En direct
«Azken unean zerrenda aldatu behar izan dut, doinu urbanoagoak ekarri behar nituelako, baina gurean emaria handia izaten ari da eta pozik nago aldatu behar izan dudalako», hasi du aste honetako tartea Iker Bárbara kazetari bilbotarrak. «Askoren momentua orain izaten da, diskoa laster kaleratuko duten taldeak izaten dira, udako jaialdi eta festei begira gauzak aurkeztu behar izaten direlako», dio Zarata Mondo Sonoroko arduradunak. Izan ere, Durangoko Azokaren ostean, udaberria izaten da diskoak kaleratzeko ohiko garaia.
Arima - Kea eta larruak
Paule Bilbao buru duen proiektuak Arimak, 2019an atera zuen lehen lan laburra eta 2021ean beste sei kantuz osatutako diskoa kaleratu zuen: «Orain, single berria aurkeztu du, EP berri baten aurrerapen abestia, Txapekin Bonberenean grabatu dutena. Hirukote bezala grabatu dute lana, baina taldekide berria izango dute hemendik aurrera, Josu Palacios gitarra-jotzailea. Interesgarria egin zait kantu hau aurrerapen abestia delako batetik, baina baita etapa berri batean sartu direla iruditzen zaidalako ere. Gitarraren soinuak post-rock taldeak ekartzen dizkit gogora eta ikusiko dugu zer etorriko den, baina sorpresaz hartu dut lehen abesti hau».
The Riff Truckers - Criminal
2005ean sortu zen The Riff Truckers taldea eta 4 urtean behin ari dira diskoak kaleratzen, azkena, ‘Mustang’ laster izango da kalean: «Oso rockeroak dira eta zuzenekoetan asko disfrutatzen den taldea da The Riff Truckers. Gernikan ez dakigu zer gertatzen den, baina amerikar soinua dago bertako hainbat taldeetan txertatuta». Izan daiteke akaso Estatu Batuetara artzain edota zesta-puntan jokatzera joan direnekin lotura izan dutelako gernikarrek, eta hauek behintzat badute Nashville soinua.
Muzak - Lugorrian
Eibarko Legarreko lokaletan hasi eta egun Elgoibarren kokatzen da Muzak proiektua, ‘Irabaziak eta galerak’ EPa kaleratu duen taldea: «Rockaren ertz asko ukitzen dituzte eta hori izango da etorkizunean egin beharko dena, gauzak nahastu eta esperimentatzearena, gustuz eginda beti ere. Rockean aurretik egin den zerbait errepikatzen saiatzen bazara, purista izaten bazara, oso oso ona izan beharko duzu jendearen interesa pizteko. Hala, hauek egin dutena interesgarria da. Muse, Biffy Clyro, Berri Txarrak edota Kuraia aipatzen dituzte beren eraginetan. Hautatu dudan kantuan, kolaborazio bat ere bada, Etxekalte taldeko Unai Irisarri abeslariarena».
Chill Mafia - La Gaztea
Aurreko asteburuan bi egunez hartu zuten Donostiako DabaDaba Chill Mafiakoek eta horrekin eman diote bukaera ‘Ezorregatik x Berpizkundea’ diskoaren zikloari. Kantu berria atera dute orain, nolabait ere etapa berri batera salto egitera doazela aipatuz: ‘Gazte arruntaren koplak’ atera zutenean eztanda bat izan zen eta geratzeko etorri zirela erakutsi zuten. Ben Yart ere eszenan agertu zen eta bere trebezia erakusten joan da pixkanaka. Eta aipatu behar da ‘Barkhatu’ atera zuten momentua ere, mugarri garrantzitsua izan zelako, Hofe eta 4:40rekin batera egin zuten abestia, gainera. Orain, eten bat hartuko omen dute eta ea lasaitasuna aurkitzen duten gauzak nahi bezala egiteko, ikuskizun baitago zer egiongo duten eta halako hasiera baten ostean bigarren zati bikaina espero dugu.