IRRATIA

Laguna Goons talde ekintzailea ezagutu dugu ‘Zarata’ tartean

Horrez gainera Blanquita Carraquela eta Sara Azurza, Otoi eta Mirua proiektuaren azken abestiak ezagutu ditugu.

Cartamatik Getxora etorri eta musika munduan topera jarraitzen du Laguna Goons taldeak. (LAGUNA GOONS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Malagan sortutako taldea da Laguna Goons, Cartama herrian, itsasorik ez duena. Bada, bertatik Euskal Herrira, Getxora, etortzeko erabakia hartu zuten taldekideek surfa maite dutelako. Kontua da, surfaz gainera, musika ere maite dutela eta beren festa propioak antolatzen dituzte tarteka, Lagoonak Festival delakoa tarteko. Villasound Bilbao ekimenean hautatuak izan ziren eta orain Sopela Summer Fest jaialdiaren lehen edizioan arituko dira. Larrabasterrako Kayser-V espazio berrian izango da jaialdia, diziplina anitzeko tokia, yoga, surfa, kontzertuak eta gastronomia elkartzen dituena, besteak beste. 

Horrez gainera beste hiru proiektu ere ekarri dizkigu Iker Bárbarak, Zarata MondoSonoroko kudeatzaileak. Lehendabizikoa, Mirua Tolosako proiektua da, kantu berria kaleratu dute oraintsu eta Oso Polita zigiluarekin ari dira elkarlanean. «Gaztea maketa lehiaketan sari bat eskuratu zuten EP bat grabatzekoa eta horren lehendabiziko kantua da atera dutena, uda ostean etorriko dira gehiago», aipatu du Bárbarak.

VillaSound Bilbaoren paraleloan, Gipuzkoan, Kutxa Kultur musika egonaldia egiten da urtero eta bertatik sortutako abesti bat ekarri digu bilbotarrak. «Blanquita Carraquela, Asier Beramendiren proiektua, eta Sara Azurza elkartu eta kantu hau sortu dute. Mugan taldeko eta Martin de Marteko kideak ere izan dira eta denek ere Kutxa Kultur egonaldia egiteko aukera izan dute. Hala, interesgarria da nola proiektu desberdinen arteko elkarlanak sortzen diren hauetan», azpimarratu du Bárbarak.

Bukatzeko, Urtzi Izaren proiektu pertsonala ekarri du ‘Zarata’ tartera: «Teknikari bezala eta estudioan lan pila bat egiten ari da Urtzi Iza, baina tarteka bere proiekturako denbora ateratzen du. Otoi deitzen da eta oso soinu pertsonala duela esan dezakegu. Oraingo honetan, Haxotz taldeko Jokin Erkorekarekin egin du kolaborazioa eta kantu benetan interesgarria kaleratu du, hirugarrena».

Hauek izan dira, hartara, aste honetan ekarri dizkigun lau abestiak:

– Blanquita Carraquela ft. Sara Azurza - Nekez Baino 

– Mirua - Egunak Uzten Ez Didanetan

– Laguna Goons - 4 perros locos

– Otoi - Tophus