En direct
Maiatza ekuatorera iritsi denean bildu gara mahai bueltan ohiko gonbidatuekin zenbait gai nork bere jakintza-arlotik aztertu asmotan. NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioko mahai-inguruan izan dira Jokin Aldazabal, Maite Aristegi eta Aitziber Sarobe eta, hnako honetan, lurzoruaren galera, Food 4 Future eta Hidrogenoa izan dituzte aipagai.
Lurzorua
Saroberen esanetan, aipatzen ez den gai garrantzitsua da honakoa. Are, lurzorua eta zoruaren desberdintze eta irudikapen okerra egiten delakoan dago. Adituak azaldu du lurzorua dela lurreko ekosistemak egituratzen dituen euskarria eta pentsamendu sistemikotik baino ezin dela lurzoruaren garrantzia ulertzera iritsi. «Lurrazpiko izakiak kontaezinak dira, mikroskopikoak dira gehienak eta, horrek, ikusezin egiten ditu gehiengoaren begietara». Eremu zabal horietan oso sakonera txikian milioika bizidunen arteko oso harreman konplexuak gertatzen dira eta, Saroberen iritziz, «ekologiak erakusten digu pertsonak ez gaudela konplexutasun hori ulertzera emanak».
Horren adibide gisa hartu omen daiteke nitrogenoaren fijazioa deritzon fenomenologia. «Nitrogenoa oso ugaria da atmosferan baina dagoen horretan, entzima sintetizatu gabe, ezin da aprobetxatu». Modu artifizialean nitrogenoa eskuratzeko modua egitea izan da aurreko mendeko ikergai zientifiko nagusienetako bat eta, baita lortu ere. Horrela, amonioan aberatsak diren ongarriak egiteko bide eman zitzaion modu sintetikoan eta, horrek, «nekazaritza irauli zuen, bestelako ekoizpen maila batera eramateko aukera ekarri baitzuen». Prozesuak behar duen energia kantitate handiak zer pentsatua ematen dio, ordea, Saroberi eta konplexutasuna ulertzeko ezintasunera itzuli da: «Hori da gizakiak teknologiarekin duen mugetako bat: ez dugu gaitasunik sistemaren konplexutasunean pentsatzeko. Naturatik sistema sinpleak ulertzen eta erreproduzitzen ditugu, horiei ateratzen diegu etekina, baina, ezinbestean, horien ondorioen morroi bihurtzen gara».
Bestalde, natur kontserbatzaileak argitu du prozesu horiek era guztietako albo-kalteak dituztela, kasu honetan, ongarri nitrogenatu horiek eragiten duten kutsadura. «Amonioa modu industrialean erabiltzearen eta, ondoren lurzorura botatzearen ondorio larrietako bat da lurzoruko mikroorganismoek nitrato modura sintetizatzen dutela eta nitratoa ez da lohi partikuletan ongi itsasten; beraz, urak eramaten du eta ur-ekosistemetan toxizitateak eragiten ditu». Saroberen hitzetan, horixe da paradoxa: «gizakiak lortzen du naturan ikusitakotik ikasi eta probetxua ateratzea baina, natura ez bezala, gizakia ez da gai ziklo guzti horiek modu ez kaltegarri batean aprobetxatzeko». Hori dela eta, Sarobek argi du lurrak sostengatzen duela ekosistema lehortarretan bizitza eta horrekiko begirada arduratsua izan beharko genukeela, lurra kaltetu edo galtzen dugun heinean bizitza galtzen dugulako.
Eztabaida aberasteko gehitutako datuetako bat da, CSIC-ek 2018an egindako Lurzoruen Erosioaren Inbentario Nazionalaren arabera, lurzorua galtzeko potentzialitatea, Gipuzkoan, 4.416.610 tona/urte-koa dela.
Food 4 Future
Maiatzaren 16an hasi den Food 4 Future ekimena izan da Aristegik mahaira ekarritakoa «lur gabeko etorkizuna» planteatzen den ekimena delako. «Jasaten ari garen krisi sistemikoaren ondorio nabarmenetakoa da beste era batera antolatu behar dela etorkizuna eta globalizazioan oinarritutako garapen horretatik etorritako estrategiak mugatuta iritsi direla». Horrek, Aristegiren esanetan, argi erakusten du trantsizio bat abiatu beharra dagoela desazkunde prozesu batzuetara. Hala ere, Aristegik azaldu duenez, «benetan iraunkorra den eta lurrean oinarrituta dagoen nekazaritza, iraunkortasunaren izenean, erabat aldatzeko bidean jarri nahi da. Lurreko nekazaritzarekiko gero eta atxikimendu gutxiago badago, eredu berri honekin are gutxiago izango da».
