En direct
«Udara honetan konfiantza eman zidaten eta maila ematen ari naiz»
Txapelketako puntistarik gazteena izateak ez du kikildu Eñaut Urreisti mutrikuarra. Winter Seriesen estreinakoz ari den honetan, Gorkarekin bikotea osatuz, Jai Alai Leagueko txapeldunak azpiratzea lortu zuten duela astebete, honela, finalerdietan hanka eta erdi sartuz.
«Udara honetan konfiantza eman zidaten eta maila ematen ari naiz»
Winter Series Txapelketako bikoterik gazteenak beteranoena hartu zuen mendean pasa den astean. Urreisti-Gorka bikoteak bi setetan hartu zituzten mendean Barandika eta Lopez aurreikuspen guztien kontra. Gauzak honela, zazpi punturekin multzoko liderrak dira, eta ia bideratuta dute finalerdietarako txartela. «Aurtengo edizioan gaztetasun asko dago, gogotsu sartu gara, eta beteranoak mendean hartu ditugu», azaldu du Urreistik NAIZ Irratian.
Estreinakoz ari da jokatzen mutrikuarra Winter Series Txapelketa, puntistarik gazteena delarik, eta «oso pozik» dagoela adierazi digu ematen ari den mailarekin. «Konfiantza eman zidaten, pixkanaka hobetzen joan naiz, eta maila ematen ari naiz», esan du.
Pronostiko guztien kontra, Barandika-Lopez bikotea garaitu zenuten. Txapelketa hasi aurretik nork esango zizuen, ezta?
Bai. Txapelketa hasieran denok esan genuen gure multzoan zegoela txapelketa irabazteko faboritoetako bat. Nik uste dut partida oso ona egin genuela eta irabaztea lortu genuela inork espero gabe.
Gehiago espero al zenuten aurkariengandik? Zuen meritua gehiago izan zela esango zenuke?
Nik uste dut baietz. Lopezek bere jokoa egin zuen, eta Barandikak agian ez zuen bere jokoa egin, guk anulatu genuelako. Asko sartu nintzen bere sakean; azkenean aurrelari baten klabe bat da sakea ondo ateratzea eta ez bazaizu ondo joaten, burua joaten zaizu. Hori askotan gertatzen da eta nik uste dut hortik etorri zela gero beste dena. Beraiek espero ez zuten jokoa egin genuen.
Txapelketako bikote gazteenak helduenari irabazi zion.
Txapelketa hasieran, aurkezpenean, esan genuen aurten gaztetasun handia zegoela. Gogo handiz sartu gara gazteok; niretzat, behintzat, lehen urtea da aurten, eta beteranoei irabaztea lortu genuen.
Astelehenean jokatuko duzue azken partida eta hanka eta erdi finalerdietan duzue.
Uste dut puntu dezente dauzkagula, baina hurrengo astean onena irabaztea izango da eta besteek zer egiten duten ez begiratzea.
Ladouche-Manzi bikoaren aurka lehiatuko zarete. Zer espero duzue?
Bikote arriskutsua da. Mikelekin hiruzpalau urte daramagu klubean elkarrekin jokatzen eta hori abantaila eta desabantaila da. Ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu zer egiten dugun ondo eta zer gaizki. Mikel azkenaldian oso ondo dabil, partida oso seguruak egiten, eta Ladouche aurrean oso fisikoa da. Joan den asteko partidaren antzekoa egin beharko dugu irabazteko.
Nola ikusten dituzu beste multzoko pilotariak?
Multzo horretan faborito argia ikusten dut: Aritz [Erkiaga]. Azken urteetan maila gorena erakusten duen pilotaria da, diferentziak markatzen dituena, eta lan asko eta ona egin behar da denbora guztian pilota kentzeko. Bestalde, Johan-Lekerika asko gustatzen zait. Uste dut oraindik gauza asko dutela esateko txapelketan.
Zuentzat finalerdian egotea saria izango litzateke, baina anbizioa ez da faltako; gehiago nahiko duzue, ezta?
Txapelketa hasieran gure helburua zen ondo jokatu eta finalerdietan egotea. Sailkapena lortzen badugu, gogorik ez zaigu faltako Gorkari eta bioi beste aurrerapauso bat emateko eta finalerako sailkatzeko.
Lehen aldiz ari zara Winter Series txapelketa jokatzen eta gazteena zara. Nola ikusten duzu zeure burua?
Uda honetan aukerak ematen hasi ziren Eraman enpresatik, konfiantza eman zidaten, eta uste dut gutxinaka-gutxinaka hobetzen joan naizela. Winter Series honetan maila ona erakusten ari naiz eta oso pozik nago horrekin.
Final-laurdenak amaitutakoan AEBetara jokatzera joango zara, Daniara. Hirugarren denboraldia egingo duzu bertan. Maiztasun handiagoarekin jokatzen duzue; beraz, zuentzat ere hori ona izango da erritmoa ez galtzeko.
Han, asteazkenetik igandera egunero jokatzen dugu, zazpi funtzio, asteazken eta larunbatetan funtzio bikoitza izaten da. Han asko ikasten da, egunero jokatuz, egunero bikote diferentearekin eta diferenteen aurka jokatuz, asko ikasten da; eta kiniela denez, asko ikasten da tantoa baloratzen.
Zein desberdintasun nabarmenduko zenituzke hangotik eta hemendik?
Handik, kinielak eta partidak. Hemen tanto bat galtzen duzu eta hurrengoaren bila zoaz. Baina han tantoa galtzen baduzu, joan behar zara berriro atzera eta zortzi bikote pasatzen dira zure aurretik. Bestalde, diferentzia dago sakeetan. Han oso inportanteak dira, han dena falta delako eta nahiko lan izaten da.
Eta gustura al zaude zu han?
Bai. Nire txikitako ametsa Amerikara joatea izan da eta aukera hori eman zidatenean, pozik. Han biltzen garen kuadrilla oso ona izaten da eta pozik nago bertan bizitzearekin.
Ziur aski finalerdiak jokatu beharko dituzula ikusita, lehenago bueltatu beharko al zara handik?
Sailkatuz gero, uste dut finalerdiak urtarrilean izango direla. Beraz, etorri beharko genuke jokatzera eta han eta hemen jokatu. Guretzat albisterik onena izango litzateke; ez litzateke arazoa izango.