En direct
Dragoi Bola eta Slump Doktorea manganime maitatuen sortzailea joan zaigu, euskaldunoi Japoniara begira jarri ondoren. Son Gokuren zein Araleren aitari mangak baino gehiago eskertu behar dizkiogu, halere: Dragon Quest, Chrono Trigger edo Blue Dragon bikainen munduen sortzailea izan zen.
Hori dela-eta, azken irratsaioan maisuaren ibilbidea gogorarazteari ekin diogu, bitxikeriak nahiz gure gustuko jokoak ekarrita: DQko slime munstro ezagunaren jaiotza, Cronoren abenturan egindako agerpena edo Dragoi Bolaren jokoetan borrokak baino askoz gehiago aurki ditzakegula nabarmendu ditugu. Agur eta eskerrik asko, Toriyama-sensei.
Albistegian Mario iturginari begira jarri gara, bestalde; izan ere, martxoaren 10a Nintendo-ren pertsonaiaren eguna dugu, MAR10 Day. Shigeru Miyamoto sortzaileak egindako aurkezpen bereziak denetariko berriak ekarri dizkigu: Paper Mario TTDY edo Luigi’s Mansion 2 HD jokoen argitaratze datak zein The Super Mario Bros. Movie filmaren jarraipenaren iragarpena aipatu ditu garatzaile beteranoak.
Nintendo izan da beste albiste bateko protagonistetako bat: Yuzu emulatzaileari salaketa jarri eta bi erakundeak akordio batera iritsi dira. Ondorio nagusiak? Yuzu eta Citra emulatzaileen proiektuen desagerpena.
Xbox-ek antolatutako Partner Preview aurkezpenaren berri eman genuen aurreko irratsaioan, eta oraingoan erakutsitakoak ezagutzeko unea da. Esperotakoa baino joko gehiago bildu dituzte Redmond-ekoek, eta, ez dugu gezurrik esango, interesgarriagoak ere bai: The Alters, Kunitsu-Gami, S.T.A.L.K.E.R. Legends of the Zone Trilogy edo Persona 3 Reload: Episode Aigis - The Answer ekarri ditugu saiora.