En direct
Kontsolen belaunaldi baten amaiera gazi gozoa izan ohi da: orain arte erabili dugun gailuari agur esatea —ez betirako, baina tira—, jokoak atzean uztea… eta, aldi berean, etorkizunera begirako zirrara hori sentitzea. Horrelaxe gabiltza Game Erauntsiaren Nintendo-ren kontsola berriarekin, laster ezagutuko baitugu.
Shuntaro Furukawa Nintendoko presidenteak urte fiskalaren bukaeran egindako bileran adierazi duenez, «Switch-aren oinordekoa aurtengo zerga urtean aurkeztuko da». Hori horrela, hilabete gutxi batzuk falta dira aurkezpen ofizialerako. Kaleratze data ere misterio hutsa da, baina hainbat iturrik 2025eko martxo inguruan ikusiko genukeela diote.
Zaleek, aldiz, hurrengo kontsolaren zehaztapen teknikoen bila jarraitzen dute. Famiboards forotik hainbat datu interesgarri iritsi zaizkigu, eta horiek aztertu ditugu irratsaioan.
Xbox taldeari lotutako berriak ez dira horren ederrak, zoritxarrez: lau estudio itxi dituzte. Horien artean daude Tango Gameworks eta Arkane Austin ezagunak. Bideojokoen industriak kaleratzeekin jarraitzen badu ere, halako talde handiak ixteak egonezin nabarmena eragin du garatzaileen zein zaleen artean. Gure aldetik, Xboxen nahiz industriaren etorkizunari begira jarri gara.
Albiste alaiagoak ere izan ditugu; izan ere, euskarazko bideojoko berria iritsi da gure artera! Ibai Oihanguren beteranoak Webbed itxurosoa itzuli du euskarara. Armiarma txikiaren abenturak biziko ditugu, estetika koloretsuarekin.