Zuzenean

Ameriketako Estatu Batuen erroldaren arabera, 57.000 pertsona baino gehiagok euskal jatorria zuten 2000. urtean. Beraz, gaur gaurkoz, kopuru hori handiagoa izango da. NAIZ Irratia horietako bostekin elkartu da, eta euskararekiko atxikimendua errepikatu da guztietan.
Mikaela Goikoetxearen eta Maddalen Bieterren arbasoak euskal jatorrikoak ziren. Goikoetxeak Wyoming du jaioterria, bere aita, ordea, Gorritikoa da, eta «txikitatik» euskara entzun duela azaldu du. Bi urtez Euskal Herrian eman ondoren, Nabo Euskara taldeko koordinatzailea da. Maddalen Bieter Boisen (Idaho) jaio zen, baina ama Errenteriakoa du. Aitaren familia, bestalde, Larrabetzu eta Lekeitiokoa da. Goikoetxea eta Bieter Nabo Euskararen koordinatzaileak dira, eta mintzodromoa antolatu dute Jaialdian: «Boiseko lehen mintzodromoa da, eta jendetza etorri da».
Mateo Franzoiak ere euskal arbasoak ditu. Bera Elkon (Nevada) jaioa da, eta amak etxean euskara egiten zuela gogoratu du. Oinordetza hori jasota, Euskal Herrira bidaia egin zuen euskara ikasteko: «Markinan bizkaieraz ikasi nuen». Boiseko Anduiza frontoiaren arduraduna da, eta pilotari esker Idahoko jende andana euskal kulturara hurbildu dela azpimarratu du.
Nic Smithek (California) eta Justin Greenek (Oregon), ordea, ez dute euskal arbasorik. Hala ere, Smith aditua da euskal kulturan, eta Boiseko State Unibertsitatean bere ikerketa lana aurkeztu du. Greenek «komunitate baten bila» ari zenean euskararekin topo egin zuen, eta euskal komunitateari oso eskertuta dagoela adierazi du.
«Euskarak batzen gaitu»
Nabo Euskara taldeak Boisen dauden euskaldun orori goxo aritzeko unea eskaini die mintzodromoan. Gerturatu den horietako bat Sofia Antxia izan da. Sofia euskara ikasten ari da, bere arbasoak euskaldunak zirelako. Dallasetik (Texas) Boisera bidaia egin du, Jaialdiaz gozatzeko. Bere aitonak, Julio Antxiak, Dania Beach Jai-Alain urte luzez jokatu zuen; eta gero, bere aitak, Rafael Antxiak, lekukoa hartu zion. Gazteak Markinara joatea bereziki atsegin duela aitortu du, «briskan eta musean jokatzeko». Euskal jatorriaz «oso harro» dagoela gehitu du.
Anita Anacabek ere mintzodromoan parte hartu du, Elkotik (Nevada) iritsi dela. «Euskal Herriko eta Boiseko lagunak ikustera» gerturatu da Boisera, eta, bide batez, mintzodromoan izena eman du, «euskaldun gehiago ezagutzeko». Izan ere, jaioterri ezberdina izan arren, euskara da euskaldun egiten gaituena: «Euskarak batzen gaitu».
Laugarren eguna
Bi ekitaldi daude nabarmentzeko Jaialdiaren laugarren egunean: alde batetik, harrera egingo zaie Eusko Jaurlaritzako ordezkariei Boise Centerren; eta, bestalde, Festara ekitaldia izanen da arratsaldean, Idaho Central Arenan. Horietaz gain, esku pilota eta pala partidak zein musika kontzertuak eta dantzak uneoro izango dira Basque Blocken.




