta hein handi batean hala izan zen, pisu dezente izango zuela tematikoki edo atmosfera nahiko pisutsu izango zela lehen bi ofizio horietan. Eta gero, ganbarakoan beste berezitasun bat, bi ariketa zirela bat izan beharrean eta bi ariketa oso desberdin, nire iritziz. Puntu-erantzuna, erabat erreflexuetan oinarritzen dena eta ganbarakoa, pixka bat eskatzen dizuna adreiluak kokatzen joatea eta beste tempo bat. Orduan, horrekin banuen kezka pixka bat nola kokatu saioan. Eta sentsazioa geneukan eta saioa hasi aurretik aipatu genuen taldea elkartu ginean oso azkar pasa zitzaigunaren sentsazioa geneukala. Batez ere hiru ofizio horiek. Eta hala izan zen. Horregatik saiatu nintzen ariketa bakoitzean ahalik eta adienen egoten bertso bakoitza kokatzeko eta gaia ere ondo-ondo jasotzeko, ñabardurarik ez galtzeko.

Gero esateko daukat, eta uste dut zorte izugarria izan zela, talde oso ona zela niretzat. Bertsokera oso desberdinak, esaterik ez dago finalaurrekoetan gainera maila bikaina dela eta bertsolari guztiak direla distiratsuak; baina bereziki nortasun handiko bertso kideak neuzkala eta zeresan handikoak eta horrek ofiziotarako izugarri laguntzen du.

Hotz handia zen Amurrion, baina talde giroa sumatu zen oholtza gainean.


Saio bakoitza berez, plazako saio bakoitza eta txapelketakoa, agian gehiago inporta zaigunez, batzuetan horregatik jartzen diogu arreta gehiago baina beno... Saio bakoitzak izaten du bere tenperatura, bere atmosfera, bere erritmoa, bere kolorea, bere... Orduan, Amurriokoak ere izan zuen berea eta segurki udazkenaren iritsierak ere izango zuen bere eragina, pixka bat gorputzaldi aldaketa horretan, freskura horrek. Orokorrean esango nuke ez zela izugarri saio beroa izan baina aldi berean momentu batzuetan berotzen zenean oso zuzen iristen zela babes hori, epeltasun hori. Eta zentzu horretan ondo sentitu nintzen, egia esan.

Eta gero, fase hasierek ere izaten dute halako berezitasuna bat. Denok kokatzen ari gara zein tonotan datozen gaiak, ariketa bakoitza... Horretan izango zuen eragina. Bestela uste dut, nik oholtza kide batzuk oso gertuko laguntzat dauzkat, batzuk bereziki miresten ditut. Orduan uste dut goxotasun hori existitzen zela hasi aurretik eta elkarri gauza onak desio genizkiola. Eta uste dut horrek laguntzen duela eta horrek saio edo bertsoaldi batzuetan utzi zuela printzaren bat, igarri zela; eta kanpora hori ere iristen dela eta uste dut hori garrantzitsua dela. Txapelketan emate du lehia eta bukaerako zenbakien zain gaudela, baina egunerokoan eta plazaz plazako horretan eta gure helburu kolektiboetan taldean goaz, taldean gaude eta hori da betetzen gaituena eta garrantzia duena funtsean. Eta gero,, saioetan ematen dena, ez? Ez norberak zer egiten duen, baizik zer sortzen den saio horretan eta zer esaten den elkarrizketa horretan. Orduan, uste dut talde ederra zela eta eman zuela horrek ere fruiturik.

Urria amaieran, Elizondoko saioaren ostean, exijentziaren eta gustuko duzuna egiten egotearen artean oreka bilatzen duzula azaldu zenuen irrati honi eskainitako elkarrizketan. Eta badirudi lortu egin duzula: Getxon, Elizondon zein Amurrion, nahi duen tokitik kantuan ari den Alaia ikusten ari gara.

Baliteke. Modu batean egia da eroso xamar aritu naizela hiruetan. Gustura, orokorrean sentsazio politekin amaitu ditut saioak. Eta gero hor saioaren interpretazio orokorra dago eta egin genezake bertsoaldi bakoitzaren balorazioa eta bertso bakoitzarena eta puntu bakoitzarena. Hor ñabardura asko daude eta batzuekin aseago nago eta beste batzuekin beti hobetzeko akuilu bihurtzen zaizkizun arantza txikiak noski baditudala. Egia dena da sufritu, txapelketan egin izan dudan bezala eta askotan egin ohi den bezala, ez dudala egin. Eta gozatu bai. Orduan, oreka horretan uste dut egia dela aldeko tokatu zaidala txapelketa eta horrekin pozik nagoela. Egur handia ez eman izanarekin. Bestetik, exijentziarena egia da, lan handia eta mimo handia eskaini diot bertsoari; alegia, egunerokoan presentzia handia eman diot. Baina gero saioetara nahiko jolasti, ez jolasera, zeren eta ez da egia, hor ondo kantatu nahi nuen eta nahi nituen horren etekinak ere. Baina nahiko jolasti joan naiz eta pixka bat libreago, sorbaldetako berun hori gabe, orokorrean. Orduan, horrekin uste dut lortzen dudala. Pixka bat patxadatsuago pentsatzeko aukera eduki izana bertso bakoitza kantatu baino lehen, zer eta nondik esan nahi nukeen... Beti ere, daukagun tarte txiki horren barruan eta ahal dugunaren barruan. Hori ere kontuan hartuta ez garela sekula eszelentzi horretara iristen, egoerak eta gure mugek hori ere baldintzatzen dutelako, noski.

Amurrion gaiak anitzak izan ziren. Matizak edo erpinak bilatzen aritu zineten. Oihana Iguaranekin, adibidez, zortziko txikian jubilatutako ertzainaren koxka gehitu zenuen amaieran.

