Zuzenean

Urteko bost disko onenen hautaketa luzatu digu izkander Fernandezek

MusikHaria saioan astero proposamen desberdin ugari ekartzin dizkigu Izkander Fernandez musika adituak. Nazioartera begira jartzen da, baina etxekoaren aldeko apustu sendoa ere egiten du. Eta horrela osatu du 2022ko disko onenen zerrenda ere azken orduetan. Bost onenak, MusikHarian aipatu ditu.

Audio_placeholder

Urteko bost disko onenen hautaketa luzatu digu izkander Fernandezek

Loading player...
Bigarren lan luzea kaleratu berri du Ondarroako Dena taldeak.
Bigarren lan luzea kaleratu berri du Ondarroako Dena taldeak. (KLIK KLAK)

Entzun dituen diskoen artetik 2022ko top 5a ekarri digu Izkander Fernandezek urteko azken kolaborazioan, eta, egiari zor, hautatzen dituen diskoak beste hainbat zerrendatan ere goiko postuetan agertu izan dira aurreko urteetan. «Duela bi egun arratsalde partean moldatu nintzen, baina estres moduko zerbait sortzen zait, programatzen txarra naizelako, azken ordura arte uzten dudalako beti zerrenda egitearena», kontatu digu lemoaztarrak. 

5. Brutus - Liar

‘Unison life’ diskoa kaleratu du aurten Brutus talde belgikarrak eta horrekin abiatu dut urteko top 5a Izkanderrek: «Kuriosoa da nire top 20an Belgikako bi talde sartu izana. Istorio kuriosoa du taldeak, Refused taldearen disko baten bertsio taldea zirelako sorreran, baina Stefanie Mannaerts batu zen gero bateria jotzera eta, abestu bikain egiten zuenez, Brutus izenarekin hasi ziren». Diskoaren B aldeko lehen abestia ekarri digu Izkander Fernandezek lagin moduan.

4. Ezpalak - Ez itxoin

Akaso denbora gehiegi ez du izan MusikHaria saioko kolaboratzaileak disko hau entzuteko, baina zerrendan ez du hutsik egin Ezpalakek. «Ofizialki abenduaren 2an atera bazen ere, zortez, elkarrizketa bat prestatzeko, diskoa aurretik entzuteko aukera izan nuen. Disko laburra da, oso zuzena eta oso gogorra. Aurten, tartera hirugarren aldiz ekarri dudala esango nuke, baina talde honek agertu zenetik nire bizitzan leku garrantzitsua hartu du. Disko hau ‘Kolpatu topatu’ diskoaren bigarren zati bat dela esaten dute, eta leku berdinetatik badoa ere, interesgarria da punk bideetatik ere esploratu dutela. Nirvanaren soinua ere hartzen dute hainbatetan eta batez ere horregatik hautatu dut kantu hau; niri gehien eragiten didan diskoko abestien artean dago», aipatu du Izkanderrek.

3. Tedeschi Trucks Band - Play with my emotions

Lau EP atera dituzte aurten eta azken unean disko bat osatu zuten, bi orduko iraupena duena. Hau da taldearen inguruan lemoaztarrak esan diguna: «Susan Tedeschi eta Derek Trucks ezkondu ostean, elkarrekin sortu zuten taldea. Grammy bat eskuratu zuten bere garaian eta blues rock eta southern rockaren inguruko ariketa bikaina egin dute disko honetarako. Urteko onena izango zela uste nuen iraila bueltan, nahiz eta prentsa espezializatuan ez den goiko tokietan izango. Lau EP diren arren disko moduan ikusten dut hau, hori bai, garestia ere bada, lau binilo direlako orotara. Hautatuko kantua bigarren EPan dago, laburra da, ez da akaso diskoko kanturik onena, baina kantu luzeak direnez besteak, horrela behar du izan».

2. Biznaga - Contra mi generación

«Lehen aipatu dut nola Tedeschi Trucks Band taldearen diskoarekin lehen tokian egongo zela pentsatzen nuela eta Biznagarekin ere espero nuen halako zerbait, baina ez nuen hain goian egongo zenik espero. Gure garaian ez zen horrelako punk erdi ilun eta melodikoa hainbeste egiten. Jendearen erantzuna oso ona da, Garan irakurri genuen elkarrizketa, Bilboko Kafe Antzokian izan ziren, laster etorriko dira Gasteizko Helldoradora eta badute halako lotura bat Euskal Herriarekin. Beren belaunaldiarekin konektatzeko nahia dute, garaian Berri Txarrakek lortu zuen moduan, beste prisma batetik horrelako zerbait egin nahi duela uste dut», egin du gogoeta Fernandezek.

1. Dena - Mugadun hutsune

Pandemia garaian ezagutu genituen Dena taldekoak, 2020an atera zutelako lehen lana eta orduan eman zutelako lehen kontzertu esanguratsua ondarroarrekoek. «Zaleak gara, lehenengo zuzenekoa izan zen ez dakit, baina 2020ko DabaDabako kontzertuan izan nintzen. Disko onena pentsatzerakoan ez nuen uste hau izango zenik lehen tokian jarriko nuena, baina azken hiru hilabeteetan konturatu naiz hau dela gehien gustatu zaidan albuma, nire barruan hazten joan dena. Hasiera eta bukaera sekulakoak dira, traparekin jolasean dabiltza, black metalarekin ere bai… Gazteak direla eta etorkizuna dutela dio askok, baina gaur ere badakitela erakutsi dute eta horregatik doa nire 2022ko disko gogokoenen lehenengo postura», bukatu du Izkander Fernandezek.

Jaurlaritza Logoa