En direct
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua abiatu eta hilabetera, ideiak egonkortu direnean, ekimenaren balantzea eskaini digu Patxi Juaristik NAIZ Irratian.
«Guztion ongizatea lortzeko eta lurralde kohesioa hobetzeko» akordioa erdietsi zutela kontatu du Juaristik, gizartea eraldatzeko kohesioan oinarriak edo palankak bilatzeko beharra ardatz hartuta.
Besteak beste, balio soziokomunitarioak izan zituzten hizpide; baita komunitatearen eraikuntza, herritarren parte hartzea edota hezkuntza kohesioa ere.
Kohesiorako elementu gisa, berriz, aipatu zituzten euskara, kultura, mugaz gaindiko lankidetza, ekonomia iraunkor eta soziala, eredu sozioekonomiko berri bat, berrikuntza teknologikoak, ingurunearen zaintza eta iraunkortasuna.
Euskal identitatea, elementu zentrala
Eusko Ikaskuntzaren ikerketaren bidean, euskal identitatea bera da elementu zentrala. Halaxe azaldu du Juaristik: «gure nortasunaren oinarri ezinbestekoa da».
Edonola ere, badira identitate hori ulertzeko modu desberdinak, euskara ikustekoak adina. Existitzen dira «euskaraz egiten dutenak, euskal kulturaren alde daudenak, identitate horren jabe direla diotenak...», eta badira, halaber, bestelako nortasun elementuak ere.
Baina desberdintasunak desberdintasun, Juaristirentzat ez dago zalantzarik euskal nortasuna bat eta bakarra dela, ikuspuntu desberdinekin, eta gai hori ere jorratzeko nahia dutela esan digu.
Denboran luzatzeko moduko lanketa
«Hiru egun izan dira, baina askoz lehenago hasi zen». Ia 1.000 pertsona bildu dira Kongresuak iraun duen hiru egun horietan, baina azken lau urteetan burututako egitasmoetara 1.500 gerturatu izan direla azpimarratu du.
Era berean, esan du Kongresua izan dela egindako lana erakusteko momentua, baina lan hori ez dela hiru egun horietan amaitzen: «orain proposamen eta gogoeta horiek sozializatu behar ditugu, gainerako eragileekin batera».
Hemendik aurrera bultzatzekoak diren jardueren artean, nabarmendu du txikienetik hasita (txangoak, esaterako), gerora politika zehatzagoak ere garatu asmo dutela, «elkarrekin egitasmoak aurrera ateratzeko». Horretarako, hezkuntzaren, kulturaren edo ekonomiaren bideak erabiliko dituzte.