En direct

Auritz Elizasu
Baiona

Baxoa oraindik frantsesez, haserrea eta egoera gainditzeko grina

Baxoko filosofia azterketa frantsesez egin behar izan dute beste behin ere euskal ikasleek Ipar Euskal Herrian. Parisen promesak eta eman gabeko urratsen aurrean haserre mintzo dira irakasle eta hezkuntza arduradunak.

Audio_placeholder

Baxoa oraindik frantsesez, haserrea eta egoera gainditzeko grina

Loading player...
Baionako Etxepare Lizeoko eguerdiko elgarretaratzea
Baionako Etxepare Lizeoko eguerdiko elgarretaratzea ( Guillaume Fauveau)

Baionako Bernat Etxepare Lizeoan azterketa aurreko ohiko urduritasuna nabari zen zortzietarako minutu gutxiren faltan. Baxoko Filosofia azterketa zuten ikasleek, beste urte batez euskaraz ikasi arren frantsesez egin beharrekoa. Unax Egiguren ikaslea haserre mintzatu da NAIZ Irratiaren mikrofonoetan, «tamalgarria eta penagarria da, Seaskan ikasi dut txikitatik, ikasketa guztiak euskaraz egin ditut, azterketa guztiak euskaraz eta orain dena frantsesez egitea tristea iruditzen zait».

Etsipen puntu bat bada azterketa egitear zen gazte honen hitzetan, «ez dugu beste aukerarik eta horrela egin beharko da», baina azterketa guztiak euskaraz egiteko bidean determinazioa nabarmendu du, «borrokan ari gara, gure aldarria eramaten ari gara leku guztietara eta hala egingo dugu hurrrengo aste eta hilabeteetan ere». Azterketa amaitu berritan hitz egin dugu Joanes Etxebeste ikaslearekin, «lehentasuna da guretzat azterketak euskaraz lortzea, gure borrokaren parte da eta beharrezkoa da».

Ihintza Ostolaza lizeoko euskara irakasleak ere salatu du gurean, «euskara gure lurraldean ez da ofiziala, injustizia hutsa da eta borondate baten ondorioa, asmilazio borondate baten ondorio garbia». Gehitu du, ordea, ez dela «biktimismotik hartu behar, ez da Baxoa euskaraz egin behar dela ikasleek frantsesez ez dakitelako, euskaldunak garelako baizik». NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan gogoratu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak ikasketak euskaraz egin arren eta azterketa frantsesez, emaitza oso onak izan ohi dituztela Bernat Etxepareko ikasleek. Baxoa euskaraz egiten ez uztea «erabaki politiko hutsa» dela salatu du.

Azterketa egin ostean mobilizazio jendetsua egin dute lizeo aurrean eguerdian, hau hastear zela bere protesta gehitu du gure mikrofonoetara Philipe Lazkarai ikastolako orientatzaileak, «ikasketa prozesu guztia euskaraz dugu, ofizialki onartua da frantses botere publikoen aldetik eta azken txanpan, azterketaren unean, ez digute uzten euskaraz egiten, onartezina da». Elgarretaratze ostean ikasleek egoera gainditzeko deia egin diete herritarrei, «euskara mespretxutik ateratzeko denen laguntza behar dugu, guk gure aldetik aldarri honen sua bizirauteko konpromisoa berresten dugu gaur, hemen eta orain euskaraz ikasi eta euskaraz bizi! Azterketak euskaraz orain!»

Jaurlaritza Logoa