Zuzenean

Eli Pagola

«Arrisku handiena denboraren joana da»

Mahai-ingurua izan dugu Gelditu Makinak saioan eta hizlariak ez dira epelkeriatan aritu. Mahaira ekarri dituzte energia nuklearraren aldeko ikuspegia eta gizakiaren eta naturaren arteko harremana ulertzeko beste modu batzuk eta bietan ere azpimarra egin dute «zuhurtziaren printzipioan».

Audio_placeholder

«Arrisku handiena denboraren joana da»

Loading player...
Protesta de Greenpeace contrala energía nuclear en Belín.
Protesta de Greenpeace contrala energía nuclear en Belín. (Odd ANDERSEN | AFP)

Maite Aristegiren faltan, gainerako ohiko bi tertuliakideak izan ditugu gurean: Jokin Aldazabal eta Aitziber Sarobe. Batetik, trantsizio energetikorako bazter utzita dagoen energia nuklearra izan dute hizpide eta bere baliagarritasuna eztabaidagai. Bestetik, gizakia naturaren parte ulertzen duten pentsamenduen ekarpena azaleratu dute.

Energia nuklearra

«Sartzen diguten betiko pentsakera horretan goxo geratzeko arriskua» dugula eta, Aldazabalek «aberasgarria» irizten dio gai probokatzaileak ekartzeari eta horietako bat ekarri du: energia nuklearra.

Jancovici hartu du oinarri energia nuklearraren gaineko zenbait gauza argitzeko eta eztabaida arrazionalagoa egiteko, hizlariaren ustez, «maiz ematen ez den eztabaida». Jancovici energia nuklearraren defendatzailea da trantsizio energetikorako erreminta baliagarri eta beharrezkoa gerta dakigukeen neurrian, hau da, ez da lobby nuklearraren defendatzailea. Beraz, dio Aldazabalek, trantsizioa baino, errezesio energetikoa izan beharko litzateke, «ez da batetik bestera pasatzea KWh-ak bere horretan utzita, baizik eta bide bat egin zeinetan askoz ere KWh gutxiago beharko dugun eta ingurua hainbeste hondatuko ez dugun». Sarobek zehaztapen batekin osatu du: «Antonio Aretxabala eta Antonio Turielen arabera, hamarkada honetan joko du gaina uranioaren ustiapenak. Kontua ez da zenbat dagoen, baizik eta errentagarria ote den horiek usteatzea. Erregai fosiletan berdin gertatzen da, batetik, ateratzen dena kalitatez eskasagoa delako eta, bestetik, ateratzea garestiagoa delako». Aldazabalek oroitarazi du, ordea, «gure mundua zuzentzen duena errentagarritasun ekonomikoa dela baina errentagarritasun klimatikoari begiratu behar diogula».

Debatearen arlo arrazionala landu beharra adierazi du Aldazabalek, «honakoa debate emozionala baita». Gainera, gaiaren gaineko ezezagutza handia dagoela uste du, «Frantzian, esaterako, 5etik 4k uste du energia nuklearrak berotze globala eragiten duela. Ikusten ez denez, beldur handiagoa eragiten du ikusten ditugun eta normalizatuta ditugun beste arazo eta arrisku batzuek baino». Gaineratu du bere lekuan jarri beharreko nuklearraren arazo bat dela istripuen larritasuna, baina, egun, istripu eta eriotza gehienak ebakuazio prozesuan sortzen direnak direla estresaren ondorioz. Hondakin nuklearrak, berriz, arazo direla dio Aldazabalek eta luzerako, baina, ongi gordetzen omen dira eta ez omen dira bolumen handia. «Beldur horien ondorioz, erabaki eztabaidagarriak hartu dira, zeren zentral nuklearrak deusezten dira zentralek sortutako beldurra deusezteko». Aldazabalen esanetan, askoz zailagoa eta luzeagoa da azaltzea zein diren arrisku errealak onurekin parekatututa: «nuklearrak ez du CO2 isuri askorik, hidroelektriparen pare dago eta fotovoltaikoak eta eolikoak baino dexentez gutxiago. Beste onura bat da pilotablea dela, alegia, martxan jarri eta geratu daitekeela». Sarobek ere heldu dio beldurraren gaiari eta gaineratu du zentral nuklearrek ez diotela ekoantsietaterik sortzen ez duelako zentralik gertu, eta, hori, egoismo izugarria iruditzen zaio.

Biek ala biek, argi dute energia berriztagarrietan ez dagoela irtenbide miresgarririk, «beren zamak dituzte, beren mugak dituzte eta herritarrok energia berriztagarrietaz gehiegi fidatzen bagara ez ditugu behar ditugun neurri zorrotzak hartuko». Beraz, energia fosilak gainbehera doazela, energia berriztagarriek miraririk ez badakarte eta ez badugu gure kontsumoa jaitsi nahi, Aldazabalen iritziz «ez genuke energia nuklearraren aukera baztertu behar, ez behintzat eztabaidarik gabe».

