‘Red light stories’ diskoan rockaren esentzia guztia jaso du John Dealer & The Coconuts taldeak
Legazpin osatutako laukotea da John Dealer & The Coconuts taldea: Iñigo Caballero (gitarra-jotzailea) eta Andoni Dominguez (baxu-jotzailea), eta MusikHaria saioan izan diren Iñaki Goikoetxea (bateria-jotzailea) eta Noel Calvo (abeslari eta gitarra-jotzailea). Bost urtean hirugarren lana atera dute.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Lanetik atera berritan, buzoa soinean dutela etorri dira MusikHaria saioan jarrita genuen hitzordura John Dealer & The Coconuts taldekoak. ‘Say no’ diskoko kantuaren mezuak hartara zentzu bikoitza hartzen du, langilearen rol horretan agertu diren une beretik. «Bakoitzak bere iraultza egin dezala» aldarrikatzen dute, «ez besteek esaten dutelako eta inposizio moduan hartu daitekeen hori». Legazpiko taldeak ‘Red Light Stories’ izeneko diskoa kaleratu berri du.
Baxua, bi gitarra eta bateriaz gainera, Freddy Pelaez teknikari lanetan eta ekoizle lanetan aritu dela baliatuz, hammond teklatua ere gehitu dute diskoan, Pelaezek berak jota. Haien estetikarekin bat egiten duen soinua da hammondarena, izan ere 60-70 hamarkadako instrumentua da eta beren jantziteriak ere halakoak dira. Dena dela, esan digutenez, «elegante» janzten badira ere «basatiak» direla erakusten dute zuzenekoetan. Estetika ordea batetik rockeroa da diseinuari edota janzkerari dagokionez baina taldearen logotipoak punk mundura eramaten gaitu. Gainera, Branka estudioak logoa mantendu die: «Libre ziren eta nahi zutena egiteko aukera eman genien estudiokoei, baina haiek esan ziguten logoak indarra eta nortasun propioa zuela eta horri esker mantendu dugu», kontatu digute taldekideek.
Hainbat kantutan ere punkaren eragina dute nabarmen, Eskorbuto, Cicatriz, Parabellum bezalako taldeak entzun dituztelako gaztaroan. «Esentzia hori hor geratzen da nahiz eta gerora beste musika mota bat entzun izan dugun eta kantuak orokorrean rockeroak diren», azaldu digute Noel Calvok eta Iñaki Goikoetxeak. ‘Someone split the beer on my head’ kantuan taberna batean gertatzen den pasarte bat kontatzen digute legazpiarrek. Benetan pasatakoa ote den galdetuta, baietz esan digute: «Kantuaren izena eta leloa neska koadrila batek eman zigun, haiei benetan gertatutako istorio batean oinarrituta dagoelako guztia. Hau da, zerbeza hori burutik behera erori zitzaion norbaiti. Guk gero istorio hori pixka bat zabaldu eta epikoago bihurtu dugu kanturako, baina halako zerbait askori pasa zaio eta ziur pasako zaiola. Horregatik ditu doinu punkiagoak kantu honek, istorioak hala eskatzen duelako», kontatu digute musikariek.
Azkena Rock jaialdian jotzeko aukera ematen duen Rock Party lehiaketan ere hartu zuten parte eta aurretik aipatu dugun kantuaren istorioa bertan gerta zitekeen. «Gure lehen lehiaketa izan zen eta herritarrez betetako autobusa joan zen Gasteizko kontzertura», kontatu digute. 600 taldetik gora izan ziren parte hartzen eta berek zonaldeko finala jokatu zuten, beste bi talderekin batera. «Gasteizen izan zen final hura lehen COVID-19 kasuak agertu berritan eman genuen eta beldurra zen nagusi bertan. Kontzertu zelebrea izan zen alde horretatik, baina oso pozik geratu ginen nahiz eta ez irabazi. Dena dela, bertan behera geratu zen lehiaketa eta inork ez du Azkena Rock jaialdian jotzeko aukerarik izan. Esan dezakeguna da zutik eman diren kontzertuetan azkenekotakoa, azkena ez bada, guk emandako hura izan zela», azaldu dute John Dealer & The Coconuts taldeko kideek.
Mimoz landutako soinua
Diskoaren nahasketan lana hartu dutela nabari da, soinua estereoaz baliatuta sartu dutela nabarmentzeko. Gitarra bat alde batean jarrita dago eta bestea bestean, esaterako. «Fredik horrela egiten du lan eta soinua bilatzen pasatzen dugu denbora gehien. Kantu bakoitzerako gitarra, anplifikadore eta gainerakoen soinua bilatzen dugu lehendabizi eta gero salan lortzen den soinua da diskoan dagoena. Lagunen gitarrak, gureak, denetarik eramaten dugu estudiora eta Fredik esaten digu normalean zer bai eta zer ez. Ekoizle lanak egiten dizkigu, taldea eta Fredi bat eginda gaudelako. Behin ondo grabatuta, gainera, ez da ia postprodukziorik egiten. Bolumenak ukitu pixka bat eta kito, masterizazioa ere Fredi Pelaezek berak egiten du gainera. Estereoarena ere bitxia bada, baina emaitza polita delakoan gaude. Hori bai, taberna batzuetan edota gure lokalean ere pasa izan zaigu horren ondorioz gitarraren bat edo entzun ez izana bozgorailuak matxuratuta daudelako.
