En direct

Jeff Buckley urteko lehen protagonista Izkander Fernandezen tartean

Momentuz ez daude disko berri asko urte hasiera honetan eta urtarrilean lizentzia hartu eta aintzinako kantuak ekartzeko aprobetxatuko du Izkander Fernandezek asteroko tartea MusikHaria saioan. Aste honetan protagonista nagusia Jeff Buckley izan da.

Audio_placeholder

Jeff Buckley urteko lehen protagonista Izkander Fernandezen tartean

Loading player...
Jeff Buckleyk disko bakarra utzi zuen bere ibilbidean, baina baita sekulako arrastoa ere
Jeff Buckleyk disko bakarra utzi zuen bere ibilbidean, baina baita sekulako arrastoa ere (Merri Cyr)

Tartea gogoeta edota bidaia batetik abiatuta hasten duela esan digu Izkander Fernandezek: «Kasu honetan, Gabonetan Jeff Buckleyren diskoa, ‘Grace’, entzuten jarri nintzela sortu zen ideia. Gaztea nintzenean parranda, alkohola, rocka eta sexua baino ez nituen buruan, baina, egun batez, Jeff Buckleyren diskoa entzun nuen logelan eta zerbait mugitu zen nire barruan eta nire pentsamoldea zabaltzen hasi zen, gauzak ez zirela beti horrela izango jabetzen».

Jeff Buckley - Grace

«Nik uste dut hemen ikusten dela argi zer den Buckleyren musika. Gitarrak garbi entzuten dira, distortsiorik ez… Diskoaren argazki orokorra egiteko kantua dela uste dut eta horregatik aukeratu dut, besterik gabe», esan digu labur lemoaztarrak, Buckleyren musikari eman baitio protagonismo guztia.

Habi - Hegoak

«Badu Buckleyrenaren tankerarik hauen musikak, oso organikoa delako dena eta duen soinua oso berezia delako. Victor Sanchezek gustu oso fina du gitarrekin, Kristonak taldearen diskoan ere garbiak direlako eta oso ondo grabatuta daudelako. Horrez gainera, Yeray Gascón ‘Bele‘-ren ahotsa oso berezia da. Bikotea direla gogoratu behar da, eta, hala ere, oso gertu daude Buckley eta Habiren soinuak», nabarmendu du Fernandezek.

Estankona - Hego haizez

Gertukoa duen musikari bat ekarri du hirugarren tokian gure musika adituak: «Zuzeneko bat grabatzea bururatu zitzain Borja Estankonari eta Ilargi Agirre baterian, Joseba Irazoki gitarran, Sergio Mayoral tronpetan eta Txus Aranburu akordeoiarekin batu zituen horretarako. Ez ginen asko izan kontzertu hartan, baina kalitate bikaina eskaini zuten eta hortik ateratzen dut kantu hau (bideoko 35. minutuan), izan ere ez dago bere diskografian beste inon, zuzenekoan soilik».

Jeff Buckley - Last goodbye

Buckleyrekin hasi eta berarekin bukatu du aste honetako tartea Izkanderrek, berriz ere hitz gutxi erabilita: «Ironikoa bada bere disko bakarra izatea eta izen hau daraman kantua sartzea bertan. Ziurrenik ‘Grace’ kantuko pertsonaia berari idatzita egongo da, beraz, tartea borobiltzeko balio duela uste dut kantu honek».

Jaurlaritza Logoa