Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

Elektronikaren arteaz ikasi dugu 'Beste bat' saioetan 'Sega Sound Killers' taldearekin

Ez da urte gehiegi elkarrekin dabiltzala, baina ibilbide luzeko musikariak elkartu dira 'Sega Sound Killers' proiektuan. Baina ez dira segalariak, 'Nintendo' zaleak baizik. Hortik taldearen izena.

Audio_placeholder

Elektronikaren arteaz ikasi dugu 'Beste bat' saioetan 'Sega Sound Killers' taldearekin

Loading player...
Urriko astelehenetan 'Sega Sound Killers' taldekoek elektronikaz blaitu dute 'Beste bat' saioa.
Urriko astelehenetan 'Sega Sound Killers' taldekoek elektronikaz blaitu dute 'Beste bat' saioa.

Gaur egin dute beren azken 'Beste bat' saioa 'Sega Sound Killers' taldeko kideek. Lau astez taldeko partaide bakoitzak bere saioa ondu du eta bidaiaren amaierara iritsi dira.

Bidaia, ordea, beren ibilbide musikala ezagutuz bukatu dugu. Izan ere, MusikHaria saioan izan da Eneko Lusar taldekidea. Beren hasierak ekarri ditugu gogora. Izan ere, Iñaki Altolagirre 'Matxet' eta Eneko Lusarrek nolabait ere ibilbide paraleloak izan dituzte harik eta 'Sega Sound Killers' proiektuan elkartu diren arte.

«Guretzako erreferente argia izan ziren gaztaroan 'Jousilouli' taldekoak, gure inguruko gehienontzat bezala», kontatu digu Lusarrek. Izan ere 'Matxet' talde hartako abeslaria zen eta belaunaldi baten soinu bandaren parte izan ziren Oarsoaldean bederen. Taldeak, ordea, bere bidea bukatu eta bitan banatu zen. Batzuk Pasaian geratu ziren 'Naizroxa' taldea osatuz, eta bestea berriz, Lezon, 'Dirua' taldea sortuz.

Lusar 'Dirua' taldeko abeslari izan zen, nahiz eta proiektu hark ez zuen askorik iraun. «Berez beste abeslari batek egon behar zuen bertan, baina aukera sortu zen haren ezezkoa eta gero eta hara joan nintzen». Lusarren ibilbidea ordea, beste bide batetik joan zen gerora 'John Berkhout' taldearen baitan. «Nire proiekturik garrantzitsuena eta gogokoena da. 'Jousi'-ren musika egiten genuenok ia-ia osatzen genuen taldea eta urte ederrak izan ziren», gogoratzen du Lusarrek.

Disko batetik bestera salto handia eman zuten, atmosfera elektronikoagoak ere bilatu zituzten. Baita bitartean gauza bera egin ere 'Matxet'-ek. Marga, arreba, bidelagun hartu eta 'Anai-arrebak' proiektua jarri zuten martxan, rock-a eta disco musika uztartu zituzten. Elektronikari garrantzia berezia emanaz.

Ez da kasualitatea, azkenean, Lusarrek eta Matxetek elkarrekin bukatzea. «Baserrian zerbait egosten zebiltzala kontatu zidan 'Matxet'-ek eta niri kuriositatea piztu zitzaidan. Behin gonbidapena jaso nuen zertan ari ziren ikusteko eta handik gutxira taldekide izateko proposatu zidaten. Eta horrela, gaur arte», kontatu digu Lusarrek.

Gaur, astelehena, 21:00etan izango duzue azken 'Beste bat' saioaren errepikapena entzuteko aukera. Bitartean, hemen elkarrizketa oso-osorik entzuteko aukera.

Jaurlaritza Logoa