En direct

NAIZ irratia

Oroimen historikoa landuko duen irratsaioa izango du NAIZ irratiak

Oroimen historikoa ardatz nagusi izango duen saioa abiatuko da astearte honetan, urriak 11, NAIZ Irratian.  ‘Hemen Gertatu Zen’ asteartero izango da 19:00etan eta Peli Lekuonak gidatuko du.

Audio_placeholder

Oroimen historikoa landuko duen irratsaioa izango du NAIZ irratiak

Loading player...
Hemen Gertatu Zen saioaren irudia
Hemen Gertatu Zen saioaren irudia (NAIZ irratia)

Oroimen historikoari beti eman zaio garratzia  NAIZ irratian, eta ahotsa eman zaie herri honetako historia berreskuratzen lanean ari diren herritar, elkarte eta instituzioei. Gaiaren garrantziaz jabeturik eta bide horretan urrats bat emateko martxan jarriko da ‘Hemen gertatu zen’ saioaren lehen denboraldia. Peli Lekuona kazetariaren gidaritzapean, asteartero, arratsaldeko 19:00etan izango da irratsaioa. Zuzenean zabalduko da FM bidez eta internet bidez, eta ondoren, NAIZ irratiko webgunean eta podcast plataformetan entzungai jarriko da.

Asteroko saio honetan Euskal Herriko oroimen historikoan lanean ari diren proiektuei egin nahi zaie lekua, aktualitatea ere errepasatuko da eta astero oroimen historikoa ikuspuntu ezberdinetatik landuko duten kolaboratzaileak pasako dira.

‘Hemen Gertatu Zen’ lehendabiziko saioan Memoria Demokratikoaren lege berria hartuko dute hizpide Josu Ibargutxik eta Iñigo Santxok. Lehena Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kidea da, bigarrena, abokatua. Jose Luis Rodriguez Zapateroren 2007ko Memoria Historikoaren Legea ordezkatuko du lege berri honek. Pasa den urriaren bostean onartu zuen Espainiako Senatuak eta laster publikatuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Lege honi esker, hildakoen gorpuak berreskuratzea eskubide bat izanen da, eta Estatua egingo da bilaketa horien kargua. Lana errazteko, DNA banku bat sortuko da. Urriaren 31a biktimak omentzeko egun ofiziala izanen da eta maiatzaren 8a, erbesteratutako biktimen eguna. 1936ko estatu kolpearen biktimak gutxietsi eta frankismoaren apologia egiten duten fundazioak desegingo dira. Horiek lege berriak ekarriko dituen aldaketa batzuk. EHBilduk eta EAJk aldeko bozka eman zuten Senatuan eta legea aurrera atera izanaren balorazio positiboa egiten dute. Memoriaren Lege berriak baina baditu argi ilunak, hanka motz geratzen baita hainbat esparrutan. Horiek guztiak aztertuko dira biharko saioan Ibargutxi eta Santxorekin.

 Peli Lekuona izanen da ‘Hemen Gertatu zen’ saioaren
gidaria. Naiz Irratiko kazetaria izateaz gain, Bidasoaldeko Kepa Ordoki elkarteko kidea ere bada. Memoria sustatzeko elkarte bateko kidea bazara eta zuen proiektuaren berri eman nahi duzu idatzi plekuona@naizirratia.eus helbidera edo NAIZ irratiko telefonora deitu: 943 316 999.

Jaurlaritza Logoa