En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Martxoko musika loraldia Izkander Fernandezen eskutik

Martxoaren 17ko uztatik lau abesti hautatu ditu aste honetarako Izkander Fernandezek MusikHaria saiorako: «Aipatu izan dugu urte hasiera motela izan zela baina martxoan gauza aldatu egin da eta oso erritmo onean goaz. Atera den guztitik lagin bat ekarri nahi izan dut aste honetan». Hor doaz lauak.

Audio_placeholder

Martxoko musika loraldia Izkander Fernandezen eskutik

Loading player...
Laukote formatuan kaleratu du bere azken diskoa Arima taldeak
Laukote formatuan kaleratu du bere azken diskoa Arima taldeak (Eneko P. ARNAIZ)

Yves Tumor - Lovely sewer

«Hizkuntza anitza eta aberatsa du eta hainbat gauza nahasten saiatzen da puntu berean. Elektronikarekin lotura izan dezakeen r&b modernoa, musika beltza, souletik-eta edaten duena, eta gero rock alternatiboaren eta garai bateko gitarren eragina du. Jay-Z, Smashing Pumpkins eta Prince taberna batean elkartu eta zerbait egiteko asmoa izango balute, hau aterako litzateke. Yves Tumorren ibilbidea behetik gorakoa da eta azken urratsetan emaitza bikainak lortzen ari da, gainera. Disko ona etorriko zela aurreikusten genuen eta bete du, album bikaina kaleratu du», hasi du aste honetako bere tartea Izkander Fernandezek. Primavera Sound jaialdian izango da Tumor; bai Madrilen, zein Bartzelonan hala Oporton ere.

dEATHCRASH - Empty heavy

Doinu pausatuagoen alde egin du bigarren aukera lemoaztarrak: «Aurreko diskoak baino sinpleagoa dela esan dezakegu, baina probokatzailea izaten jarraitzen du eta zer esana emango dugu talde honek. Haiei buruz ez dago informazio gehiegi, baina Pitchforken 7,1 eman diote eta interesgarria da taldearen inguruan aipatzen duten guztia. Post-rockaren bueltan ibili ziren lehen eta, gerora, geldoago eta ilunago bihurtu ziren. Orain, are motelago datoz. ‘Dentsitateaz harago’ bezala bataiatu genituen tarte haietan sartzeko moduko musika dela esango nuke Londresko talde honena».

Arima - Kea eta larruak

Disko luze bat espero genuen Arima taldearen hurrengoa eta «emaitza ikusita are gehiago, nahiz eta bagenekien EP bat kaleratuko zutela. Ez dago Pitchforken hau, baina duen estiloa, kalitatea eta emakume bat izanda liderra, pozik egongo ziren ziur, nota ona eskuratuko zukeen lan honek. Lau kanta dituen diskoa da, baina gehiagoren gogoz geratu gara. Goranzko bidean doa eta esan dezaket akaso ez nuela hain arin esperoko halako emaitzarik. Hirukotea ziren orain arte eta, egun, Josu Palacios batu da proiektura, beste gitarra-jotzaile ba. Orain Paulek askatasun gehiago izango du abesteko ere. Gorputz gehiago hartu du taldeak eta nabaritzen da lan honetan. Nazioarteko talde batekin konparatzekotan, Slowdive taldearekin konparatuko nuke Arima taldea, eta nik uste dut Paule bera ere gustura jarriko dela hau iristen bazaio, shoegaze musikan mitiko batzuk direlako».

The Lords of Altamont - Going nowhere fast

Energia dosi bat utzi du bukaerarako Izkander Fernandezek: «Garage rocka, psikodelia eta energia asko duen taldea da The Lords of Altamont. Aurretik entzun ditugun taldeak ilunagoak eta dentsoagoak dira eta horrekin apurtzeko, asteburu atariari puntua hartzeko, gitarrak ongi etorriko direla uste dut. Aipatu Altamont Kalifornian egin zen jaialdi bat dela, 1969an, The Rolling Stones taldeak antolatuta, baina ez ziren antolatzaile onak izan. Segurtasunerako Hell's Angels taldea hartu zuten eta LSD partida txar bat ere egon zen bertan, kaos handi bat sortuz guztiarekin. Kartel oso ona zuten, baina, egoera ikusita, Greatful Dead taldekoek ez zutela joko esan zuten. 60etako amaierako kapitulu ilun bezala ikusten da askotan Altamonten gertatua, hippie mugimenduaren amaiera bezala, eta kontrakulturaren abiapuntua hemen dagoela ere esaten du askok. Bada, horren omenetan jarri zioten izena talde kaliforniar honi».

Jaurlaritza Logoa