En direct

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Aurkezpenak eta iragarpenak nagusi izan dira bideojokoen munduan otsaileko azken egunetan

Aurkezpenak eta iragarpenak nagusi izan dira bideojokoen munduan otsaileko azken egunetan
Nintendo Direct, Elden Ring-en espantsioa, Xbox-en jokoak zein IGN-koen bideoak ikusi ditugu.

Audio_placeholder

Aurkezpenak eta iragarpenak nagusi izan dira bideojokoen munduan otsaileko azken egunetan

Loading player...

Otsaila gogor bukatu dugu, nahiz eta urtea albistea handirik gabe hasi den. Bideojokoei lotutako hainbat aurkezpen zein iragarpen ikusi ahal izan ditugu egunotan, 2024rako gogoak piztuta.

Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Nintendokoek urtero bezala egun hauetan egindako Direct aurkezpena izan da. Formatu desberdinarekin heldu zaigu, hori bai: hirugarrenen bideojokoei zuzendutako Partner Showcase berezia izan da, eta, zuzenekoa egin beharrean, bideoa baino ez dure argitaratu.

Denetariko tituluak ezagutzera emateko aprobetxatu dute elkarlana japoniarrek. Endless Ocean: Luminous, Shin Megami Tensei V: Vengeance, Ender Magnolia: Bloom in the Mist, Star Wars: Battlefront Classic Collection eta askoz gehiago erakutsi dituzte. Ez hori bakarrik: Xboxek Switch kontsolara eramango duen lehenengo obra ere aurkeztu zuten: Grounded izango da.

Nintendoren ekimenetik igaro ostean iragarri dituzte Xboxekoek beste kontsoletara eramango dituzten gainerako hiru jokoak: Sea of Thieves, Hi-Fi Rush eta Pentiment hautatu dituzte, aurreko saioan aipatu genuen modura.

Irratsaioko esatarion artean poztasunik handiena ekarri duena, baina, FromSoftware japoniarra izan da. Elden Ring bikainaren bigarren urteurrenean Shadow of the Erdtree espantsioaren lehen bideoa argitaratzea erabaki dute, eta ez hori bakarrik: ekainaren 21ean jasoko dugula baieztatu digute.

IGN agerkarikoek, bestalde, zenbait estudiorekin elkarlana abiarazi dute IGN Game Trailer Showcase egitasmoa prestatzeko. Izenak dioen bezala, bideoak izan dira ardatz, eta The Plucky Squire, Harold Halibut, No Rest for the Wicked edo Kemuri bezalako obra interesgarriak bildu dituzte.

Jaurlaritza Logoa