En direct

Zuriñe Iglesias - Ion Garate
Entrevue
Nora Mendizabal
Pilotaria

«Uste dut gaitasuna erakutsi dugula kantxa osoan jokatzeko»

Hiru Hiribuko txapela jantzi zuen Nora Mendizabalek (2003, Andoain) joan den igandean Goiuri Zabaletarekin batera. Bigarren txapela du aurten: «Txapelketa garrantzitsuetan emaitzak ez ziren iristen, eta oso gustagarria da emaitzak lortzen dituzunean». Orain Lau eta Erdiko txapelketa jokatuko du.

Audio_placeholder

«Uste dut gaitasuna erakutsi dugula kantxa osoan jokatzeko»

Loading player...
Nora Mendizabal pilotaria, NAIZ Irratiko estudioan (Donostia).
Nora Mendizabal pilotaria, NAIZ Irratiko estudioan (Donostia). (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurten bi txapel jantzi ditu Nora Mendizabalek: Plazandreak txapelketakoa eta Hiru Hiriburuak torneokoa. Hasieran emaitzak lortzen ez zituen arren, azken txanpa honetan lortu du saria. «Ez nengoen nahigabetuta azkenaldian nengoen joko mailarekin, baina egia da txapelketa garrantzitsuetan ez dudala txapelik lortu. Betiere gustagarria da txapelketak irabaztea, eta txapelak etxera eramatea. Denborladia ondo bukatzeko ederra izan da niretzat txapela lortu izana».

Andoaingo pilotariak adierazi du «nahiko kontentu» dagoela osatu duen denboraldiarekin: «Pixka bat goraka egin dut segurtasunean eta erregulartasunean». Lau eta Erdikoa jokatuko du jarraian, final-zortzirenetan arituko da Mendizabal. Goiuri Zabaleta Hiru Hiriburuko txapelketan bikote izan duena ikusten du hautagai nagusia kaiolakoan.

Zer moduz zaude? Pozik, ezta?

Bai, oso pozik. Denboraldikoa azken txapelketa zen, eta polit eta ondo bukatzeko, oso kontentu.

Hiru Hiriburuak torneoko finala irabazi zenuen joan den igandean, Goiuri Zabaletarekin batera. Bigarren txapela duzu aurten.

Bai, justu azken bi txapelketetan txapela eskuratu dut. Egia da urte osoan txapelketa garrantzitsuetan ez dudala txapelik lortu, baina denboraldiari amaiera polita emateko lortu dut.

Hasiera batean ezetz ematen bazuen ere, azkenerako gauzak zail jarri zizkizueten Arraizak eta Gamindek. Halako momentuan, aurretik ia partida erabakita dagoenean, eta hainbeste gerturatzen direnean, zer pasatzen zaio burutik pilotari bati?

Hasieran ondo hasi ginen. Goiuri [Zabaleta] ederki hasi zen, baita ni ere, hutsik egin gabe. Goiuri tanto denak bukatzen oso ondo ari zen. Pentsatuta genuen jokoa egiten ari ginen. Beraiek sakea hartu zutenean, pilota aldatu zuten, hasi ziren beraien dinamikan, dena atzera kargatzen, eta ni tarteka huts egiten hasi nintzen. Gero eta hurbilago zeudenenean, biok are urduriago jartzen hasi ginen. Uste dut lau tantora ere jarri zirela, eta hasi ziren izerdi horiek: «Ez da posible, nola ba?». Lortu genuen tanto batzuk egitea, beraiek ere huts batzuk egin zituzten, eta, sufrituta, lortu genuen irabaztea.

Momentu horrek akaso fisikotik baino, psikologikotik du gehiago.

Bai, adibidez, Plazandreak txapelketako finala izan zen bai fisikoki, bai mentalki sufritu beharreko partida. Oso luzea eta gogorra izan zen. Baina azken hau, aldiz, ez zen hain luzea izan. Gehiago izan zen psikologikoki eutsi behar hori, kaskagogorra izate hori.

Azkenean bai, txapela zuentzat. Orduan bai emozioen leherketa?

Sekulako poztasuna sentitu nuen. Egia da gure azken bi tantoak bitxiak izan zirela, aurkariak bi sake faltaz egin baitzituen. Kamera geldoan gogoratzen ditut azken bi sake horiek. Ikusi eta frontis erditik behera eman zuenean, «ez du pasatuko», pentsatu nuen. Ez zuen pasatu eta laurak geratu ginen elkarri begira, pentsatzen, «bukatu da, bukatu da». Orduan besarkada bat ematera joan ginen. Baina, egia esan, bukaera oso arraroa izan zen. Bukaeran denok geratu ginen elkarri begira segundo bat, frontoia ere erdi isilik, eta, bai, esan genuen: «Bukatu da, eta gurea da».

