En direct

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Joseba Ezkurdia
Aspeko pilotaria

«Ez dut beldurrik; sakearekin eta bigarren pilotakadekin min egin behar dut irabazteko»

Buruz Buruko finalerdia jokatuko du larunbat honetan, Iruñeko Labriten, Joseba Ezkurdiak, iazko azpitxapeldunak. Jokin Altuna izango du arerio, txapelketa honetan oraindik irabazi ez dion aurkaria, alegia. Finalerako txartel bat egongo da jokoan eta Arbizukoa, minak gaindituta, «beldur gabe» dago.

Audio_placeholder

Joseba Ezkurdia: «Ez dut beldurrik; sakearekin eta bigarren pilotakadekin min egin behar dut irabazteko»

Loading player...
Ezkurdia, Jakaren arteko norgehiagokan, atseden tarte batean.
Ezkurdia, Jakaren arteko norgehiagokan, atseden tarte batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Entrenamendua bukatu berritan erantzun du Joseba Ezkurdia Aspeko aurrelariak NAIZ Irratiko deia. «Sentsazio onekin, gustura» bukatu du lan saioa. Inongo molestiarik gabe dago, aspaldiko partez, eta onartu du «horrek asko balio» duela «burua lasaitzeko». Lasai eta beldur gabe aurre egingo dio Buruz Buruko finalerdiari. Jokin Altuna izango du arerio, «klase handia» duen pilotaria. Labriten, 17.15ean hasiko den jaialdian, jokatuko den finalerdi horren gakoak eskaini ditu Arbizukoak.

Txapelketa ez zenuen nahi bezain ondo hasi lesioaren ondorioz. Zuk zerorrek aipatzen zenuen erritmoa hartzea pixka bat kostatzen ari zitzaizula, baina Peio Etxeberriaren aurka dagoeneko osatuagoa ikusi zaitugu. Hobekuntza izan da, ezta?

Bai. Azkenean normala da. 16-18 egun ezer egin gabe egon nintzen hanka ongi jartzen bakarrik eta entrenatu gabe. Erritmoa galdu nuen erabat eta poliki-poliki sentsazioak berreskuratzen eta hobetzen joan naiz. Egia esan, Peioren kontra ez nintzen guztiz ondo ikusi, baina behintzat minik gabe, inongo arazorik gabe, eta horrek asko balio du burua lasaitzeko. Peioren aurkako partida ondoren beste entrenamendu gogorrak sartu ditut eta egia esan, alde horretatik, inongo aitzakiarik gabe.

Esan duzu Peioren aurka akaso %100ean ez zinela egon, baina finalerdietara begira bai?

Bai, badakit %100a eman beharko dudala partida borrokatu nahi badut. Egia da gaur gustura entrenatu dudala eta sentsazio onekin, eta ez dago aitzakiarik. Ongi ikusten naiz, ongi aurkitzen naiz. Partida luzatu zenean Peioren aurka ikusi zen pixka bat nekatuta amaitu nuela, buelta ezin emanda bezala, baina ez dut beldurrik partida luzatzen badugu eta ea zer ateratzen den.

Larunbat honetan hitzordua Jokin Altunaren aurka. Momentu onean da Jokin, joko oso ona erakutsiz, baina Elordiren aurka, esaterako, asko sufritu zuen. Nola ikusten duzu amezketarra?

Oso-oso ongi. Txispa bereziarekin, fisikoki ere oso ongi eta badakit partida oso-oso gogorra dudala aurretik. Baina ilusioarekin nago, esperantzarekin eta nirea egiten badut, aukerak izango ditudala uste dut. Elordiren kontra partida gogorra egin zuen; biek oso partida ona jokatu zuten eta bukaeran ikusi zen Jokinen arriskatzeko momentua iritsi zenean oso ongi bukatu zuela, partida oso ondo irakurri zuela azken txanpa horretan eta ikusten da zein klase duen.

«Jokinek [Elordiren aurka] partida oso ondo irakurri zuela azken txanpa horretan eta ikusten da zein klase duen»

Elkarren aurka asko jokatutakoak zarete, partida garrantzitsu asko tartean. Honek zaildu edo erraztu egiten ditu lanak? Hau da, gauzak argiago ditu batek edo gehiago nahasten da burua?

Ni saiatzen naiz gauzei hainbeste buelta ez ematen. Nire lanean saiatu, nire barruko sentsazioak ahalik eta onenak izaten saiatu eta lixto. Azkenean, Buruz Buru, Lau eta Erdian edo Binakakoan elkarren aurka jokatzea asko tokatu zaigu eta normala da. Bakoitzaren edo bestearen akatsak edo puntu ahulak zeintzuk diren ikusten dituzu, baina gero partidetan zaila da. Ni nire buruan zentratzen saiatzen naiz eta sentsazioak ahalik eta onenak izaten. Hori lortuz gero, badakit aukerak izango ditudala irabazteko.

