Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Politikoki zuzena denarekin gogaituta gaude eta naturaltasuna eman nahi izan diegu abestiei»

Gernika aldetik datozen doinu rockeroak dira Supercremalleras taldearenak. Orain ‘Aviones con vértigo’ diskoarekin agertu dira eta Beste Bat saioak egiten dabiltza abenduko ostegunetan. MusikHaria saioan izan ditugu bisitari.

Audio_placeholder

«Politikoki zuzena denarekin gogaituta gaude eta naturaltasuna eman nahi izan diegu abestiei»

Loading player...
Gernikako Supercremalleras taldeak 2000. hamarkadako punk-rock doinuak landu ditu ‘Aviones con vértigo’ diskoan.
Gernikako Supercremalleras taldeak 2000. hamarkadako punk-rock doinuak landu ditu ‘Aviones con vértigo’ diskoan.

Supercremalleras taldearen izena bitxia da, horretan ez dago zalantzarik, hartara jatorria azaldu digu Gorka Etxeberriak: «‘Super’ hitza seguru eduki behar zuen izenak, pop ukitu hori emateko, eta hitz zerrenda batean ‘cremalleras’ agertu zen, eta, atentzioa ematen zuenez bi hitzen elkarketak, eta hitz bakarra izatea nahi genuenez, Supercremalleras sortu zen».

Eraginak punk-rockaren melodikoaren bueltan daudela esan daiteke, pop ukitua dutenak. California aldeko hainbat talde edota skatearen eta surfaren mundukoak etortzen zaizkigu gogora, eta hori baieztatu digu hein batean Etxeberriak: «Talde moduan erreferentzia nabarmenena Green Day izan da, kinta sinpleak eta melodia itsaskorrak dituen musika egiten dugu». Maitasunaren inguruan hitz egiten dute, nerabezaroko musikarekin lotzen diren abestiak, ukitu naifarekin baina baita hizkuntza zikinarekin ere: «Politikoki zuzena denarekin gogaituta gaude eta naturaltasun puntu bat eman nahi izan diegu abestiei. Errebeldia ukitu bat eman nahi izan diegu eta toke pikantea ere bai tarteka. Guk euskaraz hitz egiten dugu normalean, baina gaztelerara salto egitean horrela hitz egiten dugula esan daiteke hein batean. Maitasunaren inguruan daude idatzita hitz gehienak, letra zuzenak dira eta bakoitzak bere momentuetara eraman ditzake».

Pop artearen eragina
Diseinuan pop kulturako iruditeria erabili dute ezbairik gabe: «Pop mundua asko gustatzen zaigu eta Angela Lópezek egin digun diseinua asko gustatu zaigu. Gero egia da diskoak duen itxura baino askoz ere rockeroago garela uste dudala». Donut arrosa bat agertzen da azalean eta ‘Gominolas’ kantuan ere hainbat gozokiren bueltan ari dira hizketan. Oreo eta mangozko izozki bat aipatzen dute, adibidez: «Bikoteari eta biori gustatzen zaizkigun zaporeak dira eta errimarako laguntzen zuenez, bada, sartu dugu. Kokakola etabar ere aipatzen ditugu, melenga samarrak diren elementuak, eta gustatzen zait nola geratzen diren abestietan». ‘Los Tormo’ delako batzuk ere aipatzen ditu eta nor diren galdetu diogu Gorkari: «Ovidi eta Álvaro Tormo Los Zigarros taldeko anaiak dira eta haiei egiten diet erreferentzia».

Abesteko era berezia du Etxeberriak eta Pereza edota Carolina Durante taldeak gogoratzen ditu hainbat abestitan: «Umetan Pereza eta El Canto del Loco entzuten nituen asko eta ez dakit haiei imitatzen ibiltzearren-edo, baina natural ateratzen da gaur egun kantatzeko modu hori. Azken notak jaitsi egiten zaizkit nahi gabe eta, horren harira, errietaren bat edo beste jaso dut Santi Garcia ekoizlearen eskutik, nota mantendu egin behar nuela esaten zidalako estudioan».

Esan ditugun erreferentzietako batzuk 2000. hamarkadako hasieran lortu zuten arrakasta. Orain, gainera, Pignoise, Avril Lavigne edota Simple Plan bezalako taldeak itzuli dira eta Dani Martinek El Canto del Locoren kantuen bertsioak egin ditu. Olatu horretara igotzeko moduan daude Supercremalleras taldekoak: «Egia da modan jarri dela estilo hau, edota hori diote behintzat, eta pozten gara, guk gitarra jotzen dugunetik hau egiten dugulako eta, tira, olatura igo ahal bagara, igoko gara».

‘Mi autorretrato’ abestia balada moduko bat da, beste kantuetatik desberdinena, mantsoagoa delako. Hala, kantuak egiterako garaian nola aritzen diren aipatu digu Gorka Etxebarriak: «Etxean cubase erabiliz abestiaren maketak sortzen ditut eta maketa horri nahiko fidelak gara azken emaitzan, hori bai, ni ez naiz oso abila gitarrarekin eta taldean lantzen ditugu gainerako elementuak. Melodiak eta letrak batera doaz eta ahotsa ere hor sartzen da. Orain Dani West, gitarra-jotzailea, Galizian dago ikasten eta itzultzen denean ez dakigu hiru gitarra-jotzaile izango garen edota Danik teklatuak joko dituen. Horri bueltak ematen gabiltza orain eta bitartean laukote moduan ari gara funtzionatzen». Hitzak ere Gorkarenak dira eta letra lodiz markatutako esaldiak nabarmendu dituzte liburuxkan, «No habrá amor sin dolores, ni habrá dolor sin amores» bezalako mezuak idatzi dituzte: «Mezuak zuzenak dira, denok dakigu gauza hauek entzutean zertaz ari garen, maitasunean halakoak ematen direlako. Metafora aldetik ez dira oso konplexuak diren hitzak, zuzenak izaten saiatu gara eta pixka bat pentsarazteko balio dutela uste dut». Musika estiloarekin bat egiten duten hitzak, ezbairik gabe.

