Zuzenean

Basque Block inguruaz gain, beste arnasgune bat du euskal diasporak egun hauetan Boisen. Izan ere, Boiseko State Unibertsitatean euskal diaspora gertutik ezagutzeko bi eguneko topaketak antolatu dituzte. ‘Zortziak bat’ nazioarteko sinposioa da, euskal kulturaren eta diasporaren agertokia, eta Ziortza Gandarias zuzendariak NAIZ irratian azaldu duenez, «euskal gaiak babestu eta lankidetza bultzatzea du helburu».
Ekintza akademiko, kultural eta artistikoak gauzatu dituzte diasporaren gaian adituak direnekin. Euskal diasporan «oso gertu» sentitzen baita «herria», eta hori erakutsi nahi dute euskal astean. Halaber, euskal asteak «harreman transnazionalak» estutzeko asmoa duela adierazi du Gandariasek, «unibertsitateen artekoa bereziki», zehaztu du.
Gandariasekin batera, John Bieter, Jon Ysursa eta Meggan Laxalt aritu dira, eta euskal diaspora ezagutarazteko gogoa ipar lan egin dute. Nazioarteko sinposioaren barruan mintzodromoa antolatu dute, «euskarak bere lekua izan dezan». Erakustaldi eta hitzaldi ezberdinek ere lekua izan dute euskal astean.
Horietako bat Iñaki Arrietak eskaini duen hitzaldia izan da, Lertxun-marrak ikerlanean oinarriturikoa. Iñaki Arrieta Nevadako Unibertsitateko Jon Bilbao liburutegiaren zuzendaria da, eta NAIZ irratian egindako ikerketa aurkeztu du.
Euskal artzainek Ameriketako Estatu Batuetan utzi duten ondare materiala ikertu dute Nevadako Unibertsitateak, Boiseko Unibertsitateak eta Californiako Bakersfield Unibertsitateak lankidetzan. Proiektuak Lertxun-marrak du izena, eta artzainek zuhaitzetan utzitako marrazkiak eta idatziak ikertu dituzte. «Euskal komunitateak Ameriketan utzi duen ondarea dokumentatzea, gordetzea eta zabaltzea da helburua», zehaztu du.
Arrietak azaldu duenez, idatziek artzainen bizimodua islatzen dute: «Artzainen barne bizitzaren zertzeladak dira». Lertxun-marrek beste artxibo bildumak baino informazio gehiago eskaintzen dute barne bizitza hori ulertzeko, ikertzailearen esanetan.
Zuhaitzetan, gehienbat, idatziak ageri dira; Arrietak nabarmendu du Lertxun-marrarik ohikoena leku baten izena dela, datarekin batera. Egutegi-zuhaitzetan, non data ezberdinak kateaturik ageri diren, emozioak ikus daitezke: «Denboraren joan-etorria eta bakardadea islatzen dira mota horretako Lertxun-marretan». Ikerlariak artzainen arteko «txantxak» ere dokumentatu dituztela nabarmendu du; Lertxun-marrak garaiko beefak ote ziren?
Hirugarren eguna
Boiseko State Unibertsitatean sinposioak bigarren egun izango du. Besteak beste, hitzaldia eskainiko dute Ander Elordui, Iñaki Gorizelaia eta Maialen Gorizelaia gazteek, euskal gazteriaren eta diasporaren arteko harremana mintzagai. Mintzodromoa eguerdiko 13:00etan hasiko da.
Jaialdiko egitaraua hizpide, kirol gaua izango da eguneko ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19etan hasita Idaho Arenan herri kirolak ikusteko aukera izango da. Beranduago, Basque Blocken dantzaldiak, gaueko 20ak aldera.




