En direct

Kulturaren egoeraren doluari eskaini dio estreinako lana Sega Sound Killers taldeak

Bizitza laburra duen proiektua da Sega Sound Killers taldea. Oarsoaldean sortu zen 2017an eta beren erraietan gordeta duten metalari uko egin gabe elektronikaren bidea hartu dute ‘Dolu’ estreinako lan luzean. MusikHaria saioan izan da Iñaki Altolagirre ‘Matxet’ taldekidea.

Audio_placeholder

Kulturaren egoeraren doluari eskaini dio estreinako lana Sega Sound Killers taldeak

Loading player...
Doluaren fase desberdinak musikaz jantzi ditu kolaborazioz betetako diskoan Sega Sound Killersek.
Doluaren fase desberdinak musikaz jantzi ditu kolaborazioz betetako diskoan Sega Sound Killersek. (Galder IZAGIRRE)

Kulturaren egoerari begira jarrita sortutako disko kontzeptuala dela esan genezake Sega Sound Killers taldearen ‘Dolu’. Doluak bost fase dituela dio Kübler-Ross psikiatra suitzarrak 1969an argitaratutako ‘On death and dying’ liburuak eta horietan oinarrituta dago ‘Dolu’ ere.

Hamabi kantu dituen diskoa da eta elektronikaren eta metalaren artean daude sortuta. Gainera, ia kantu guztietan kolaborazioak izan ditu talde gipuzkoarrak. Izerditzen hasteko etapan sartzen dira orain, aurkezpen birari ekingo diotelako hasierako plana bestelakoa bazen ere: «‘New sound’ kaleratu genuenean, hilabetero abesti bat ateratzea zen gure asmoa, baina gero jabetu ginen egoerak ez zuela horretarako aukerarik ematen, egiten duzun lana zuzenean jotzeko helburuarekin izaten delako. Hortaz, geratu eta diskoa ondo eta presarik gabe prestatzeko hautua egin dugu».

Kantu gehienak sortuta zeuden lehen kantua kaleratu zutenerako, baina gero diskoak beste forma bat hartu eta Portugal Txiki baserrian egin dute lan guztia. Bidean Mikel Irazoki (M-ak, Bizkar Hezurra, Miguel Bosé…) ere izan dute ekoizpen lanetan laguntzen ‘Exkalibur’ kantuarekin: «Berak diskoa osotasunean ekoiztea nahi genuen, baina beste liga batean dago eta agenda oso okupatuta izaten du. Zuzenekoetan ere parte hartzeko gogotsu zegoen, baina arrazoi berdinak medio, oraingoz ez da posible izango». Bere lan egiteko moldeak diskoa nondik eta nora landu lagundu diela ere kontatu digu Iñaki Altolagirre ‘Matxet’-ek.

Abesti horretan Sara Zozaya izan da abeslari lanetan synth-wave estiloari «kontrapuntu ederra» emanaz. Iluntasun dezente duen diskoa da, «giro ilunak gustatzen zaizkigulako, baina handik argira joatea nahi dugulako. Kantu honen letrak diskoaren esentzia gordetzen du. Musika eszena batekin jaio ginen eta pixkanaka hori desagertzen joan da, hortaz, horren dolua ere bada barruan gordetzen duena. Nostalgia dezente du», aipatu du Matxetek.

Kolaborazioak eta mezenasgoa

Crowdfunding kanpaina baten fruitua izan da lan hau kaleratu izana. «Lan asko eman digu, baina pozik gaude emaitzarekin. Kontzertuak dira gure proiektuak aurrera eraman ahal izateko eta, hori nola etenda egon zen, diru-iturri moduan ikusi nuen Gipuzkoako Aldundiaren crowdfunding kanpaina. Guztira 12.000 euro bildu genituen eta horrekin egin dugu aurrera. Mezenasekin hartu-emana izan dugu eta, tartean, baserrian hainbat pase egin genituen aurkezpen kontzertuaren prestaketa zuzenean ikusi zezaten haietako batzuk».

Kolaboratzaile zerrenda oso luzea izan da disko honetan. «Istorio hau kolore pixka bat emateko nahiarekin sortu zen. Diskoa berez oso anitza da, kantuak elkarren artean desberdinak dira. Baina bi urte hauetan bi kontzertu baino ez ditugunez eman, gogoko ditugun artista eta lagunak estudiora ekarri nahi izan ditugu. Abesti bakoitzak du bere istorio propioa kolaborazioari dagokionez».

Hala, Chico Tornado gitarrarekin, Alaine Salterain biolina hartuta, Meltdown taldekoak, Ainhoa Mertzero sopranoa, Aintzane Gamizen ahotsa, Haritz Lete ‘Lekter’ eta Zaloa Urain abesten, baita Okene Abrego, Rebeca Caballero edota Marga Altolagirre ere, aurretik aipatutako Sara Zozaya, Gorka Urra gitarra-jotzaile eta luthierra eta, bukatzeko, Fermin Muguruza, Juantxo Arakama eta Jousilouli taldeko Jeniffar Lopa eta Sandra Bulldog. «‘Sega’ kantua alde horretatik oso berezia izan da, belaunaldien arteko konexioa bilatu dugulako eta oso undregound mundukoa izan den dubstep estiloan, gainera», azaldu digu Matxetek.

Aurkezpen emanaldien hasiera

Prodigyren zantzuak dituzten kantuak, technoa, housea edota electro-minimala, funky ukituak… Denetarik duten abestiak dira EKTZ, Lusar, Eneko, Jota eta Matxetek sortu dituztenak. Orain horiek guztiak zuzeneko emanaldietan aurkezteko garaia iritsi zaie, eta, lehen geldialdia, martxoaren 5ean egingo dute Donostiako DabaDaba aretoan. Atzetik Iruñeko Akelarren izango dira martxoaren 26an, Bilboko Azkenan apirilaren 7an eta Gasteizko Urban Rock Concept aretoan apirilaren 27an.

«Gogotsu gaude Donostiako estreinaldirako eta kontzertuaren ostean festak aurrera segiko du Lusar eta EKTZk musika jarriko dutelako eta baita beste lagun batzuk ere. Jendea ere erantzun ona izaten ari da eta gurekin batera disfrutatzeko gogoz dagoela ari zaigu esaten», aurreratu digu Matxetek. Metala eta elektronika dantzagarriaz gozatzeko aukera izango da, beraz, ‘Dolu’-an murgilduta.

Jaurlaritza Logoa