En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Utopiak akabatu egin behar dira, haiek gu akabatzen gaituztelako»

Nahiak Nahi taldea Burlatako lagun batzuen artean sortzen den proiektua da. Rockaren munduan aritutako lagunak elkartu zituen Nahia Ojetak eta ‘Jarrera bidea da’ lana atera 2019an. Bi urte beranduago izan dute hori jendaurrean aurkezteko aukera Ahotsenean, Nafarroatik kanpora emandako lehen saioan.

Audio_placeholder

«Utopiak akabatu egin behar dira, haiek gu akabatzen gaituztelako»

Loading player...
MusikHaria saioak Durangoko Azokan egindako egonaldian ezagutu genuen Nahiak Nahi proiektua. (Ruben MATILLA)
MusikHaria saioak Durangoko Azokan egindako egonaldian ezagutu genuen Nahiak Nahi proiektua. (Ruben MATILLA)

Nahia Ojetaren nahiari kasu eginda aurrera atera den proiektua da Nahiak Nahi. Bidean musikari apartekin elkartu da eta dagoeneko bigarren lana izango denaren aperitifa eskaini berri dute. Durangoko Azokan izan ziren, ordea, aurreko lana aurkezten ‘Jarrera bidea da’, 2020an ez baitzen posible izan, eta Ahotseneakoa izan zen Nafarroatik kanpora eman duten lehen kontzertua. Durangon bertan, aukera baliatu eta MusikHaria saiotik pasa ziren Nahia Ojeta, Iñaki Santos eta Jaitxo Segura taldekideak.

Ibilbideari hasiera ematera zihoazela etorri zen pandemiaren zera hori guztia, baina «gauza berriekin, gogotsu eta ilusioz» daudela kontatu digute Burlatako musikariek. Ibilbide luzeko musikariak dira taldean elkartu direnak, bakoitza bere taldeetan aritu eta gero, denak burlatarrak izanik, Nahiaren inguruan bilduta. «Nahiak bere betiko kuadrillako bi kiderekin egin zituen hastapenak eta gero gurekin harremanetan jarri, koktel oso ona izan delakoan gaude», dio Jaitxok. «Pentsatzen nuena baino errazago elkartu dut taldea, Ruben Matilla eta Iñaki Pulidorekin elkartu nintzen eta haiekin landu nuen diskoa. Gero bateria jotzeko Jaitxorengan pentsatu nuen, baina mila istoriotan sartuta egoten denez, zailagoa izango zela uste nuen; nire zorionerako, dena utzi berritan harrapatu nuen».

Nahia Ojetak proiektu honetarako gitarra hartzea erabaki du, izan ere, bateria-jotzaile bezala ikusi dugu Boni edota El Drogasekin. «Ni betidanik bateria-jotzailea izan naiz, txiki-txikitatik aitarekin rock&roll mundu horretan murgilduta egon dena. Baina gitarra akustiko bat erosi nuen, lehendabiziko hiru akordeak uztartu, melodia bat sortu, letra bat idatzi eta konturatu nintzen nola egiten diren abestiak. Hortaz, abestiak sortzeari ekin nion eta gaurdaino autoikaskuntzaz eta bideaz gozatzen ari naiz», esan digu musikari nafarrak.

Iruñerria beti loratzen
Atzera begira jarrita, ea Iruñerrian garai berri bat ba ote datorren galdetu diegu Nahiak Nahi taldekoei eta Jaitxok esan digu ari direla «talde berriak eta estilo desberdinak» azaleratzen. «Pena izan da pandemiaren istorio honegatik guztiagatik ez dela gauza gehiegi zabaldu, baina orain hasi dira berriz ere kontzertu eta zuzeneko indartsuak egiten», gehitu du bateria-jotzaileak. Nahia Ojetak bestelako ikuspegia ere badu: «Nik uste etengabeko loraldi bat izan dela Iruñean. Orain hiruzpalau taldek burua pixka bat gehiago atera dute eta akaso horregatik foku guztiak Iruñera begira jarri dira. Baina nik beti izan dut sentsazioa denetarik eta aukera zabala izan dela Iruñerrian».

Burua atera duten horiek euskaraz aritzeak ea euskal ekosistemaren barruan toki bat egiteko balio izan dien galdetuta, «argi eta garbi» baietz dio Ojetak: «Gainera Iruñean, Nafarroan, bizi dugunarekin, euskaraz egiteak beti ematen dio puntu hori. Euskararen egoera horrela pairatzen dugulako eta beti errebelde puntu hori ematen digulako». Jaitxok gehitu du «euskarari bultzada emateko gogoa» ere badagoela horren atzean. Nahiaren ustez «erabaki politiko bat ere izan daiteke», baina bere kasuan horrela irten zaiolako izan da euskara Nahak nahi taldearen hizkuntza, erabaki naturala. «Gazteleraz ere egin dut saiakeraren bat, baina arraro geratzen da», esan digu Ojetak, «nahiz eta egunerokotasunean gaztelera den gure hizkuntza. Baina gauzak azaleratzeko eta abestiak egiteko, euskarara jotzen dut».