Larunbatean gakoa non egon daiteke? Partida gogor bat iraupen aldetik, batez ere, akaso Altunaren mesedetan izango ote da?

Agian bai. Baina esan dudana: ez dut beldurrik. Ondo zentratuta jokatu behar dut, sakearekin asmatu behar dut, bigarren pilotakada horiekin mina egin behar dut irabazi nahi badut. Hori argi daukat, bai sakearekin eta bai bigarren pilotakadarekin hobetu behar dut eta ea asmatzen dudan.

Datutxo batzuk ere badira hor. Buruz Burukoan gurutzatu zaretenean, amezketarraren mesedetan erori dira partidak, iazko ligaxkakoa kenduta eskuko minez ez zuelako jokatu. Lau eta Erdikoan, ordea, finaletan behintzat badirudi neurria hartuta diozula. Mesede egiten al dio Buruz Burukoak Altunari eta Lau eta Erdikoak zuri?

Denetik pasatzen da. Lau eta Erdian berak ere irabazi izan dit. Buruz Burukoan ez dut aukerarik izan irabazteko, baina partida oso gogorrak jokatu ditugu elkarren kontra. Bi urte jarraian txapelketan adar berean tokatu zitzaigun eta bi partida oso gogor jokatu genituen. Daukadan sentsazioa da partida horiek detaileengatik eskapatu zitzaizkidala. Azkenean detaile horiek oso garrantzitsuak dira partida garrantzitsu hauetan eta detaile horiek kontrolatzen saiatu behar gara. Buruz Burukoan oraindik ez dut aukera izan irabazteko eta espero dut gertu egotea aukera hori.

Buruz Burukoa da palmaresean falta zaizun txapela hiru handiak irabazteko. Honek presiorik eragiten al dizu? Begiz jota al duzu aukera hori edo ez al duzu burua galtzen horretan?

Ez. Beti esan dut gustatuko litzaidakeela amaitzea karrera hiru txapel horiekin, baina ez dut burua gehiegi jaten. Agian bai duela urte batzuk pixka bat obsesio bezala, baina azkeneko 2-3 urte hauetan lasai nago, ahalik eta lanik onena egiten saiatzen naiz txapelketa guztietan, nire mailarik onena ematen saiatu eta lixto. Etortzen bada, ongi etorria izango da; eta ez bada etortzen, ezin naiz kexatu egindako ibilbideaz. Gustura nago eta ibilbide hau ahalik eta gehiena luzatzen saiatuko naiz, goi puntu horretan ahalik eta denbora gehien mantentzeko. Helburua hori da eta ea lortzen dugun.

«Beti esan dut gustatuko litzaidakeela amaitzea karrera hiru txapel horiekin, baina ez dut burua gehiegi jaten»

Elordik eman zuen ezustekoa aurreko asteburuan, Dario ere hortxe dugu finalerdietan. Izen berriak indartsu datoz.

Bai. Dario betidanik dakigu lan oso ona egiten duela. Dohai ikaragarriak ditu Buruz Burukoan jokatzeko eta bere kontra partida zaila da beti. Eta Elordi aurtengo ezustekoa da. Sekulako urtea egiten ari da; Lau eta Erditik hasita, maila ikusgarria ematen ari da eta asko jokatzen ari da. Bi pilotari gazte dira. Ikusiko da nork lortzen duen finalerako txartel hori. Nik uste dut hau ona dela pilotarako.

Aurten, txapelketan partidatik partidara tarte gehixeago izaten ari zarete, arnasgune gehixeago. Eskertuko da, ezta?

Bai. Niri aurten ongi etorri zait. Bi partida jarraian jokatu genituen, baina bagenekien gero 15 egun geneuzkala hobeto jartzeko. Aurtengo helburua zen bi partida horiek pasatzea eta hirugarrengora bizirik iristea eta fisikoki hobeto jartzea. Buruz Buru partidak gogorrak dira beti. Lau eta Erdia esplosiboa da, fisikoki ere oso gogorra, baina pilotakada txar gehiago hartzen dira Buruz Burukoan eta eskuentzat hobe da atseden pixka bat izatea. Nik uste dut formatua ongi dagoela. Lehengo urtean ere esan nuen. Lau eta Erdiko formatu bera da baina gustatu zitzaidan, eta orain atseden gehiagorekin, nik uste dut ongi dagoela eta ea txapelketa bukaera ona ateratzen den.

Jaurlaritza Logoa