‘Zarata‘ tartearekin itzuli da Iker Bárbara ‘espeleologoa’ NAIZ Irratira
Iker Bárbarak, Zarata Mondosonoro aldizkariko zuzendariak, astero kantuz betetako tartea ekarriko du MusikHaria saiora, beste denboraldi batez. Lurpeko bidaia musikala egingo dugu asteartero kazetari bilbotarraren eskutik.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Badirudi guztia martxan jartzen ari dela eta gauza asko ari direla kaleratzen azkenaldian euskal musikariak. Hala, aurreko astetik hona erreferentzia pila bat sortu dira gurean. Horietatik lau ekarri dizkigu Iker Bárbarak.
Chalwa Band taldeak disko batekin emango dio bukaera beren ibilbideari 15 urteren ostean. «Urteak aurrera doaz eta bakoitzaren bizitzetan lanak, familiak eta gainerako kontuek izaten dute eragina. Hartara, jende askok osatzen du taldea eta guztia uztartzea zaila izaten denez, honaino iritsi da Uribe Kostako reggae taldea», kontatu digu Iker Bárbarak.
Bigarren erreferentzia Nafarroatik ekarri digu Bárbarak. ‘Un nuevo día’ izeneko diskoa kaleratu du Exnovios taldeak, psikodelia-pop estiloan. Hiru aurrerapen abesti aurkeztu dituzte eta beste bat ekarri digu bilbotarrak, ‘Jambo’ deituirkoa: «Iruñean bada ‘Los jambos’ deitzen den taldea eta Exnovios taldekoren bat bada haien artean, hortaz, pentsatzen dut ‘jambo’ hitza haien ahotan asko ibiltzen dela». Laster izango da Zarata Mondosonoron haiei egindako elkarrizketa irakurtzeko moduan.
«2018an beren burua aurkeztu zutenetik aurreikusi zitekeen Cecilia Payne sekulako taldea izango zela eta 2020an, beren lehen lan luzearekin, bete zuten esperotako hori. Rockein lehiaketako saria irabazi zuten eta El Tigre estudioan EPa, ‘Pink Town’, grabatzeko aukera izan dute eta ‘Mirror’ kantuaren bideoklipa kaleratu dute horrekin batera», Iker Bárbarak kontatu digunez.
Azken abestia Mungiako Lukiek taldearen kantu berriena izan da, ‘SnK’. «Hurrengo diskoaren aurrerapen kantua da eta Atico Stereo zigiluarekin grabatu dute. Zigilu berri bat sortu da rock alternatiboaren bueltan eta albiste pozgarria da hori ezbairik gabe», nabarmendu du kazetari bilbotarrak. Honakoa da, beraz, aste honetarako osatu duen zerrenda:
– Chalwa Band - Get burned
– Exnovios - Jambos
– Cecilia Payne - Mirror
– Lukiek - SnK
Aurreko astean ere izan genuen ‘Zarata’ tartea eta orduan lau hauek aukeratu zituen Iker Bárbarak:
– Bakelite - Zain
– Capsula - Behind The Trees
– Nuevo Catecismo Católico - Krazy Kids
– Onki Xin - Extra Ball