Zuzenean

Elkarrizketa
Joanes Iñurrieta eta Ruben Irigoyen
Muzak taldeko musikariak

«Krisi batzuk pasatzen ditugu denok bizitzan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izaten dira»

Egia da jende asko disko luzeetara begira jatzen dela, baina EPek ere badute bere xarma. ‘Irabaziak eta galerak’ izenekoa atera dute Aitor Sagarmendi, Joanes Iñurrietak eta Ruben Irigoyenek, Muzak taldeak. Disko indartsua, erreferentziaz josia eta rockaren energia eta indarra transmititzen dituena.

Audio_placeholder

«Krisi batzuk pasatzen ditugu denok bizitzan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izaten dira»

Loading player...
Lau kantuz osatutako ‘Irabaziak eta galerak’ lana kaleratu dute Muzak taldekoek.
Lau kantuz osatutako ‘Irabaziak eta galerak’ lana kaleratu dute Muzak taldekoek. (MUZAK)

Talde baten helburua askotan kantu askoko disko bat ateratzea izaten da, baina zuen kasuan EPak ere lan dezente eman dizuela esango nuke.

Joanes Iñurrieta: Egia da guri konposatzea asko kostatzen zaigula, baina kantuak behar genituen zuzenekoetarako errepertorioa zabaltzeko. Hortaz, horiekin osatu genuen EP hau.

Ruben Irigoyen: Askotan eskuetan erre egiten dizute kantuek eta, zuzenekoetan, pare bat kantu jotzen bagenbiltzan, beste bat erdi bukatuta geneukan eta laugarrena sortu eta disko laburra ateratzea erabaki genuen. Baina bai, asko kostatzen zaigu konposatzearena.

Muzak, taldearen izena bera nondik dator?

R.I.: Betiko kontua izaten da taldeari izena jartzea eta asko kostatzen da. Muzak talde bakarra ez garela badakigu eta gainera marka erregistratua zen lehen. Denboran atzera, 60etan, 80 pisuko edifizioetan eta horrelakoetan, 10 minutu pasa behar ziren igogailuetan, geldoak zirelako, eta musika jartzen zuten Muzak deitzen zen gailu batekin. Musika subliminalki sartzen zuten jendearen belarrietatik, hortaz, zerbait lortu nahian jartzen zuten. Bada, horregatik jarri genuen Muzak.

Toki aldaketa ere izan duzue bide honetan.

J.I.: Bai, ikasle garaian Eibarko Legarreko lokaletan hasi ginen bateriarekin eta gitarrarekin jolasean eta berez horraino garatu genuen kontua. Baina gauzak forma hartzen hasi ziren eta 2013an hasi ginen arren jolasean, beranduxeago baxu-jotzaile bila hasi ginen.

R.I.: Beti elkarrekin gauzak egiteko eta abar genbiltzan Joanes eta biok eta ikasketak bukatu genituenean Sagarrekin hasi ginen kontaktuan, baina hark ikasketak bukatu arte ezin izan genion gaiari serio heldu. Baxu-jotzailearen figura aurkitzen oso zaila izaten da eta eutsi genion egoerari Sagar itzuli arte. Gero, pandemia etorri zen. Baina beno, jarraitzen dugu, gaur egun Elgoibarren, eta aurrera goaz.

Diskoari izena ematen dion kantuak irekitzen du albuma. Dinamika askoko kantuak, post-rockaren ukituak, metalaren esentzia… denetarik du eta Foo Fighters bezalako taldeak etortzen zaizkit burura. Nondik abiatzen duzue kantua?

R.I.: Hasierako minutu hori aparteko intro bat izan zitekeen eta hasieran gainera horrela planteatu genuen. Gure barneko komunikazioan intro deitzen da, baina zerrendatan edota irratietan titulu horrek zentzua galtzen du. Intro horrek merezi zuen kantua eta ‘Irabaziak eta galerak’ bezala geratu da.

Kantuaren hitzak eta musika batera sortu ziren?

J.I.: Bai, nahiz eta beti musika etortzen den lehendabizi. Hitzak bi hilabete beranduago etorriko ziren gehienez ere. Egun dagoen egoerari egiten diogu kritika, dena debaluatzen ari delako, bizitzak barne.

R.I.: Geroz eta buru gehiago daude eta geroz eta gutxiago balio dute.

Armen industriari kritika bat ere badago.

J.I.: Herrialdeen arteko negoziaketa guztietan armak daude mahai gainean eta gerrak sekulako negozioa dira.

R.I.: ‘Carne de cañón’ gara, eta sekulan baino gehiago.

‘Lugorrian’ kantuan Unai Irisarri Etxekalte taldeko kidea izan duzue kolaboratzen. Harremana aurretik zenuten edo besterik gabe gogoko zenutelako eskatu diozue diskoan parte hartzea?

J.I.: Bigarrena izan da erabat. Taldeak kontzertuetan eta ezagutzen joan gara eta, haietako batean, Rubeni asko gustatu zitzaion Unairen ahotsa. Gaztain estudiora grabatzera etortzeko esan genion eta oso pozik geratu gara.

