En direct

Peru Atxa

Koska saria eskuratu du Iker Bárbara MusikHaria saioko kolaboratzaileak

Lau kantu ekarri dizkigu ohikoa den moduan ‘Zarata’ tartera, baina oraingoan besapean saria duela etorri da. Mende laurdeneko ibilbidea egin ostean, Koska saria eman diote Bárbarari musikaren zabalkundean egin duen lanagatik. NAIZ Irratian ere astero egiten du zabalkunde horretan ahalegina.

Audio_placeholder

Koska saria eskuratu du Iker Bárbara MusikHaria saioko kolaboratzaileak

Loading player...
Gaztain estudioan grabatu dute Lamiak taldekoek beren hurrengo diskoa izango dena. (LAMIAK)
Gaztain estudioan grabatu dute Lamiak taldekoek beren hurrengo diskoa izango dena. (LAMIAK)

Ospakizunez beteta etorri zaigu aste honetan Iker Bárbara kazetari bilbotarra, alde batetik, Euskalduna Jauregian Koska saria jaso duelako, eta, bestetik, berak zuzentzen duen Zarata Mondosonoro aldizkariak 25 urte betetzen dituelako aurten. Aldizkaria paperera itzuliko dela aipatu digu Ikerrek, «gaur egun bizi dugun mundua geroz eta digitalagoa denez, eguneko momenturen batean gauza hauek alde batera uzteko» helburuarekin. Horrez gainera, "pandemiaren egoerarekin, jendeak horrelako gauzak baloratzen ikasi» duela azaldu digu, horrelako gauzak mantentzea geroz eta zailagoa delakoan.

Proposamen interesgarriak egiten dituen abeslaria da Andrea Santago nafarra: «Abeslari gaztea da eta laster bere lehen lana kaleratuko duen arren, duela urte batzuk hasi zen bakarlari bezala ezagutzera ematen, hain zuzen ere, 2017an. Dimentsio handiak dituen artista denez, abesti izugarriak egiten ditu, soinu berezi eta interesgarriez osatuz. Folk intimista estilora hurbiltzen da eta gitarraren soinua, Bon Iver taldearena bezalakoa iruditzen zait».

Ramona's First Evil Boyfriend taldea izan da Bárbarak ekarri digun bigarren proposamena: «Estetikatik hasita oso berezia den bikotea iruditzen zait, indie mugimendua sortzen hasi zen garaikoa. Indie estiloak gaur egun beste esanahi bat du, oso aldakorra delako. Talde hau, konfinamenduan hasi zen proiektua da eta lehen lana etxean grabatu zutenez, soinu oso pertsonala du taldeak. Martxoan aurkeztuko dute diskoa, berrikuntza eta elementu gehiagoz osatuta, nahiz eta hasieran beste bide batetik joango zirela zirudien arren».

Donostian 2017an sortutako Lamiak taldearen inguruan ere hitz egin du Bárbarak: «Berri Txarrak taldearen antzera, power trio bezala aurkeztu zen taldea. Horrez gain, talde nafarrarekiko antzekotasuna duen taldea da, gainera, 90.hamarkadako soinuak nabariak dira beren abestietan. Juanjo Berasainek, The Mots eta Ezpalak taldeetako abeslariak hartzen du parte abesti honetan eta bi abeslariek egiten duten ahots jokoa izugarria iruditzen zait, aldi berean bien ahotsa berdina eta desberdina delako. Lau kantu oso on dira aurrerapen moduan aurkeztu dituztenak eta diskoa aurkeztuko du laster taldeak».

Azkenik, Rodeo talde zestoarraren inguruan hitz egin du Iker Bárbarak: «Iaz ateratako bi singleak Sixteentimes Music zigiluarekin atera dituzten arren, datorrena Bonbereneako estudioetan grabatu eta ekoiztu dute, berriz ere Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratzeko. Stoner estiloa jorratzen duen taldea da, stoner purua, eta izugarrizko indarra transmititzen dute».

Hauxek aste honetan Iker Bárbarak osatu duen zerrenda:

– Andrea Santiago - Hasta el agua

– Ramona's First Evil Boyfriend - Pearled ship

– Lamiak - Gure izena ft. Juanjo Berasain

– Rodeo - Therion

Jaurlaritza Logoa