En direct
Mahai baten buelta bada eroso sentitu gaitezkeen gune bat. Are gehiago, mahai horrek jan-edanerako aukera eskaintzen badigu. Eta horri konpainia ona gehitzen badiogu, plan perfektu batetik gertu egon gaitezke. Mahaia elkargune edo bilgune ere bada eta lehenaren aitzakian, bigarrena du helburu Bizilagunak ekimenak.«Ekimenak bilatzen duena da pribatutasunean erlazioak eratzea era esanguratsu batean, hor dago magia» dio Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko kide den Itziar Gorostidik.
Jatorri ezberdineko herritarrak mahai baten bueltan bildu eta elkarren arteko harremanak sustatzea helburu duen ekimena da eta aurtengo data ere zehaztuta dago. Azaroaren 24an egingo dira bazkariak eta berauetan parte hartu nahi dutenek ostiralera bitartean izango dute izena emateko aukera. «Aurreko urtean 52 bazkari egin ziren, eta ea aurten gehiago lortzen ditugun».
Duela 13 urte sortu zuten proiektua eta formula arrakastatsua dela baieztatu dute. «Egunero ikusten duzun baina ezagutzen ez duzun horrekin era naturalean egoteko aukera» eskaintzen baitu ekimenak. Horretarako, Euskal Herrian bizi diren familiak harremanetan jartzen dituzte binaka, beste herrialde batzuetatik etorritako familiekin eta dinamizatzaile batekin. «30 laguneko bazkari batek ez dizu bermatzen goxotasuna, beraz, guk bi familia elkartzen ditugu».
Xehetasunak ezagutzeko eta Bizilagunak ekimenaren inguruan aritzeko Gipuzkoako SOS arrazakeria elkarteko kide den Itziar Gorostidi gonbidatu dugu.