Ekoantsietatea
Ekoantsietatea asko entzuten dugun hitz bat da eta adituak hasi dira esaten kontuz ibili behar dela, batez ere txikienei, kalte egin diezaiekelako. Aitziberrek aurkeztu duenez, «mezu katastrofista bat zabaltzen ari gara eta ingurumen hezkuntzako eragileak esaten ari dira kontuz ibiltzeko. Baina, niretzat, saihestezina da». Argitu du energia nuklearrak ekoantsietaterik ez diola sortzen baina Tapia Legeak eta energia Berriztagarrien planak bai, «mahai gainean ditugu gure paisaia, eta paisaia diodanean da gure kulturarako eta historiaren interpretaziorako oinarri diren irudi guztiak, hankaz gora jarri dakizkigukeen eskalako proiektuak». Pentsamendu positiboaren jarrerak gero eta gehiago nazkatzen omen du, «kolapsismoaren inguruan badago eztabaida bat ekologismoan eta horri heldu nahi ez diona ordezkaritza politikoa da. Esaten digutena da desazkuntzatik eta kolapsotik ezin da kanpaina politikorik edo ideologiarik eraiki, horrek jendea blokeatzen duela». Sarobek dio ez dela egia. «Nik antsietate handia bizi dut energia berriztagarrien planarekin baina ni horrek ez nau blokeatzen, ni horrek aktibatu egiten nau». Infantilismoa ere salatu du, «hain infantila bihurtu da gizartea ezin dugula gai hauen gainean arrazionalki hitz egin edo desazkundea ideologia bezala planteatu proposamen politikoetan? Benetan uko egin diote ordezkari politiko guztiek ideologia eraikitzeari eta horretan eszenatoki errealak eta zientziak dioenetik abiatuta planteamentu eraginkorrak eraikitzeari?»

Saroberen esatena, egoera honek eskatzen du, fededunak ez garenontzat, behintzat, pentsakera berri bat: nola harremandu gure artean eta naturarekin hau guztia aterabide bat begira jartzeko uko egin gabe egoeraren larritasunari, baina, aitortuz ezin dugula jarraitu antropozenora ekarri gaituen jokabidearekin. Horrela, pozik hartu du ekohumanitateez hitz egiten duten mugimenduen gorakada. Batetik daude antropozentrismoak ekarritako begirada berriak, esaterako, ekofeminismoa eta ekologia soziala. Sarobek argitu duenez, horiek jarraitzen dute gizakia erdigune hartuta, aurrerabideetarako planteamenduak egiten. Sozialak dira eta gizarte antolamendu justuagoez egiten dute hitz. Natur kontserbazioan ere badago halako ikuspegi bat, animalismoa, eta batez ere da nola begiratzen diegun animaliei, batik bat abereei, baina, gizaki ikuspegitik. «Bestelako harreman batzuk nahi ditugu justiziaren izenean baina gizakia dago pentsamendu horien erdigunean».

Etika ekozentrikoa eskatzen duen pentsamendua ere izan du hizpide. «Irudikatzen ari direna da zer litzatekeen gizakia erdigunean ez dagoen bizitzarekiko etika bat». Jatorrizko herrialde prekolonbinoetan badaude kosmobisio batzuk eta badaude, baita ere, horiek mendebaldeko pentsamenduetara ekartzeko saiakerak, kontuan hartuz kultura kultura dela, herri bakoitzak bere jatorria eta pentsamendua duela eta batekoa ezin dela bestera ekarri, baina bai lotura batzuk egin. «Ikusi dudanetako bat da, eta lehendik zetorrena, ekologia sakonadena, deep ecology. Horren atzean daude Gaia hipotesiaren defendatzaileak-eta». Pentsamendu horretako korronte batek dio, sistema bizidunak modu holistikoan eta planetarioan ulertuta, badela autoerregulaziorako mekanismo bat.

«Ikusi dudan beste kontzeptu bat da ekophronesia, non kultura prekolonbinoetara lotzen den eta gizakia ulertzen den bere inguruneari lotuta, baita modu afektiboan ere». Saiakera bat da lotzeko pentsamendu aristotelikoa kultura prekolonbino horiekin. «Gustatu zait ikustea nola ari den jendea horretan pentsatzen eta nola egin ditzakegun loturak mendebaldeko mundutik eta jokabideetatik. Gustatu zait balioetan oinarritutako pentsamenduetan eragin nahi delako».

Ongizatea ulertzarazten da gizakiaren eta naturaren arteko errespetuzko harremanean eta, hori, prudentziarekin lotzen du Jacqueline Alcazar filosofoak. Sarobek ahalegina aitortu dio gogoetatzeko pertsona bat errespetuzko nola kontsideratu eta gizakiarentzako ez den mundo nola eraiki. «Uste dut zuhurtziaren printzipio horietatik hurbildu gaitezkeela naturaren berreskurapen bezala gizarteratzen ari den mugimendura, Rewilding-era». Bestalde, Sarobek azpimarratu du ingurune naturala berreskuratzeko aldarriaren zabalpena, ez bakarrik kontserbatutako eremuetan, baizik eta ohiko bizitzan, hirietan, herrietan, eta landa eremuan, non indar handia hartzen ari den lehen sektorea beste modu batera, ziklo naturalagoekin ulertzeko pentsakera.

Jaurlaritza Logoa