Bai, saiakera egin nuen gaia kokatzen. Lehenengo entzunaldian fase honetan aldaketa bat sumatu nuen; hau da, errazago ikusten nituen gaiak, errazago ikusten nuen testuingurua edo oinak nun jartzen zizkiguten kantatzeko. Eta aldi berean, hortik behin espazioa zehaztuta, hortik nondik ibili, gehiago pentsatu nuen beste saioetan baino. Ikusten nuen aukera bat edo ideia bat eta ikusten nion itzal bat, orduan beste bat probatu eta.... Pixka bat hor ibili nintzen eta, egia da kokatzen ibili nintzela eta bila.

Eta ertzena, ertzainarena aipatuta, justu etorri zitzaidan hasieran, bilatzen nuen figura hori, pertsonai hori. Etorri zitzaidan lehenengo ideietariko bezala, baina pentsatu nuen asko baldintzatu zezakeela ofizioa hori hasieratik esateak. Ofizioaren garapenaren arabera, agian amaiera aldean izateko izan daiteke. Baina ikusten nuen Oihana... Uste dut gaur egungo bertsolari onenetako bat dela zalantzarik gabe, eta ikusten nuen bestela ere egongo zirela zer esanak. Eta ofizioa, berak gehitu zizkion ñabardura pilo bati esker, bere kabuz joan zen. Berak ere eraiki zuen bere pertsonaia oso distiratsu, matrikularen J hori aipatuta. Uste dut pare bat genialitate egin zituela beste behin ere Oihanak hor eta bueno horrek asko laguntzen du ofizioa borobiltzeko. Eta justu Amurrioko kantu kideek uste dut gaitasun izugarria horretan ere badaukatela; bilatzen txoko bat, zirrikitu bat bilatzen, pertsonaia hori ikus dadin. Eta Oihanarekin hor ikusi egiten zen bere pertsonaia eta horrek ere kristoren laguntza ematen du kanturako.

Une goxo edo oso polit bat izan zen saioaren amaieran: besarkada handi bat oholtza gaineko emakumeen artean.

Opari bat izan zen saioa horrelako kideekin gozatzeko aukera izatea eta bukaera, itxiera, luxu bat izan zen. Maitasun horri leku bat emateko momentua sortu izana. Eta esker ona. Adibidez, Onintzarekin kantatzeko aukera izan nuen lehenengo hamarreko txiki horretan eta poza handiarekin hartu nuen, kasualitateak hala nahita Elizondon eta Amurrion ondoan egokitu ginen eta niri izugarrizko babesa eman zidan Onintzak. Konfiantza, zeresana eta nola esana daukana, esan eta esan kantatzen duen pertsona bat da eta izugarrizko indarra dauka. Uste dut horrek ere hasi eta buka lagundu zidala, Onintza gertu izateak. Eta bukaeran, emozio guzti horiek kristalizatuak izaten ditugu saioan zehar, baina bukaeran urtu egiten dira. Eta uste dut ikusi zela.

Eta Artetxe ere laguna dut eta urruti tokatu zitzaidan egia esan, justu beste puntan, eta ez genuen elkarrekin kantatzeko aukerarik izan. Baina bera besarkatzeko izugarrizko gogoarekin amaitu nuen saioa eta gero aipatzekoa dela uste dut, Artetxek egin duen txapelketa: utzi dituen oihartzunak, umore kolpeak Irunen eta ironia brutal hori ganbarakoan. Kasu honetan, esan bakarrik ez, ez? Ironikoki eta indarrez nola eraman zuen ikuslea, pertsonaia nola dibujatu zuen gosaritan jarri zion Marca horrekin. Uste dut gauza asko eman dizkiola Artetxek ere txapelketari. Eta gero niri bidean asko eman dizkit, gertuko dudalako, eta besarkada hori gauza askoren poz, pena eta esker on... Gauza asko elkartu ziren hor... Eta bide bat elkarrekin egiten ari garenaren edo saiatzen ari garenaren erakusle zen momentutxo bat zen. Eta hortxe sortu zen sortu zena.

Hiru saioren ostean, a priori behintzat, finalera begira eta zain egon beharko duzu aste batzuk. Nola zaude parentesi horretan?

Egia esan, gaur gaurkoz, eta hori baino gehiago ezin dut esan, pozik eta nekatuta nago. Oraindik atsedenerako tarterik ez dudalako izan, eta horretarako asmoa dut. Gorputzaldia pixka bat askatu; hau da, deskantsu pixka bat hartu, egun pare batean behintzat. Eta gero lanean jartzeko, lana deitzen diot lana delako, baina beti esaten dudan bezala, kosta egiten zait lana deitzea, izugarri gozatzen dudalako. Baina hori: lan horretan jartzeko, bilatzeko, erabaki batzuk hartzeko... Nik lanean jarraituko dut. Eta gero abenduaren 3an jakingo dugu taldea osatzen denean, batetik, barruan nagoen eta, bestetik, nolako taldea den eta hori guztia. Bitartean, lanean jarraituko dut. Aitzaki ona dudalako horretarako aukera hor izateak momentuz. Eta bestetik, bertso kideak ere, oraindik txapelketan eta kantuan ari direlako horietako batzuk eta beraiekin entrenatzeko asmoa dudalako egun hauetan. Eta ilusio horrekin, lan horrekin eta pixka bat kokatzen... Ikusiko dut eta ikusiko dugu taldean ere nola enfokatu hurrengo egunak, hurrengo asteak, eta ea zer gertatzen den. Bitartean lanean segituko dugu; eta gero, gerokoak.

Jaurlaritza Logoa