Zuzenean

Garazi Castaño

Publiko beroa eta bertso onak Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean

Larunbat honetan berrabiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia Elizondon. Urriaren 9an amaitu zen lehen fasea, Lizarrako saioan, eta bertan jakin genuen zein bertsolarik kantatuko duten finalaurrekoetan. Mugika eta Mateorekin lehen faseak emandakoaz aritu gara.

Audio_placeholder

Publiko beroa eta bertso onak Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean

Loading player...
Larunbatean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, Getxon.
Larunbatean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, Getxon. (A. LOIOLA foku | foku)

Asteburu bateko atsedena eta gero Elizondon abiatuko da berriz Bertsolari Txapelketa Nagusia Elizondon, larunbatean. «Uste dut ongi egon dela geldialdia, bertsolariek eskertuko zuten. Atzera ere begiratu behar da zer pasa den ikusteko, eta hausnartu» esan du Amagoia Mugika kazetariak NAIZ irratiko Kulturharia saioan. Amagoia Mugika, Iraitz Mateo eta Jon Garmendia ari dira Txapelketa Nagusia jarraitzen NAIZen, eta gurera gonbidatu ditugu lehen biak Txapelketaren lehen fasean gertatutakoa baloratzeko eta baita, finalaurrekoek zer ekarriko dutenaren inguran hitz egiteko. Baina txapelketa, txapelketa da, eta maiz aurreikuspenek ez dute askorako balio.

«Bigarren fasean dauden denak egon behar dute», esan du Iraitz Mateok. Mugikak nabarmendu du  pena handia duela Maialen Akizurekin, «ederki aritu zen baina ganbarako potoan joan zitzaion hurrengo faserako txartela». Akizuren mundu ikuskera eta freskotasuna gustatu zitzaion Mugikari. Miren Amurizak aurrera ez egitea ere sorpresa izan da «Txapelketa, txapelketa da. Nerbioek eragiten dute...argi dago, Mirenek baduela maila finalaurrekoetan kantatzeko». Xabat Illarregi aipatu du Mateok: «oso fresko aritu zen eta pena da bera hurrengora ez pasatzea, plaza-kutsua ematen die saioei».

Orokorrean oso giro ona nabaritu dute biak txapelketa Nagusiaren atarian. «Plaza giro handia sumatu diot publikoari, eta bertsolariak ere hala ikusi ditut, elkarri erantzuten» esan du Mateok. «Ados nago Iraitzekin. Eta zenbat eskertzen den hori!», Mugikak. Biak bat datoz esaterakoan bertso maila handia egon dela eta are handiagoa izango dela bertso aberastasuna Elizondon abiatzear den bigarren fase honetan. «Zentzu horretan gozamen bat da txapelketa», esan du Mugikak.

Gero eta publiko zorrotzagoa dagoela dio Mugikak. «Edozeri ez zaio barre egiten lehen bezala, jendea kritiko dago eta umore zapaltzaileak ez du graziarik egiten», hor aldaketa nabaritu duela dio Mugikak.

Lehen faseko bertsoaldi bana aukeratzeko eskatu diogu, eta Iratiz Mateok Gotainera egin du atzera, Nerea Ibarzabalek eta Oihane Iguaranek zortziko nagusian osatutako bertsoaldia aukeratu du. Mugikak Donostiara jo du, Beñat Iguaran eta Eñaut Martikorenaren ofizioa goraipatu du, «ahantzi egin zitzaigun txapelketan ginela».

Publikoak eskertzen du umorea eta Iguaran eta Martikorenaren bertsoekin argi geratu zen hori. Hari horri tiraka, Mateok nabarmendu du neurri eta generoa oso lotuak zeudela lehen. Alegia, «zortziko txikian umorea eta ganbarako lanean, drama eta gai hunkigarriak» lantzen zirela. 2017an hori aldatzen hasi zela dio Mateok, eta lehen fase honetan aldaketa hori ikusi dela dio Mateok, «umorea eta freskotasuna neurri txikian aditu ditugu, baina baita ganbarakoan ere» eta adibide bezala jarri du Iban Urdangarinen ganbarakoa.

Txapelketak ere izan ohi dira doinu berriak aurkezteko garaia. Gutxienez hiru doinu berri egon direla ondorioztatu dute solasaldian. Miren Amurizarena, Zea Maysen ‘Negua Joanda ta’ doinuan oinarritua. Mailaren Akizuk azken agurrean erabili zuena, Ines Osinagaren ‘Dena Aldatzen da’ kantuan oinarritua eta Miren Artetxerena.Luis Eduardo Auteren ‘Al Alba’ doinuan inspiratua. «Meritu handikoa da hainbeste jokoan dagoenean doinu batekin ausartzea, jakinda ez dela oso samur sartuko», esan du Amagoia Mugikak.

Ariketa berriak finalaurrekoetan

«Kuriosoa da lehen 6 saioetan, 3 emakume eta hiru gizonezko pasa dira bigarren fasera. Hiru gizonezko horientzako lehen txapelketa zen, denak belaunaldi berrikoak» esan du Mugikak, «bertso maila oso altua daukate eta oso ondo prestatuak datoz», gehitu du. Emakumeen datua ere ez da kasualitatea bere ustez eta dio olatu handiena emakumeena dela. «Aurreko txapelketetan motxila bat jarri genien emakumeei eta hortik askeago ikusten ditut. Seguru aski ahaldunduago daude, plaza gehiago egin dituzte eta horrek konfiantza bat ematen du».

Irungo saioak du berezitasun gehien, bai behintzat berezitasun historikoa. «Sekula ez a gertatu 5 emakume eta gizonezko bakar batek kantatzea oholtzan» esan du Mugikak. «Eta kontrakoa gertatuko zaio Saioa Alkaizari Durangon, emakume bakarra izango da» esan du Mateok, txanponaren beste aldea.

Ariketa berriak egin beharko dituzte bertsolariek. Binaka lau ariketa josi beharko dituzte. Hiruna bertso zortziko handian eta txikian. Zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu beharko dituzte, eta hiruna bertso sei puntuko motzean. Horri guztiari gehituko zaio ganbarako lana.

Larunbat honetan berrabiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia Elizondon. Bertan arituko dira kantuan, Agin Laburu, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre, aurreko txapelketatik sailkatua.

Hurrengo hitzorduak Datorren asteburuan, urriaren 29an, Donibane-Garazin izango da hitzordua. Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus (aurreko txapelketatik sailkatua), Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariek parte hartuko dute saioan.

Irunen azaroaren 5ean arituko dira bertsotan Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina (aurreko txapelketatik sailkatua).

Amaitzeko, azaroaren 12an Durangon izango dira Aitor Bizkarra, Saioa Alkaiza, Eñaut Martikorena, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendizule, azken bi hauek aurreko txapelketatik sailkatuak zeuden.



 

 

 

Jaurlaritza Logoa