Zuzenean

Sirena hotsak hezur-haragizko bihurtzen ditu Mirua taldeak

Izen bereko lehen EPa kaleratu berri du Mirua hirukote tolosarrak. Musika tradizio handiko etxeetan sortuak dira eta ez diote ukorik egiten tradizio hori, baina, abiapuntu horretatik hasita, abangoardiako proposamen bat aurkeztu dute.

Audio_placeholder

Sirena hotsak hezur-haragizko bihurtzen ditu Mirua taldeak

Loading player...
Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio dira MIrua osatzen dutenak.
Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ eta Mattin Zeberio dira MIrua osatzen dutenak. (MIRUA)

Logeletan sortutako proiektuak askotan aipatu izan dira, baina logelatik logelara sortutakorik ez dakit ba ote zen harik eta Mirua sortu zen arte. Maitane Iruiñ eta Malentxo Zeberio beren musika kontuak egiten aritzen ziren bigarrenaren etxeko logelan, baina etxe hori musikak bizi du, eta ondoko gelako Mattin Zeberio batu zitzaien gerora. «Martzianokeria batzuk egiten zituela iruditzen zitzaigun guri Mattinek, baina orain ulertu egiten ditugu eta horrela sortzen da Mirua», aipatu digu Iruiñek.

Dozena erdi abesti dituen EPa kaleratu dute Durangoko Azoka honetarako, baina denbora luzez ari ziren guztia egosten, su txikian egindako diskoa da kaleratu dutena. «Maketa lehiaketara aurkeztu ginen eta horrek ateak ireki zizkigun, baina dena lasai-lasai joan gara garatzen. Gainera, gure proiektua diziplina-anitzeko zerbait bezala ulertzen dugu eta guztiari jartzen diogu arreta berezia». Izan ere, musika ekoizpenaz gainera, beren bideoklipak ere zuzentzen dituzte Miruakoek. 

Kantautore mundutik hasi eta drilla, elektronikan ezagunagoak diren erritmoak edota bossa nova bezalako musikaren ukituak dituzte, baina guztia oso modu finean landuta. Zeberiotarrak eta tolosarrak izaki, harizko instrumentuen presentzia nabaria da, baina 808arekin, sintetizadoreekin edota gitarra elektrikoarekin uztartzen jakin dute. Armonietan eta koroetan mimo berezia jarrita dagoela nabaritzen da Miruaren estreinako lanean. Sirena hotsak hezur-haragizko bihurtzen ditu hirukoak. Eragin ugari dituzte, eta horiek ‘Beste bat’ saioetan erakutsi zizkiguten azaroan.

Ahotsenean aurkezpena eginda, tartean ‘Lili bat’ kantuaren moldaketarekin, gainera, martxotik aurrera hasiko dira zuzenekoetan buru-belarri, Malentxo berriz ere Euskal Herrira itzultzean. Abangoardian kokatu daitekeen proiektu horietakoa da, beraz, Mirua hiruko tolosarrarena, edonoren belarrien gozagarri.

Jaurlaritza Logoa