«Bukaera oso arraroa izan zen. Denok geratu ginen elkarri begira segundo bat, frontoia ere erdi isilik...»

Partidaz harago, Ogeta pilotalekua bete-beteta zegoen. Bestela ere bada zer ospatu.

Ikaragarria izan zen. Hasieran, ailegatu nintzenean, frontoia hutsik zegoen. Aldageletara joan ginen, denak elkarrekin takoak jartzera; eta beste partida martxan zegoenean, gu beroketa lanetan ari ginen. Partida aurretik elkarrizketa egitera joan nintzenean, begiratu nuen harmailetara eta goraino zegoen. Ez zela posible pentsatzen nuen. Nik behin ere ez dut horrelakorik bizi, ezta antzekorik ere Ogeta pilotalekuan. Antolatzaileekin hitz egin eta esan ziguten ateak itxi behar izan zituztela, eta batzuk kanpoan geratu zirela.

Orduan urduritasun gehiago zenuen? Presio gehiago sentitu zenuen?

Nik behintzat bai. Urduriago jartzen naiz. Batzuk agian hazi egiten dira jende gehiago dagoenean. Hasieran pixka bat urduriago jartzen zara, baina partidan martxa hartuta, pixka bat ahazten joaten zara, eta partidan jartzen duzu arreta osoa. Baina hasieran bai. Ez gaude ohituta hainbeste jenderekin jokatzen, telebistarekin, eta uste dut dena elkartzen dela. Hasieran tentsio puntu hori banuen.

Zu zinen final horretan pilotaririk helduena, eta 21 urte besterik ez dituzu. Bada adierazgarria.

Bai, ez zitzaidan inoiz pasatu. Ailegatu ginen, laurak jarri ginen, begiratzen jarri nintzen eta esan nuen: «Ni naiz helduena». Beti norbait egoten da, ni baino urtebete, bi edo hiru helduagoa dena, baina bai, egia da behin ere ez zaidala gertatu.

Kanporaketan Uriarte-Capellan bikotea hartu zenuten mendean, eta finalerdietan Arrizabalaga-Zabala. Oro har, nola ikusi duzu zeure burua Hiru Hiriburuko txapelketan?  

Egia da niretzat lehenengo partida ez zela oso gustagarria izan, partida hasiera-hasieran Andreari [Capellan] aurpegian pilotakada bat eman nion, eta ordutik, beldurrarekin-eta jokatzen hasi nintzen, baina egia da Goiurik sekulako partida egin zuela. Bilbokoan gusturago sentitu nintzen, gutxiago huts egin nuen, eta gehiago gozatu nuen pilotaz. Finalean ere biok nahiko sentsazio onekin ailegatu ginen. Bikote bezala oso ondo ulertzen gara, eta bikote ona osatzen dugu. Egia da huts batzuk egon zirela, ez oso ohikoak, baina orokorrean nahiko gustura egindako partidarekin.

Goiuri Zabaletarekin gustura aritu zara, ezta?

Bai, aurretik jokatu izan dugu elkarrekin. Oso gustura jokatzen dut harekin. Uste dut oso ondo ulertzen dugula elkar, eta elkarrengan konfiantza badugula.

Zure bigarren txapela da. Plazandreak txapelketa ere irabazi zenuen, Aldayrekin batera, Zabaleta-Gaminde aurkari zirela (22-21). Hasiera batean emaitzak iritsi ez badira ere, amaieran jaso duzu saria.

Urtean zehar final batzuk jokatu ditut. Orokorrean ez nengoen nahigabetuta azkenaldian nengoen joko mailarekin, baina egia da txapelketa garrantzitsuetan ez nintzela txapelik ateratzen ari, edo emaitza guztiz onak ateratzen. Beti gustagarria da txapelketak irabaztea, eta txapelak etxera eramatea. Azkenean denboraldia ondo bukatzeko ederra izan da niretzat txapela lortu izana.

Aurtengoa izaten ari da zuretzat urterik onena, mailari dagokionez?

Nahiko balantze positiboa egiten dut denboraldi honetaz. Gustura ibili naiz, eskuekin-eta ez dut arazo handirik izan, ezta lesioekin ere. Egia da batzuetan, nahiz eta ondo jokatu, aurkaria hobea izan dela eta ez duzula irabaztea lortzen; edo alderantziz, agian ez da zure partidarik onena izan, baina zure bikotea ondo ibili denez eta aurkariak ez direnez oso ondo aritu, irabazi egiten duzula. Hor ere ez zara sentipen oso onekin geratzen. Uste dut orokorrean nahiko ondo ibili naizela denboraldian zehar, pixka bat goraka egin dudala segurtasunean eta erregulartasunean. Kontentu nago bete dudan denboraldiarekin.

