En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Post-rocka, dub musika eta ‘beef’ bat azken ‘Zarata’ tartean

Astelehenero moduan hutsik egin gabe etorri da MusikHaria saiora Iker Bárbara Zarata Mondosonoro aldizkariko arduraduna. Denetariko doinuak ekarri dizkigu beste behin, baina azkeneko honetan saltsarako tartea ere zabaldu du kazetari bilbotarrak.

Audio_placeholder

Post-rocka, dub musika eta ‘beef’ bat azken ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Iruñeko periferia auzoetako lagunen elkarketa batetik sortu zen Chill Mafia.
Iruñeko periferia auzoetako lagunen elkarketa batetik sortu zen Chill Mafia.

Orioko Giranice taldearekin ireki du MusikHaria saioko aste honetako ‘Zarata’ tartea Iker Bárbara kazetari bilbotarrak. Hamarkada bat baino gehiago daraman taldea da eta, sei urteko isilunearen ostean, zuzeneko bat grabatu dute Andoaingo Garate estudioan Eñaut Gaztañaga teknikariarekin. ‘Istmo’ kantuarekin etorri dira eta uztailean etorriko da hurrengoa. Zuzeneko esentzia diskora eta bideoklipetara eraman nahi izan dute Giranicekoek grabatu dituzten lau abestietan. «Ahaztuta neukan talde hau eta pena bat da, izan ere oso interesgarria zen egiten ari zirena, baina bakoitzak bere bizitza du eta horrek ere eragiten du, jakina», esan digu Bárbarak.

Madeleine ere post-rockaren bueltan kokatzen den taldea dela esan dezakegu, nahiz eta, Giranicek ez bezala, hauek abestu egiten duten. «Taldekideei buruz hitz egin izan dugu, Gartxot Unsaini edota Jagoba Salvadorri buruz. ‘Gure etxea’ kantua musika talde baten ibilbideari buruzko metafora dela esan dezakegu», aipatu digu kazetari bilbotarrak. Hauek pandemia hasi aurreko uneak Wuhanen pasa zituzten eta Bárbarak esan diguna garrantzitsua da: «Eskerrak pasarte bitxi moduan geratu den, izan ere asko eta asko pandemiaren hasiera hartan zegoen tokian harrapatuta geratu ziren eta hauek zortea izan zuten». Hamarkada bat baino gehiago daraman talde donostiarra, 2009tik elkarrekin dagoena, horixe da Madeleine.

Iseo & Dodosoundek Donostiako Kursaalen emandako kontzertu bikoitzaren aurretik etorri zen ‘Arigato’ abesti berria. «Diskoaren outroa, azken abestia izango dela uste dut. Hizkuntza desberdin askotan egindako kantua da eta ospakizun moduan agertu da. Iseok gainera dantza egitera gonbidatzen gaitu beti eta oraingoan ere lortu dute. Eskerrak eman nahi izan dituzte munduko txoko desberdinetan egoteko aukera izan dutelako», kontatu digu Iker Bárbarak. Iseo & Dodosound bikoak, gainera, badu beste musika estiloak entzuten dituztenengana iristeko ahalmena eta baita estilo asko bere egitekoa ere, abestian aipatzen duen moduan.

Azken abestia «zerbait historikoa» izan daitekeela esan digu Iker Bárbarak: «Euskal Herriko eszenen ‘beef’ bat sortzea, ez da orain arte modu serioan gertatu den zerbait. Zer den ‘beef’ bat? Rap eta hip-hop munduan eman izan den zerbait da, artista batek beste baten kontra egiteko sortzen duen abestia. Ezagunenetako bat Kase. O-k Metro-ri 1998an egindako ‘Mierda’ izeneko abestia da». Orain arte erdi-txantxetan egin dira ‘beef’ batzuk, Arrano Pertxa eta Raperuren artean, Gorpuzkingz taldearen ‘Euskal Okhela’ eta halako gauzak. Oraingo honetan ordea zer? Deepsodarekin sartzen dira eta egun ez dago martxan, ekoizle bezala Chickjuarez izan dutela aipatzen dute, ZETAK taldearekin ere sartzen dira eta bi taldeak Oso Polita zigiluarekin daude, Kai Nakai eta Duplaren aipamena… «Ez dakigu ziur serio edo txantxetan egin duten, baina saltsa sortu dute dagoeneko», bukatu du Bárbarak.

Hauek aste honetako abestiak:

– Giranice - Istmo

– Madeleine - Gure etxea

– Iseo & Dodosound - Arigato

– Chill Mafia - Bedeinkatua

Jaurlaritza Logoa