En direct
Doinuetatik Haratago podcast-ean parte hartu du Maite Goñi irakasle eta eraldaketa digitalean adituak. Bere lau abesti kuttunenak zeintzuk diren kontatu dizkigu eta Londresen nerabezaro/gaztaroan izandako bizipenak, bere lehen lana, Mikel Laboa eta indarra duten doinuak aukeratu ditu. Denetarako lekua dago ordiziarraren bihotzeko doinuetan.
John Lennonen 'Imagine' eta David Bowieren 'Soul Love' abestien artean zalantzati aritu ostean, Londresko musikariak 'The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars' diskorako ondu zuen kantua aukeratu du bere lehen kantu kuttun gisa. Gogora ekarri du ingelesa ikastera Londresera egindako bidaia, eta nola musika ekoizlea zen Goñi zaindu zuen familiako burua. Bizipen horiei heldu die hautautako saioari buruz hitz egiteko.
Londresko egun horietatik Maite Goñiren lehen lanerako zubi lanak egin ditu Gary Mooren 'Still Got the Blues' kantuarekin. Izan ere, gogoko du soul musika, eta abeslari beltzen musika, bereziki Aretha Franklin eta Roberta Flack bezalakoak. Baina, abestia aukeratzeko arrazoietako bat 1990 hamarkada hasieran Goñik Euskadi Gaztean lan egin izana da. Haren ahotik ikasi dugu oso bestelakoa zela irratigintza, edo behintzat, abestiak irratian ipintzeko prozedura.
Eta Gary Mooretik ia aurkezpenik behar ez duen musikaria hirugarren abestirako: Mikel Laboaren 'Lili bat'. Buklean entzuten duen abestia omen da. Joseba Sarrionandiaren hitzak ditu, eta «letra oso intimoa eta iradokitzailea» dauka, Goñiren aburuz, Tolosako Leidor aretoan azkenekoz zuzenean ikusi zuen kontzertua ere ekarri du gogora, Laboa «zaurgarri» baten zuzenekoa. «Mikel Laboa bera zen berzia, oparia euskal musikarentzat (...) Ez dago hainbeste adostasun biltzen duen musikaririk».
Lau abesti kuttunen zirkulua isteko, berezko duen pasioari heldu, eta pasioa itzaldu beharrean, sumendi bat bezala pizten dituen doinuetara jo du Alicia Keysen 'Girl on Fire' hautatuta. «Behin irakurri nuen eguneroko emakumeen omenezko abestia zela, eta horri egin nahi nion nik ere keinua».