En direct
«Orain mina ematen dit ‘joko’ hitza entzuteak baina gerora gehiago baloratuko dut ikasitakoa»
Eukene Larrarteri (Tolosa, 1998) gutxi falta izan zaio Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko. Azken unera arte borrokatu da, baina azken proba puntuagarrian, Miltoneko (Kanada) Munduko Kopan, finaletik at geratu zen. Kolpea barneratzen ari da, baina ziur da ikasketa hau oso baliagarria izango zaiola.
«Orain mina ematen dit Joko hitza entzuteak baina gerora gehiago baloratuko dut ikasitakoa»
Hats luzeko» txirrindularia da Eukene Larrarte eta kostako zaio Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu izanaren kolpetik errekuperatzea. Horretan dabil tolosarra, azken urte honetan ikasi duen guztia barneratzen, iaz Europako Txapelketan lortutako zilarrezko domina are gehiago baloratzen eta egunean eguneko helburu txikiekin –Zuzenbide ikasketak bukatzearekin– lasaitasun mentala irabazten. NAIZ Irratiko deiari erantzun dio Larrartek, azken urteko «balorazio positiboa» egin nahi horretan kirolarien arlo gizatiarrena azaleratuz. Autokritika eginez –oso zorrotza da bere buruarekin– baina urrutira heldu dela jakinik, zintzo mintzatu da.
Gertu izan zenuen Pariseko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko aukera; 15. postuan amaitu zenuen Omniumeko sailkapen proban. Azkenean ezin. Zer sentsazio duzu?
Sailkapen bat zegoen eta ez nuen pasatu. Munduko Kopako azken proba puntuagarrian ez nintzen finalera sailkatu... Sentsazio onak izan ditut, fisikoki ondo sentitu naiz, baina beste gauza batzuek huts egin dute. Agian neke mental bat edo saturazio bat, freskotasun falta bat... Bertan ez banaiz egon, izan daiteke ez delako une egokia izan, ez daukadalako maila. Orain hausnartzeko unea iritsi da, baina harro nago honaino iritsi izanagatik.
Olinpiar Jokoak lau urtetik behin izanda, kirolari batentzat inflexio puntuak izan ahal dira eta, akaso, are gogorragoa izan daiteke hartu duzun kolpe hau.
Graduala izan da. Progresiboki joan da Olinpiar Jokoen helburua buruan sartzen. Hasiera batean hasi ginen ikasteko asmoz, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bide hori nolakoa den ikusteko, non dauden gakoak... Nire entrenatzaileak esperientzia apur bat bazeukan, lehenago eduki dituelako txirrindulariak Olinpiar Jokoetan egon direnak, baina nik pertsonalki asko neukan ikasteko. Denbora pasa ahala, oso ondo joan naiz; aurten urtea hasi nuen sailkapenaren barnean egonda eta oso postu onean. Eta nik nire kabuz galdu ditut sailkatzeko aukerak. Gainontzekoak arerioak ere lehiatzen dira eta ondo egon dira. Dezepzioa izan da puntu batean, baina jarraitu behar dut hasieran jarritako helburuei eusten, eta hori lortu dugu, asko ikasi dugu.
Bide berriak irekitzea zaila izaten da?
Bai, Olinpiar Joko batzuetara joatea zaila da. Pistako txirrindularitza den kirol minoritario batekin, are zailagoa. Baliabide justuak dira, nik eduki ditudanak behintzat. Nik nire kabuz, nire entrenatzailearekin edo lagundu didaten pertsonekin egin behar izan dut bide hau.
«Kirolari guztien helburua beti Olinpiar Jokoetara joatea da, baina Munduko Txapelketa bat irabaztea balio handiko gauza da eta txapelketa horiek urtero daude»
Orain kolpe latza izango da baina etorkizunera begira motibazio iturri izan daiteke?
Bai, noski. Egia da kirolari guztien helburua beti Olinpiar Jokoetara joatea dela, baina beti esan izan dut Munduko txapelketa bat irabaztea balio handiko gauza bat dela eta txapelketa horiek urtero daude. Oraindik ezin dizkizut nire helburuak esan epe motzean, ze neke oso handia daukat. Aste batzuk igaro dira, baina oraindik igartzen dut errekuperatzen ari naizela. Seguru nago hemendik gutxira helburu berri batzuk zehaztuko ditudala.
Iaz Europako txapeldunorde izan zinen.
Bai, eta nire psikologoak ere esan zidan domina hori dastatzen saiatzeko, momentua disfrutatzeko... Baina egia da Europako Txapelketa horretatik zuzenean joan nintzela Valentziako Itzulira, segituan Jakartara (Indonesia) joan nintzen Olinpiar Jokoetako sailkapeneko probekin hasteko. Agian orain apur bat presenteago eduki dezaket. Askotan garaipenak gutxiago ospatzen dituzu, gure buruarekin injustuak garelako.
Sufritzen ari zaren une horietan ez da erraza izango gozatzea.
Bai, eta gero ba bakoitza bere buruarekin nolako exijentea den eta ni oso zorrotza naiz.
Psikologoa aipatu duzula, ibilbidean zehar dituzun momentu makur hauetan nola laguntzen dute gertukoenek edo kanpoko figurek?
