En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

50 urte beteta ‘Bosgarren solairutik’ diskoa aurkeztu du Iker Laurobak

Lau urtetan lau urtarori buruzko disko bana kaleratu eta proiektu hura Victoria Eugenia antzokian agurtu ostean, lan berri batekin dator Iker Lauroba donostiarra. Ahotsa eta instrumentu sorta luzea jo ditu diskoan, orotara 10 abesti grabatzeko. MusikHaria saioan izan da ospakizun diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

50 urte beteta ‘Bosgarren solairutik’ diskoa aurkeztu du Iker Laurobak

Loading player...
50 urte bete dituen egunean kaleratu du bere lanik berriena Iker Laurobak.
50 urte bete dituen egunean kaleratu du bere lanik berriena Iker Laurobak. (Iratxe ETXEANDIA)

David Gorospe bateria-jotzailea lagun, mimoz landutako hamar kantu kaleratu ditu Iker Lauroba musikari donostiarrak. «Gitarra-jotzaileek goxatzeko moduko diskoa» dela kontatu digu MusikHaria saioan. Leire Ugadiren hitzak baliatu ditu abestiren batean edo bestean eta Olaia Inziarte, Arkaitz Miner eta Maria Antunez ere kolaboratzaileen zerrendan daude. 

Bi kanturen berrinterpretazioak diren ‘Negua II’ eta ‘Kaleidoskopio II’ daude abestien artean, aurretik ere kaleratuta zituen kantuak baina gaur egungo bere unibertsora ekarriak. Diskoak ‘Bosgarren solairutik’ du izena, berrogeita hamar urte betetzen dituen honetan, urtebetetze egunean bertan, urriaren 12an, kaleratutako lanak. Luis Eduardo Auteren ‘Al alba’ kantuaren moldaketa ere gordetzen du diskoak, 2020aren bueltan Jon Martinek euskarara ekarri eta Laurobak musikatua ‘Ilunabarrak’ izenburuarekin.

Gitarrek hitz egiten digute kantuz kantu, armonietan edota kantu-kontrakantu jolasetan mimo eta atentzio berezia jarri baitie musikari donostiarrak. Adinaren kontuak aipatzen dizkigu, berriz, hainbat hitzetan, horiek ere badutelako zeresanik hor. MusikHaria saioan izan da xehetasun guztiak kontatzen Iker Lauroba.

Jaurlaritza Logoa