Nekazariak salatu du Food 4 Future proiektuarekin gizarte eredua dagoela jokoan, eta erabateko haustura dakarrela. «Nekazaritza industrializatu eredua bultzatu duten eragile berberek saldu nahi dute, iraunkortasunaren izenean, laborategietan sortutako elikagaiak jasangarriagoak ez ezik, etikoagoak direla». Argi ibili beharra dago, izan ere, «tartean daude multinazional erraldoiak (batzuk ustelkeriagatik salatuak izan direnak) baina baita gure instituzio eta erakunde publikoak ere; udalak, foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza…»
Aristegik jakitera eman du FAOk eta Europako batzordeak onartu dutela elikadura sistema aldatzea beste biderik ez dagoela iraunkortasun ekonomiko, ekosistemiko eta soziala bermatu nahi badira. Aristegik onarpen horren kontrakotzat jaso du F4F proposamena, zeren, «elikadura sintetikoak baserritarrik gabeko elikadura sustatzen du». Nekazariak ez du ulertzen eredu agroekologikoaren gaineko proposamen eta estrategia zehatzak (baserritik mahaira, kasu) eskura dituzten eragileek nola bultzatu dezaketen F4F bezalako ekimen bat, are gehiago, «hausnarketarik, prekauziorik eta zertan ari diren jakin gabe».
Hiru hizlariak ados daude esatean hau ez dela lehen sektoreari dagokion eztabaida eta horrelako feriak ez liratekeela nekazaritzaren eta agroekologiaren izenean ekarri behar; hobeto kokatuta omen legoke, agian, filosofia fakultateko atarian.
Hidrogenoa
Energiaren kontuan badago zertaz hitz egina, aukeratzea da kostatzen. Hala, bada, gaurkoan, hidrogenoaren koloreak ekarri ditu Jokin Aldazabalek.
Hidrogenoa gas kolorgea bada ere, koloreka sailkatzen da, erreferentzia eginez hidrogenoa eskuratzeko baliatutako energia moduari. Hidrogenoa eskuratzeko ur molekulak hartzen dira eta hidrolisi bidez molekulak apurtzen dira. Hidrogenoa presiopean metatzen da eta oxigenoa, berriz, askatu. Hidrogeno berdea da prozesuan energia berriztagarriak erabiltzen dituena; arrosa da elektrolisi bidez lortutakoa baina, energia berriztagarriak beharrean, energia nuklearra baliatuz; hidrogeno grisa da gas naturala -metanoa- eta ur-lurruna erabiliz, erreformatze prozesu kimiko bat eginez lortutako. Prozesu horretan, hidrogenoaz gain, CO2a lortzen da, monoxidoa eta sufrearekin batera. Hau da gehien erabiltzen den hidrogeno mota, besteak beste, birfindegietan;. Hidrogeno urdina da, azkenik, hidrogeno grisaren parekoa, baina, CO2a metatuz.
Hidrogenoa energia garbia dela auzitan jarri du Aldazabalek, bere esanetan, «ez da ez energia, ez garbia». Lur-planetan ugariena den gas hau ez da, petrolioa bezala, energia primarioa. «Energia iturri beharrean, energia-bektore da; beste elementu batzuei lotuta aurkitzen da natura eta, askatzeko, energia baliatu behar da». Garbia ote den ere ez du oso argi Aldazabalek, itxuraz hidrogenoa lortzeko modurik garbiena eguzki-energia elektrikoaren bidez elektrolisia eginez lortzen dena da, baina, «eguzki modulua osatzen duten silizioa purifikatzeko erabilitako energia zein izan da? Ze beste metal berezi atera behar izan dira mehatzeetatik silizioa dopatzeko? Nongo mehatzeetatik atera dira mineralak? Zenbat energia baliatzen da moduaren eraikuntza prozesu bakoitzean? ze kobre? Nongoa? Ze petrolio? nongoa? Nola egin da kableatua? Garraioan zenbat energia baliatu da?» Beraz, «energia iturri eta bektore asko ez dira ez berde, ez garbiak, kontzientziak lasaitzeko hala sinestea komeni bazaigu ere».
Bestalde, modulu fotoboltaikoak, 20-25 urtetan, askoz energia gehiago emango omen du bere produkzioan erabili dena baino. Aldazabalek dio ez egoteko horretaz ziur, konparazio horri energia itzulera tasa esaten zaio eta, iturrien arabera, modulu fotoboltaikoetan 2ren inguruan dabil. Aldazabal, ordea, ez da fio ea aldagai guztiak aintzat hartzen ote diren eta, horrek, itzulera tasa aldatuko luke. Halako teknologien «negozio interesa» azpimarratu du tertuliakideak, Barne Produktu Gordinaz gain, kutsadura eta kontsumoa ere badakartelako eta, oraindik, ez delako energia iturri garbien alde egiten, etekin ekonomikoak dakartzanaren alde baizik. Kontuak horrela, hurrengo mahai-inguru baterako amua bota du: «ez ote da hobe inbertsioak energia aurrezteko teknologian egitea teknologia aurreratu postmodernoetan baino?»