‘Queens don't fall in love’, ‘Bukatu da’, ‘Tell me why’ eta ‘Never giving up’ kantuek halako istorio bat irudikatzen duten arren, kantu bakoitzak berea kontatzen duela aipatu digute musikari legazpiarrek. Maitasun istorio korapilatsurik ez, beraz, hitzen atzean. ‘Red Light Stories’ diskoaren izenburua, berriz, ‘Queens don't fall in love’ kantuan aurkezten dute nolabait ere. Izan ere rock&rollaren leloa izan den hori entzun daiteke: sexua, drogak eta rocka, alegia. Hori bai, «argi gorrien kontua, bakoitzak bere irudimenaren esku» utzi dute John Dealer & The Coconuts taldekoek. ‘Rock city’ kantuan ere iruditeria bera mantentzen da, gainera. Kantu horrek, ordea, badu berezitasunik eta bateriaren erritmoak desberdinak dira, disko guztiko jostarienak. Iñaki Goikoetxea bateria-jotzaileak azaldu digunez, «musika estilo honetan gitarrek edota baxuak beren jolasak egin ditzakete, baina bateriak normalean patroi batzuk jarraitu behar izaten ditu eta kantu honetan jolas egiteko lizentzia» hartu zuen.
Igone Zarate abeslari gasteiztarrak ere parte hartu du diskoan eta kasualitatez sortu zen elkarlana. Bi euskarazko kantuetan eta beste zenbait lelotan ere entzun daiteke haren ahotsa. «Ezagun batek esan zigun Igonek abesten zuela, txukun egiten zuela eta gure jarraitzailea-edo zela. Hori jakin genuenean, lagun horri aipatu genion neska baten ahotsa sartu nahian ginela disko berrian eta whatsapp bidez harremana egin genuen Igonerekin. Berez ‘Ez gara ezer’ kantua baino ez zuen grabatu behar, baina zuen ahotsa entzunda eta duen erraztasuna ikusita, abesti gehiagotan ere parte hartu du azkenean. Gasteiztarra da bera, piano-jotzailea berez, eta orain arte etxean abesten duen artista horietako bat dela esan dezakegu. Estudioan ezagutu genuen elkar, lehenago ez ginen sekulan ere aurrez-aurre egon eta emaitzarekin oso pozik gaude. Eta, dakigunagatik, ba omen dabil proiekturen bat egosten», aurreratu digute legazpiarrek. Pista jarraitzeko moduko ahotsa, ezbairik gabe.
Noel Calvoren ahotsa ere desberdin entzun daiteke hizkuntza batean edo bestean abesten duenean. Diskoan ingelesa eta euskara erabiltzen baitituzte. Abestien sonoritateari garrantzia ematen diote eta ingelesez naturalago ateratzen zaizkio kantuen hitzak Calvori: «Rockaren hizkuntza ingelesa izan da orokorrean eta hartara idazten dudan horrek soinu aldetik belarrira ongi ematen dit ia-ia lehenengoan. Euskaraz, ordea, gehiago zaindu behar izan ditut hitzak eta gehixeago kosta zait haiek idaztea. Baina euskaldunak gara eta euskarari tokia egin nahi genion diskoan», aipatu digu taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.
‘Red Light Stories’ diskoa lortzeko Legazpira hurbilduta eskura saltzen dute John Dealer & The Coconuts taldekoek, baina, bestela, sare sozialen bidez harremanetan jarrita, bidalketa gastuak beren kontu hartuta helarazten dute. Hiru disko atera dituzte bost urtetan eta dagoeneko estudioan data hartuta dute uztailerako, hiruzpalau kantu berri prest dituztelako grabatzeko. Baina horrela jarraitzen badute, kontzerturik eman gabe eta oporrik egin ezinda, ez dute baztertzen kantu gehiago sortu eta prestatzea. Taberna txikitan jotzera ohitutako taldea dira, musikaz gozatzen duen taldea. Lanetik irten eta hortik kanpora bizipoza ematen dien iturria da haientzat musika.
Kontzerturik ezin emanda dabiltza aipatutako lokal txikietan ia ezinezkoa delako ezer antolatzea. «Talde handiak edota aretoak betetzen dituztenak baino ez dira kontzertuak ematen ari. Lehen esaten genuen eseritako kontzerturik ez genuela emango, baina dagoeneko nazkatu gara eta jo egin nahi dugu. Dena dela, udalen partetik eta abar ez digute batere erraztasunik ematen. Horrez gainera, profesional izatearen kontua dago eta hori ere muga bezala jartzen ari zaizkigu, zeren, jakina, gu langileak gara eta kontu horrek ere zuzenean eragiten digu. Ez dugu musikatik jaten eta alta eman behar horrek beste ondorioak ekar ditzake. Dena dela, maiatza alderako data bat badugu eta ea ixtea lortzen dugun», bukatu dute legazpiarrek. Bitartean, bakoitzak bere istorioak egin ditzala ‘Red light stories’ entzuten.