Doinu lasaiagoetara pausoa
Ezustekoa hartu zuten Ahotseneako emanaldian Plateruenan jotzen zutela jakitean, egunera arte ez baitzekiten hori, «karpan joko genuela uste genuen». Rock taldeentzako soinu dotorea izan zen Ahotseneako emanaldietan eta Nahiak Nahikoak ere pozik ziren hori jakinda: «Diskoan pop-rock kantuak badirudite ere, zuzenean rock-popa dela esan dezakegu gure musika». Erabat rock mundutik datorren taldea izanik, aldaketa handia izan da estilo aldetik haientzat. Kantuak sortzerakoan «forma naturalean» hasi zen Nahia Ojeta eta kantu denak gitarra akustiko batean izan dutenez abiapuntua, natural entzuten dute guztia. «Agian gitarra elektriko batetatik edota baxu batekin abiatuko balira kantuak, beste norabait joango ginatekeen», azaldu du Nahiak Nahi taldeko abeslariak. «Diskoa grabatu genuenean, teknikariari berari galdetu behar izan nion zein estilotan kokatuko ote zuen gure musika, eta berak esan zidan kantautore estiloan sartuko lukeela. Nik ez nekien horrelakorik bazenik ere». Iruñeko Musiikki estudioetan grabatu zuten ‘Jarrera bidea da’ lana, Adrian Vallejorekin.

Gainerako taldekideek ere moldatu behar izan dute beren jotzeko estiloa proiektu honetarako, baina Jaitxo Segurak adibidez esan digu nahikoa eroso sentitu dela hasieratik: «Betidanik entzun izan ditut estilo desberdin asko eta saiatu izan naiz estilo bakoitzarekin nola jo behar den ikasteko zentratzen, beti ere nire jotzeko modura moldatuta. Baina esan daiteke hasieran neurtu egin behar izaten nuela nire burua, hori bai, oso pozik nago prozesu honetan egin dudanarekin». Iñaki Santosek ere antzerako gogoeta egin du: «Kostatu zait niri pertsonalki, baina nahikoa ongi moldatu gara eta hor denetarik entzuteak laguntzen du». Denak konfort egoeratik irten direla gaineratu du Nahia Ojetak.

Jarreran dago guztia
Energia positiboz betetako diskoa da ‘Jarrera bidea da’, Nahiak Nahi taldearen lehendabizikoa, eta hori nabari da egin dituzten kantuetan. Jarrerak taldearen eraldatze prozesu horretan garrantzia izan du eta diskoko mezu ia guztietan jarrera kontuak aipatu dituzte: «Bizitza honetan gaizki pasa dugu eta buelta emateko modua jarreran dagoela helarazi nahi dugu gure mezuan. Bizitzan etengabe erabakiak hartu behar dira eta gure esku dago gauzak nola hartu eta nola aurrera egin. Hori bai aukeratu dezakegula». ‘Sinesmena’ kantuan, esaterako, lokatzetan sartuz egin behar zaiola aurre egoerei aipatzen dute eta Ojetak azaldu du «paperak dena eusten duela. Elkarrizketetan edozer esan dezakezu eta balekoa da, baina ekintzekin egin behar da aurre eta hori gure esku dago».

‘Utopiak akatu’ deituriko abestia ere sortu zuten aurreko diskorako, eta hor galdera bat sortu zaigu: Utopiak akabatzen gaitu edo utopiak akabatu behar dira? «Utopiak akabatu egin behar dira, haiek gu akabatzen gaituztelako», erantzun du Ojetak. «Nik utopia fedea edota erlijioa bezala irudikatzen dut, dena eta ezereza batera den horrekin. Aurrera egiteko beharrezkoa izaten den zerbait da, baina ez dugu aldare batean jarrita eduki behar, utopia jainkoa bezala delako, ez da existitzen. Hortaz goazen gauzak gutxika egitera, ahal duguna lortzera, pausoz-pauso, eta, eszenario berri horretara iristean, ikusiko dugu zer dugun aurrean. Baina zerotik ez dakit nora joatea, ezinezkoa da».

Proiektua hasiberritan zela, halako egoera bati aurre egiteko, beren energia eta ilusioak lagundu die: «Arraroa izan zen, gelditzearen une horretan ez dakizulako zer egin eta zer bidetatik jo. Proiektu berria jendaurrean jarri duzu eta gero zer egin behar duzu? Berriz hasi? Proiektua beste bide batzuetatik eraman? Bada, kostatu zaigun arren, hasi gara gauza berriak egiten», esan du Jaitxo Segurak. «Arrankea egin dugu gutxienez, urte eta piko egoera pertsonalek eta pandemiak berak emandako astinaldi batean pasa dugu, baina orain argi puntu bat ikusi dugu eta blokeo egoera hori gaindituta dugu. Baditugu gauza gehiago patrikan gordeak eta ea orain landu eta berri gehiago emateko moduan garen», aurreratu digu Ojetak.

‘Beldurrak’ kantuan, sortu duten azkenean, islatzen dute aipatutako hori guztia: «Hori ere bai. Letretan saiatzen naiz mezuak oso zuzenak ez daitezen izan eta hau horietako bat da. Ikuspegi horretatik hartu badaiteke ere, kantu oso pertsonala da eta beste bide batetatik jorratu dut, eta niretzako gorde nahi dut». Estudio berean grabatu dute baina Jaitxo Segurak esan digu «modu desberdin batean dagoela grabatua. Aurreko diskoa etxean egindako diskoa izan zen eta gero estudioan produzitua. Baina hau erabat estudioan sortutakoa izan da eta beste ukitu bat du». ‘Jarrera bidea da’ diskoarekin alderaketa sumatu du Nahia Ojetak ere, «nabaritzen da hau talde bezala landutako abestia dela, lokalean eta denon ekarpenekin estudiora eramana, banda baten soinua nabari zaio ‘Beldurra’ abestiari».

Plateruenan eman zuten ordu erdiko emanaldi hartan «dena berria» zela esan zuten eta disfrutatu izanaren zapore gozoarekin jaitsi ziren oholtzatik. «Jotzea beti da planazoa» eta orain udaberrira arte etena egingo dute, Nahia Ojetak berak El Drogasekin bira akustikoa egin behar duelako. Martxora arte, berria bailitzan hartuko dugu ‘Jarrera bidea da’ diskoa.

Jaurlaritza Logoa