Gaminde ere aurten maila oso ona ematen ari da. Final guztietara ailegatu da, San Mateotakoan izan ezik, ez zuela parte hartu. Ezta zuk ere. Hura eta zu zarete momentuko atzelaririk onenak?

Uste dut bera dela gehien nabarmentzen dena. Nik beti esaten dut niretzat bera dela atzelaririk onena. Bi eskuak ditu oso libreak, oso onak, kolpe gehiena ere berak du. Gero Andrea Capellan ere hor dago, Uxue Oses... Beste atzelari batzuk hor gaude, Itxaso Erasun... Hortxe gabiltza denok. Ez nuke esango bi onenetan nagoela, ezta gutxiago ere, baina uste dut gaudenak azkenaldian nahiko erregular gabiltzala, eta ez dela bat asko nabarmentzen besteengandik.

Zertan hobetu behar duzu?

Uste dut beti dagoela zer hobetu. Adibidez, oso gogorra naiz, ez naiz oso malgua. Batzuetan kosta egiten zait makurtzea, eta hori denboraldi honetan lantzen hasteko asmotan nago, betiere ezkerra hobetu beharra dago... Frontoiko kokapenean ere uste dut batzuetan galdu egiten garela, edo ez garela ondo jartzen pilotari emateko. Arlo askotan dut zerbait hobetu beharrekoa.

Datorren txapelketa Lau eta Erdikoa. Nola ikusten duzu zure burua?

Urtero parte hartzen dudan txapelketa bat da Lau eta Erdikoa. Ez ditut inoiz emaitza onak eskuratu. Baina, tira, pilotan jokatzea gustatzen zait, eta parte hartuko dut. Orain hasi gara pixka bat horri begira entrenatzen. Atzelaria izanda, Lau eta Erdikoa ez da inoiz nire indargunea izan, galdu egiten naiz askotan frontoian. Atzelari askok ez dugu tantoa bukatzeko aurrelari batek duen gaitasuna, baina ahal dena egitera joango naiz. Batzuetan sorpresak ere izaten dira, eta horretarako entrenatuko dugu.

«Amaia [Alday], eta Olatz [Arrizabalaga] beti hor daudela, badakigula nola jokatzen duten, baina uste dut ez daudela beren momenturik onenean, eta Goiuri baietz»

Lan saioetan zertan jarriko duzu arreta?

Denetarik entrenatu behar dugu. Saketik hasita, errematea, aireko jokoa ere pixka bat dominatu behar izaten dugu... Asteazkenetan Villabonan entrenatzen dugu, eta azkenean zirkuituko parte garen zazpi zortzi pilotari gaude eta denak batera entrenatzen dugu. Denaok landu behar dugun diziplina da, denok jokatuko baitugu.

Zuen kasuan, oker ez banago, Buruz Burukorik ez duzue, ezta?

Ez. Urte osoan banaka jokatzen dugunean, lau eta erdian aritzen gara. Guretzat, eta aurrelarientzat ere bai, uste dut polita litzatekeela proba egitea gutxienez frontoi osoan jokatzen. Uste dut lau eta erdia pasatzeko gai garela, eta partidetan ikusten dela. Frontoi osoan ere jokatu dezakegu, eta beste partida mota batzuk eta beste jokatzeko modu bat ere ikusi. Uste dut polita izango litzatekeela txapelketak jokatzea frontoi guztian aritzeko, eta atzelariak ere gehiago disfrutatu eta jokatzeko.

Nor ikusten duzu hautagai nagusia kaiolakoan?

Goiuri oso indartsu ikusten dut. Azkenaldian ondo ibili da. Baina uste dut oraintxe puntan dagoela. Pilota nahi duen tokian jartzen du, gorputz pixka bat bota du, eta indarra hartu du. Kolpez ere ondo dabil. Apustu egin behar izanez gero, haren alde egingo nuke.

Arrizabalaga eta Alday beti izan dira faborito nagusiak txapela janzteko. Apustu indartsua egin duzu Zabaletaren alde.

Binakakoan jokatzen ikusi dut eta egia da oso desberdina dela lau eta erdiko jokamoldearekin alderatuta, baina uste dut oraintxe aurrelaririk onena dela binaka jokatzeko, eta orain ikusiko dugu kaiolakoan. Egun hauetan berarekin entrenatzen egon naiz, eta lau eta erdikoan ere oso ondo ikusten dut. Egia da Amaia [Alday], eta Olatz [Arrizabalaga] beti hor daudela, badakigula nola jokatzen duten, baina uste dut ez daudela beren momenturik onenean, eta Goiuri baietz. Horrela jarraitzen badu, eta eskuekin eta lesioekin ez badu arazorik, uste dut kontuan hartzeko pilotaria dela.

Jaurlaritza Logoa