Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Pop goxo, argitsu eta dantzagarria ekarri du Sara Azurzak ‘Hiri ilunen umeak’ disko berrian

Bigarren lan luzea kaleratu du bi urteren buruan Sara Azurza (Donostia, 1997) musikari eta abeslariak. ‘Hiri ilunen umeak’ izeneko diskoan zortzi abesti topatuko ditugu, Jon Agirrezabalagarekin batera ekoitzi eta landutakoak. MusikHaria saioan izan da Azurza diskoaren gaineko xehetasunak kontatzeko.

Audio_placeholder

Pop goxo, argitsu eta dantzagarria ekarri du Sara Azurzak ‘Hiri ilunen umeak’ disko berrian

Loading player...
‘Hiri ilunen umeak’ bigarren diskoa da Sara Azurzaren ibilbidean.
‘Hiri ilunen umeak’ bigarren diskoa da Sara Azurzaren ibilbidean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Diskoaren izenburuari begiratuta, zerbait ilun eta dramatikoa topatu dezakegunaren itxura ematen badu ere, kontrara doan zerbait dela esan genezake Sara Azurzaren bigarren lan honetako abestiak entzun eta gero. Diskoari izena ematen dion abestitik abiatzen gara eta musika dantzagarriarekin egiten dugu topo lehen unetik; disco, r&b edota funk erritmo eta soinuak topatzen baititugu. Gitarra sotilak eta baxu indartsuak. Errepikan 2000etara eramaten gaitu nolabait ere, baina, aldi berean, Tame Impala edota Ghau bezalako proiektu musikalak ere etortzen zaizkigu burura.

‘Heriotzean’ hunkigarri batekin ematen dio segida diskoari, balada puru batekin. Ahots sorta itzela entzun daiteke abesti honetan, geruza asko eta kolore desberdina dutenak, nahiz eta guztiak Azurzak berak grabatu dituen. Galera baten aurrean, amonarena kasu honetan, idatzitako abestia den arren, badu argirik abestiak. 

Olaia Inziarteren kolaborazioa dakar ‘Begietan’ abestiak. Maitasunak sor dezakeen minaren inguruan hitz egiten duen kantuan ahotsaren trataerarekin izugarri jolastu dute estudioan Agirrezabalagak eta Azurzak. Orain lehor, orain oihartzun askorekin, distortsionatuta, efektu gehiagorekin… eta hori guztia bi ahots zinez indartsuren ekarpenarekin. Bideoklipa ere ikusteko modukoa, estetika oso zaindua baitu.

Harremanak eta dantza

‘Non gaude’ kantuan harreman baten mapa irudikatu du Azurzak. Harremana, bere horretan, bakoitzak bere lurraldera eraman dezan mapa propioa eraikitzeko. Gaua aipatzen da hirugarrenez diskoan, zerbait gautiarra baduelako lan honek, eta beste behin giro berri batetara eramaten gaitu musikak, dantzagarria den mundu batetara. Marimbak entzuten dira, gitarrak afrobeat mundukoak dira, dena tropikala eta perkusioan house musikaren zantzuak dituen elementuak jarrita. Oso udatiarra den abestia inondik ere.

‘Todas las cosas’ abestiarekin Daft Punken unibertsora eramaten gaitu Azurzak inondik inora ere, baina produkzio askoz ere sotilagoarekin, beti ere ahotsaren mesedetan. Kanpoko begirada gure burua ulertzeko batzuetan garrantzitsua dela aipatzen digu kantu honetan donostiarrak. ‘Zure behatz artean’ abestian, berriz, r&b argiago batetara bidaiatzen dugu eta Jokin Pinatxo, Janus Lester, Berako abeslariaren ekarpena du piezak. Distantziako harreman baten inguruan hitz egiten duen abestian, polifonia da nagusi, perkusioan kongak bezalako elementuak agertzen dira eta epikotasuna ere eman diote abestiaren azken zatian.

‘Bi muxu’ kantua berriz oso goxoa da, azukrezko horietakoa, eta dantza egitera bultzatzen gaituena ere bai. Ahotsak handitasuna hartzen du abesti honetan ezbairik gabe. Azken kantua, berriz, ‘Egin lo’, kaskoekin entzuteko horietako da. Soinu geruzek aurrera eta atzera egiten dute etengabean eta ekoizpena zinez berezi geratu zaie. 

Bideoklipen lanketa eta zuzenekoak

Nabarmentzeko moduko lana egin du ikus-entzunekoen atalean Sara Azurzak lan berri hau aurkezteko bidean. Hala, guztira lau bideoklip kaleratu ditu atera dituen zortzi kantuen artean.

Donostiako La Criptan aurkeztu zuen diskoa David Gorospe eta Iker Lauroba musikariek lagunduta, beno, eta beste hainbat kolaborazio ere egon ziren, hala nola, Gartxot Unsain edota Ianire Aranzaberenak. Gehiago ere etorriko dira, baina bitartean, uda giroko disko honetaz gozatzeko aukera badugu.

Jaurlaritza Logoa