En direct
‘Los reyes del mundo’ (Laura Mora, 2022)
Donostiako Zinemaldian urrezko maskorra irabazi zuen ’Los reyes del mundo’ estreinatzen da Hego Euskal Herriko zine aretoetan. Gaur egungo Kolonbian kokatuta, ‘Los reyes del mundo’ filmak ezer ez duten, eta jada herrialdeko politika eta gizartean sinesten ez duten, klase maila baxuko gazte talde bat du protagonistatzat. Haien helburu bakarra da lagunetako batek herentzia bitartez lortutako lurraldeak berreskuratzea. Road trip bezala kontatuta, gazte hauek herrialdeko hiri eta landa eremua gurutzatuko dute eta bidean naturak eta Kolonbiako burokraziak jarritako oztopo ezberdinekin egingo dute topo.
Laura Mora zuzendariak Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen bere lehendabiziko filma ere: Matar a Jesus. Lan honekin Gaztediaren Saria irabazi zuen (Filmin plataforman dago ikusgai). Bere bigarren filmak urrezko maskorra irabazi zuen arren, aitortuko dizuet, niri ez zitzaidala gehiegi gustatu ideia eta kontzeptu aldetik. Prefabrikatu samarra iruditu zitzaidan. Road Trip bezala erakusten diren irudiei bideoklip itsura hartu nien. Hala ere, film hausarta eta interesgarria da.
‘Blue Thermal’ (Masaki Tachibana)
Bere bizitza osoan zehar kirol talde ezberdinetan ibili den eta orain unibertsitatean hasi berri den neska bat da filmeko protagonista, mutil batetaz maitemindu eta hau hegazkinlarien kirol taldean dagoela aprobetxatuz protagonista ere talde honetan emanen du izena.
Nahiz eta argumentu aldetik beste munduko ezer ez duen ematen, nik esango nuke azken hamarkadetan zehar japoniar animaziozko filmak kalitatezko berme bihurtu direla, eta kasu honetan ‘Blue Thermal’ honek hain ezaguna bihurtu den ’Your name’ ekarri dit niri gogora.
Gainera, animazio eta soinu banda oso erakargarriak dituen pelikula bat dela esango nuke.
Plataformetan zer ikusi?
APPLES (FILMIN)
2020an estreinatu zen ‘Apples’ filma eta Filmin plataforman duzue ikusgai, zuzenean egin du salto plataformara, zinema aretoetatik pasa gabe. Christos Nikou greziarrak zuzenduta, bertsio originalean dago filma.
Mundu mailako pandemia baten ondorioz oroitzapenak galdu dituzten gizabanakoak erakusten ditu filmak eta 40 urte inguruko gizonezko bat da pelikulako protagonista. Oroimen galera honen ondorioz errehabilitazio moduko egitasmo batean parte hartuko du, eta han bere arazo berdina duen emakume batekin maiteminduko da.
Niri filmak Yorgos Lanthimosen hasierako filmak ekarri dizkit gogora. Ezagutzen dugun gizartea kanpo botere baten ondorioz eraldatzea eta aldaketa hauetan bere lekua aurkitu behar duen gizabanakoak erakustea Lanthimosen zinemako ezaugarri argiak dira.
Christos Nikouren lehen luzea Canneseko Zinemaldiko ‘Una Cierta Mirada’ Sailean lehiatu zen. Ffilmak aipatutako Lanthimosekin duen antza ez da kasualitatea, Nikouk zuzendari laguntzaile bezala lan egin baitzuen Yorgos Lanthimosekin.
Greziar zinemagilearen zinema gustuko duten entzule denei gomendatzen diet ‘Apples’ eta norbaitek Lanthimosen zinema ikusteko aukerarik izan ez badu, nik biziki gomendatzen ditut bere ‘Canino’, ‘Langosta’, El sacrificio de un ciervo’ eta ‘La Favorita’.
ALI Y AVA (Movistar)
Azken gomendioa hauxe: Movistar +-en estreinatzen den Clio Barnarden 'Aly y Ava'.
‘Ali eta Ava’ filmean egoera berean dauden gizon eta emakume bat dira protagonistak, biak daude banatu berri. Lagun bat konpartitzen dute eta hari esker ezagutuko dute elkar. Hasieran lagunak izango dira, baina denborarekin bien arteko amodio interesa handituz joanen da.
Nahiz eta 100 aldiz kontatutako istorio bat dirudien filmak, benetan, gomendio eder eta xamur bat da ‘Ali eta Ava’. Azpimarragarria da 2021eko Canneseko, Torontoko eta Sevillako Zinemaldietan lehiatu zela filma, eta nik komedia, drama eta amodioa modu oso interesgarrian lantzen dituela esango nuke.