En direct
Aita eta amaren urratsak jarraitu eta eskubaloian urte askotan aritu da Lur Errekondo. Baina ez da soilik gurasoen kontu bat, «familia osoa ibili da eskubaloian», esan du Errekondok. 2016/2017 denboraldian hasita ohorezko mailako Bera Bera taldean jokatu zuen, eta Donostiako talde horrekin Euskadiko Kopa eta Espainiako Superkopa irabazi zituen. Lesioak izan zituen, eta horien ondorioz 2021ean eskubaloia uztea erabaki zuen.
Eskubaloian hasi aurretik, probatu zituen beste kirol batzuk ere, igeriketa, adibidez, «igual oso berritsua naizelako da, baina ezin nuen inorekin hitz egin!» dio barrez, eta faltan botatzen zuen talde giroa. Probatu zituen atletismoa eta tenisa, baina eskubaloia izan zen gehien gustatu zitzaiona.
Zazpi urte zituela auto istripu bat izan eta ama elbarri geratu zen, horrek «asko inpaktatu zidan psikologikoki» eta, beste familietan gertatzen den bezala «motxilan gordetzen da dena», eta horren ondorioak gerora sumatu zituela dio Errekondok.
Eskubaloia utzi eta herri kiroletan hasi zen usurbildarra, ondoren, harria jasotzen: «Beti behar izan dut kirola lasai egoteko. Kirola egiten ez badut segituan nabaritzen dut ez nagoela ondo» dio.