Nire familia, Olinpiar Joko batzuetara joan edo ez, irabazi edo ez irabazi, beti hor egongo da. Eta une zaila pasatzen ari bazara, are gehiago saiatuko dira gertu egoten. Alde horretatik, zortea daukat. Nire lagunak, nire familia, nire gertukoak... ezer ez da aldatu. Arlo psikologikoari dagokionez, tarte hau gehiago ari naiz aprobetxatzen berarekin saio gehiago izateko. Lehenagotik ere bera saiatzen da zuri buruan sartzen, «eta ez bazara joaten, zer?». Ni puntu batean prest nengoen joateko. Bisualizatu dudana da joan egiten nintzela, ze prebisualizazio hori oso garrantzitsua da eta horretarako lan egiten dugu.
Prestatu zaitu onerako eta txarrerako, ezta?
Bai, hori da. Azkenean, pasa den astean hartu nuen bizikleta berriro ere; ordura arte ez nintzen ibili. Orain ari naiz Gradu Amaierako Lanean zentratuta; datorren hilean aurkeztuko dut eta lasaitasun gehiagorekin ari naiz. Ikasketak bukatzen baditut niretzat garaipen garrantzitsua izango da baita ere. Oso garrantzitsua da bizitzan ere, bizikletaz gain, mugitzen zaituen beste zerbait edukitzea.
«Nire familia, Olinpiar Joko batzuetara joan edo ez, irabazi edo ez, beti hor egongo da. Alde horretatik, zortea daukat»
Omniumeko proban lehiatu zinen. Lau probaz osaturiko diziplina da. Scratch, tempo, kanporaketa eta puntukako lasterketa. Erresistentzia eta intentsitate handiko probak dira hauek. Nola kudeatzen dira indarrak eta estrategia lau proba hauetan?
Lauretan dena ematen da. Pertsonalki, hats luzekoa naiz; beraz, azkenengo proba hobeto egingo dut hasierakoa baino. Trikimailu asko dauzkate proba hauek. Asko saritzen dena da erregulartasuna proba guztian zehar; zenbat eta erregularragoa izan, orduan eta gorago bukatuko duzu. Proba batean huts bat egitea asko ordaintzen da. Scratch-a da gutxien gustatzen zaidana; hau omnium-en barnean dago, baina gero proba independente bat bezala ere bai, eta hor eskuratu nuen zilarra Europako Txapelketan. Baina scratch-a Omnium barnean zeharo ezberdina da; oso psikologikoa da, taktikoa, oso zaila izaten da kudeatzea. Gehien gustatzen zaidana esango nuke tempoa dela; oso proba gogorra da, 8 minutu-edo dira eta erritmoa eta indarra izaten da gakoa.
Estrategia baino gehiago, indarra, alegia.
Estrategia ere bai, ez pentsa. Munduko Kopa honetan asko ikasi dut. Proba batzuetan gaizki atera zait, estrategia edo taktika aldetik ez dudalako asmatu. Adibidez, lasterketak mantso hasi dira eta nik egiten nuena zen itxaron eta itxaron, eta agian nik hartu behar nuen aurrea. Asko ikasi dut. Asko igartzen da ere Olinpiar Joko batzuetarako lehian geundela bat baino gehiago eta ondokoak ni begiratzen ninduela. Lasterketako estrategia asko aldatzen da.
«Ikasketak bukatzen baditut, niretzat garaipen garrantzitsua izango da baita ere. Oso garrantzitsua da bizitzan, bizikletaz gain, mugitzen zaituen beste zerbait edukitzea»
Presioak ere bere eragina izango du.
Bai. Ni saiatu naiz lasterketetan soilik pentsatzen ahalik eta ondoen egitearekin, baina beti dago konnotazio hori, ea Olinpiar Jokoetarako sailkatuko nintzen. Azkenean da nola kudeatzen duzun zuk; zenbat eta hobeto kudeatu, hobeto aterako zaizu.
Nazioartean aritu zara, bidaia asko ere egin dituzu. Zer balorazio egiten duzu aurtengo urteaz?
Balorazio positiboa egin nahi dut. Olinpiar Jokoen lehian egon naiz eta ez da gutxi. Lasterketa garrantzitsuenetan egon naiz pistan eta asko ikasi dut. Orain mina ematen dit soilik “joko” hitza entzuteak baina hemendik gutxira gehiago baloratuko dut ikasi dudan guztia. Herrialde asko ikusi ditut; egia da bisitatzeko aukera gutxi izaten dugula, baina Hong Kong ikusteko egun bat izan genuen. Aukera txiki horiek aurten apur bat gehiago aprobetxatu ahal izan ditut. Kirolaren bitartez herrialde batzuk ezagutzeko aukera baldin badugu, hori ere aberatsa da.
Zein izango dira Eukeneren planak hemendik aurrera?
Nire etorkizuna da gaur eta bihar, besterik ez. Oraingoz ez dut helburu berririk jarri. Egunez egunez joango naiz. Nire helburua Gradu Amaierako Lana da, bizikletan ateratzea disfrutatzera, mendira joatea... Errepidea egitea ere gustatuko litzaidake, baina oraingoz sentitzen dudana da egunetik egunera ibiltzea, lasai.