En direct

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Apple-n zein Meta-ren bideojokoen gailuak eta berritasunak ezagutu ditugu

Doom Eternal zoragarriaren sarraski odoltsuak ekarri ditugu Game Erauntsiara, tiro jokoen hutsuena nabari genuen-eta.

 

Bideojokoen industrian mugitzen den dirutza ikusita, ez da harritzekoa munduko enpresa handienak bertan murgilduta ikustea. Sony edo Microsoft dira, besteak beste, oihartzun handiena duten taldeak, baina Apple edo Meta —gogoratu, Facebook, Whatsapp edo Instagram erraldoien jabeak— bezalako enpresak ikustea ohikoa da. Azken bi hauek jokoei lotutako gailuak nahiz berritasunak aurkezteari ekin diote egunotan.

Applek WWDC23 aurkezpen ezaguna burutu zuen orain egun batzuk. Iphone eta Mac berriak aurkeztearekin batera, bideojokozaleentzat erakargarriak diren bi proposamen erakutsi ditu.

Alde batetik, Windows sistema eragileko bideojokoak macOS-era modu errazean eramateko tresna; hau da, PCko bideojokoetan aritzeko bidea. Bestetik, Apple Vision Pro errealitate mistoko betaurreak iragarri ditu; ez dira VR tituluetan aritzeko aproposenak, baina bai Apple Arcade harpidetza zerbitzuan dauden bideojokoak probatzeko bidea.

Metakoen aldetik bai, errealitate birtualera begira jarri gara: Meta Quest 3 betaurrekoak VR jokoak probatu nahi dituztenentzat aproposak izango direla dirudi. MQ2-en katalogo osoarekin iritsiko dira, hau da, 500 bat jokorekin, baina berezko obrak ere jasoko ditu. Attack on Titan, Vampire the Masquerade edo Bulletstorm, adibidez.

Udako aurkezpenekin ere hasiak gara, noski. Guerrilla Collective zuzenekoak ikusitakoak errepasatu ditugu: batez ere, World of Horror zein Antonblast indie interesgarrietan geratu gara. Horrez gain, Capcom Showcase aurkezpenaren baieztapena ikusi dugu, baita gainerako zuzenekoen datak errepasatu ere.

Saioarekin bukatzeko analisiarentzako tartea abiatu dugu. Tiro jokoak benetan gustuko baditugu ere, ez ditugu askotan aipatzen irratsaioan. Hori zuzentzeko asmoz Doom Eternal bikainak eskainitakoak gogoratzeari ekin diogu; egia esan, id Software talde beteranoaren azken shooter abentura FPS jokoen olinpoan kokatzen da.

Jaurlaritza Logoa