«Kalte handienak murrizteko, ahalik eta pertsona gehien txertatzea litzateke onena»
Koldo Garcia biologo konputazionala da eta pandemiaren bilakaera honetan, talde immunitate hitza gaizki erabili dela adierazi du 'Dena Irailerako' saioan. Horrenbeste kriminalizatu diren gazteek ere lan azpimarragarria egin dutela gogorarazi nahi izan du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
'Dena Irailerako' saioarekin bat egin du astearte honetan Koldo Garcia biologo konputazionalak Tessa Andonegik bideratutako elkarrizketan. Koronabirusaren pandemia eguneroko gai bat bihurtu zuen duela urte eta erdi gutxi gorabehera, baina profesional baten ahotik entzundako hitzek, beste modu batera zabaltzen dizkigute begiak. «Egungo egoerak arnasa hartzeko aukera eman digu», hala gaineratu du eskainitako elkarrizketan, baina beste zenbait agintari edota erakundek dioten modura, ez dugu erlaxatu behar oraindik.
Bere zeregina gertuagotik ezagutu nahi izan dugu ordea hasteko eta behin, hain zuzen ere; zer da biologo konputazionala izatea? Garciak kontatu digunaren arabera, ez du ohiko biologo baten antzera, animalia edota zuhaitzen inguruko galderei erantzuten, ordenagailuaren aurrean baitu profesioak bere egunerokotasuna. Lanketa ezberdinak burutzen dituzte biologoek, badirelako hauetako beste batzuk pandemia osoan zehar, horren beharrezko ditugun osasun langileen artean ere. Zientzialari hauek, milaka eta milaka datu prozesatzeko nahiz interpretatzeko lana hartu zuten egoera guzti honen hasieratik eta egunerokotasunean, gelditu ere egin gabe jarraitzen dute. Moduren batera edo bestera beraz esan genezake, Covid-19aren pandemia gure artera iritsi zenetik, begirada zein esperantza guztiak, beraiengan jarri genituela.
Telebista, irrati, egunkari, sare-sozial eta beste zenbait komunikazio iturritan, datu andana entzuten ditugu pandemiaren bilakaeraz jakitun izateko. Egungo datuen inguruko beste ikuspegi bat zehaztu digu 'Dena Irailerako' saioan Koldo Garciak, egungo datuei erreparatuz, nola erantzun beharko genukeen jakin ahal izateko. Atzera begira jartzea ere garrantzitsua delakoan gaude, modu horretara Garciak adierazi digu «hasiera batean txertaketa bidezko talde babesa lortzeko ehunekotik gertu geundenean, epidemiologoek esaten zuten ehuneko hori zehaztea ez zela horren erraza». Hori ikusita, garbi du biologo konputazionalak «baldintza gehiago eman behar direla kutsatzeak gutxitzeko».
Talde immunitatearen gaiari helduta berriz, hitz hori bera gaizki erabili dela gaineratu du Andonegik eginiko elkarrizketan. Haren ordez, kalte handienak murrizteko ahalik eta pertsona gehien txertatzea litzatekeela onena dio Garciak. «Pandemiaren kudeaketa aurrera eraman duten administraziokoei gainera, inprobisazio etengabea aurpegiratu zaie behin baino gehiagotan», hala azpimarratu du gonbidatuak. Ordena publikoko edo orain arteko legeak oinarri har zitzakeen egoeratzat hartu dute beraz pandemia, politikari guztiek? Kontrakoa dio biologoak.
Ez da egoera batere erraza izan guztiontzat, ezta biologoentzat ere, «ziurgabetasunik gabeko garaietan ziurtasunez jokatu genuela esan behar dugu». Politikariei erreparatzerakoan berriz, «zientzia ez dutela ulertu behar den moduan» dio Garciak, esate baterako EAEko LABI politikoan ez dago zientzialaririk eta LABI teknikoan daudenak ez dira guztiz independenteak. Herritarrei dagokienean berriz, oso arduratsu jokatu dugula iritzi du Garciak, eta esandakoa ahal bezain ondo bete dugula. Horren adierazle izan direla txertaketa-kanpainak. Hainbeste kriminalizatu diren gazteek ere, lan azpimarragarria egin dutela gaineratu du pandemia osoan zehar, eta haien txertaketa oso azkarra izan dela.