R.I.: Pertsona gertukoa da, behar den moduan, eta ondo konpondu gara. Oso berezia zenez bere ahotsa, bereziki ondo geratuko zela uste genuen abestian, eta hala izan da, pozik geratu gara emaitzarekin.

Abestietan erritmika desberdinak izatea noren erabakiz izaten da?

J.I.: Musikalki disruptibo samarrak gara, ez zaigu askorik gustatzen monotonia.

R.I.: Eta hori Joannes nahikoa ‘manporreroa’ dela, ez du asko loratzen kontua eta oso ondo geratzen da. Oraindik ere gehiago konplikatuko nintzateke ni, progresiboago izango nintzateke. Kantu bat badaukagu aurten ateratzeko moduan egon daitekeena eta bide horretara gehiago doana; bideoklip eta guzti etorriko da.

Adrenalized bezalako talde bat etorri zait hemen burura.

R.I.: Izan daiteke, baina askoz ere azkarrago doaz haiek zalantzarik gabe.

J.I.: Akaso amerikarragoak dira haiek.

Disruptiboak zaretela diozue, hor Etxekalterekin bai egiten duzuela topo.

J.I.: Nik konposatzeko molde oso zaharra dut, estrofa, zubia, errepika aurreko zatia, errepika… Zati desberdinak hartzen ditut baina koadratu samarra naiz. Etxekaltek, berriz, zati bat asko behin bakarrik jotzen ditu eta horregatik dira abestiak laburrak.

R.I.: Gure baldintza bakarra kantuak planoak ez izatea da.

Gitarra eta baxuaren lana azpimarratzekoak dira ‘Denbora’ kantuan. Loratuxeago dagoen kantua da akaso.

J.I.: Kantu hau poperoagoa da akaso. Lehen Foo Fighters aipatu duzu eta kantu honen izen ez-ofiziala horixe bera zen. Rock melodikoago bat bilatu dugu, entzuteko zerbait errazagoa dena.

R.I.: Bai, eta hirugarren tokian dago diskoan, arnas pixka bat hartzeko ere.

‘Lugorrian’ krisi esistentzial baten inguruan dago idatzita eta ‘Denbora’ denboraren beraren iheskortasunaz ari da. Ez dakit askorik laguntzen dioten elkar.

J.I.: Arrazoi, zer pentsatua eta gogoetarako tartea zabaldu nahi izan dugu.

R.I.: Zerbait oso gizatiarra da eta adinaren kontuak ere badira tartean. Krisi batzuk pasatzen ditugu denok bizitzan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izaten dira eta abar. Jendeak har ditzala egoera hauek normaltzat, etorri bezala joaten direlako eta pasatzen diren gauzak direlako.

Pau Dones abeslariari egiten diozue keinua abesti honetan.

J.I.: Ez naiz sekula fana izan baina familiako autoan ‘Depende’ diskoa asko entzuten genuen. Denboraren inguruan esaten zituen gauzak oso gogoko nituen eta berari abestu nahi nion eta bere izena sartu, zergatik ez?

R.I.: Ez naiz izenak sartzearen oso aldekoa ni, baina kantuetan esan dituenaz harago, bere bizitzaren azken etapan Pau Donesek izan duen jarreraren oso fana naiz. Hartara, bere izena bertan ikustea ondo ikusi dugu denok. Bere izena eta abizena dira akaso disko honetan aipatzen den gauza positibo bakarra. Izan zaitezte Pau Dones bizitzako egoera txarren aurrean.

‘Darwin’ kantuarekin berriz ere iluntasunera goaz. Offspring, Berri Txarrak, Limp Bizkit edo Papa Roach etortzen dira burura. Zuek musika mota horien eboluzio bat egin duzue eta letretan inboluzioaz ari zarete. Gizakia edo gizartea dago inboluzioan?

R.I.: Bata bestearen eskutik doa eta horregatik goaz abiapunturaino. Inteligentzia dugun unetik begira nola joan den guztia eta ez dakit nora goazen, zalantzak ditugu.

J.I.: Espezie bezala gauza bat gara eta bestea da nolakoak garen gizarte moduan. Gizakiok egiten ari garenarekin ez dakit aurrera goazen edo ez.

Diskoa fisikoan atera duzue?

J.I.: Bai eta lehen diskoa fisikoan ateratzeko aprobetxatu dugu, orain arte ez geneukalako kalean. Hamar eurotan lau abesti berriak eta aurreko zazpiak eskuratu daitezke. Gurekin harremanetan jarrita, bandcamp bidez edota kontzertuetan eskuratu daiteke diskoa.

Kontzertuetan esan duzue, gertu baduzu baten bat?

R.I.: Egia esan behar badugu guzti honek nola funtzionatzen duen ikasten goaz. Sei edo baditugu lotuta eta datorrena maiatzean izango da, 20an, Tolosan, haragi festen. Katapulta Tourren baitan aukeratuak izan ginen eta lau kontzertu lotu dizkigute, oso pozik gaude horrekin.

Eboluzioan jarraitu eta galera baino irabazi gehiago izan ditzazuela aurrerantzean. Mila esker!

Eskerrik asko zuri!

Jaurlaritza Logoa