En direct

CONTENU SPONSORISÉ

«Euskal kultura eta euskara munduan ezagutaraztea dugu helburu, asmo merkantilistarik gabe»

2010. urtetik nazioartean euskara eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzeko eta nazioarteko lankidetza sustatzeko egiten dute lan Etxepare Euskal Institutuan. Irene Larraza zuzendariak NAIZ irratian azaldu ditu Jaialdian sinatu dituzten lankidetza berriak.

Audio_placeholder

«Euskal kultura eta euskara munduan ezagutaraztea dugu helburu, asmo merkantilistarik gabe»

Loading player...
Euskal Etxepare Institutuko eta NABOko langileak, hitzarmena sinatu ostean.
Euskal Etxepare Institutuko eta NABOko langileak, hitzarmena sinatu ostean. (Irene Larraza)

Nazioartean euskara eta euskal kultura sustatzea da Etxepare Euskal Institutuko lan ardatzetako bat. Boiseko Jaialdian, nazioarteko lankidetzak sustatzeko abagunea probestu dute: Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk akordio historikoa sinatu dute AEBn euskararen irakaskuntza sustatzeko. Irene Larrazak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak lankidetza horiek NAIZ irratian azaldu ditu.

Institutuaren «misioa» euskal kultura eta euskara «munduaraztea» dela adierazi du, eta, era beran, argi utzi du ez dutela helburu «merkantilistarik». «Konexioak eta sareak egin behar ditugu, sareetan gure sortzaileak eta hizkuntza jarri», gehitu du. 

Larrazak NAIZ irratian Etxepare Euskal Institutuak eta NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteek  sinatu duten lankidetza-akordioa azaldu du: «Euskararen ezagutza mundu osoko euskal komunitateetan hedatzea eta belaunaldi berriei transmititzea du helburu». «Aurrerapauso handia» izan dela dio Larrazak, izan ere, lehenengo aldiz NABOk euskararen irakaskuntzarako konpromisoa hartu du.

Halaber, Boiseko State Unibertsitatearekin lankidetzan eskaintzen duten Eloise Garmendia Katedra berritu dute, beste lau urterako. Euskal gaiak ikertzeko «aitzindaria» izango den deialdia ere aurkeztu du Larrazak: «Edozein ikertzailek dirulaguntza eskatu ahalko du baldin eta bere ikerlana euskal gaien inguruko bada». Boiseko State Unibertsitatea «munduan programa hau duen lehendabiziko unibertsitatea» izango da, eta programa «zabaltzeko eta hedatzeko» asmoa dutela adierazi du.

Kirol gaua Idaho Central Arenan

Boiseko kirol gune handienean hockey partiduak jokatzen ohi dituzte; Idaho Steelheads hockey taldearen etxea da astebururo. Hala ere, herri kirolak izan dira protagonista azken egunotan. 6.000 pertsona inguru bildu dira Idahoko Central Arenan euskal aizkolariak edo harri jasotzaileak ikusteko. Txingaren proba eta lasto jaurtiketa ikusteko ere aukera izan dute bertaratutakoek. 

Aizkolariak, Iker Vicentek, Karmele Gisasolak eta Nerea Arrutik NAIZ irratian egon dira kirol gaua aurretik. «Urduri» eta «gogotsu» zeuden; ostera «itzela» izan zela adierazi dute. «Antolakuntza aldetik oso elegantea izan da, bertan bizitzea ohore handia izan da», adierazi du Vicentek. Arrutik, ildo beretik, «pila bat» disfrutatu du.

Bosgarren eguna

Larunbata izanik, ekitaldiz beterik dator bosgarren eguna. Goizeko 10etatik arratsaldeko 17ak bitarte dantzaldiak eta musika egongo dira Expo Idaho Centerren. Euskal Museoan Bizkaiako artzainak omenduko dituzte arratsaldeko 17etan. Bestalde, Olatz Saitua Iribar sopranoak Boiseko katedralean kantatuko du. Eta, 19:30ean Dantzaldia Idaho Arenan. Ondoren, Jaialdiak Basque Blocken jarraipena izango du.

 

Jaurlaritza Logoa