Gironan grabatutako lana
Ultramarinos estudioan izan dira Santi Garciarekin, talde handiak izan dira Gironako estudiotik pasa direnak: «Kanpotik begiratuta apustu handia dirudi, baina horrela atera zen eta berriz errepikatuko genuke. Haimar Arejitarekin badut harremana eta haiek bertan grabatu zutela komentatu zidan ‘Azken indioak’ kaleratu zutenean. Guk ere abestiak bidali genizkion eta Santi Garciak baiezkoa eman zigun. Ikusi, ikasi eta jendearekin hartu emanean etorkizunera begira apunteak hartzeko balio izan digu grabaketak, hau lehen pausoa delako».

Bideoklipak kaleratu dituzte ia kantu guztiekin, dena DIY estiloan: «Bideoklip gehienak guk egin ditugu eta tranpatxoren bat ere egin dugu. Irudiak garrantzia du gaur egun eta jendeak abestiak gurekin lotzea da nahia. Krediturik ez duten kasuan, erabat guk eginak dira eta aurrera begira akaso esango dugu bideoak ez zirela onenak, baina jendeak irudiak behar izaten ditu musika pertsonekin identifikatzeko». Zortzi abesti ditu diskoak eta zazpi bideoklip egin dituzte, baina horietako bat ez da diskokoa: «Diskoa grabatzeko asmoa aspalditik genuen eta 2019an taldeko Julen Alberdiren estudiotxoan hiru abestiko EP bat grabatu genuen. Ez ziren abesti gogokoenak, haiek diskorako gorde genituelako eta haietako bat ‘En carne viva’ abestia zen. Gerora, gainera, akustikoan grabatu genuen kantu hori bera eta uste dugu polita geratu dela; asmoa beste bat bazen ere, kontzertu akustikoren bat lortzea».

Ye-ye erritmoak eta iluntasuna
‘+++’ kantuaren bideoklipa da kaleratu duten azkena eta han esaten duten mezua ere indartsua da: «Barrutik ateratako zerbait da. Pertsona bat burura etortzen bazait, akaso ez dudalako ahaztu izango dela esaten dut abestian. Baina izatez konplexuen inguruan dago idatzita, maitasunaren inguruan idatzita ez dagoen bi kantuetako bat da. Ispiluaren aurrean jartzen zaren uneaz, ilea galtzen ari zarela ikusten duzun momentuaz… konplexu asko izaten ditugu. Bertsio asko izan ditu abesti honek, buelta asko eman dizkiogu eta leloaren zatia argitasunez beteta geratu bada ere, diskoko kanturik ilunena dela esan dezakegu».

Koreografia gabeko musuak aipatzen ditu ‘Coreografía’ abestian, baina zer dira horiek? «Ez dira akaso musurik onenak, baina gureak dira eta benetakoak dira. Ez daude planifikatuta, ez dira goxoenak, baina benetakoak izate hori da garrantzitsuena maitasunean», dio Etxeberriak. El Canto Del Loco taldearen kutsua badu, baina baita ukitu ye-yea ere erritmoetan: «Egiari zor, abesti denak lotuta daude eta nahikoa berdinak dira, baina xehetasun txikietan dago haien arteko aldea. Honetan, adibidez, sintetizadoreren bat sartu dugu, besteetan ez dagoena, eta esaldi ‘guapoak’ sartu ditugu».

Diskoa ixten duen ‘Más allá de tus manos’ abestian sare sozialei kritika bat egiten dio Etxeberriak: «Ni ere kateatuta nago mugikorrari eta kaka bat da, denbora zertan ematen dugun jabetzea da gauza. ‘Like’-ak eta zenbakiak begiratzen ditugu asko, baina benetakoan dago garrantzitsua, bizitza liketatik harago dagoen zerbait da-eta». Sare sozialek sortu dezaketen kalteaz hitz egiten du abestian eta haien aurrean hauskor garela askotan gogorarazi.

Konplexurik gabeko irratsaioak
Beste Bat saioak egiten ari dira eta izaten ari diren esperientziaren inguruan galdetu diogu gernikarrari: «Uste baino gehiago kostatu zaidan zerbait izan da kantuak aukeratzearena, izan ere nik talde askorik ez dut entzun, entzun ditudanak ordea behin eta berriz. Kantu aukeraketa zabala egin nahi izan dut eta konplexuei aurre egiten ere ahalegindu naiz. Hasiera batean talderen batzuk sartzeak lotsa modukoa ematen zidan, baina ariketa sano eta beharrezkoa dela uste dut benetan gustatzen zaigun hori erakustea eta nahikoa zintzoa izaten ari naiz nire buruarekin hautaketa egiteko garaian».

Gernikan Ezpalakekin eman dute beren azken kontzertua: «Etxean jotzea beti da pozgarria, Astra gure bigarren etxea da eta beti hartzen gaituzte besoak zabalik. Nik uste gainera Ezpalak orain momentuan dagoen Euskal Herriko talderik onena dela eta haiekin oholtza partekatzea ederra izan zen eta oso ondo pasa genuen». Aurrera begira «kontzertu oso potoloak eta gehiegizkoak» datozela esan digute eta «oso urduri« daudela aipatu. Hurrengo kontzertua Getxon izango da urtarrilaren 8an, aurretik, ordea, Madrilen ere izan ziren: «Madrilen ere aretoa bete genuen, hori bai, asko lagunak eta familiakoak ziren. Baina oso eskertuta gaude haiei, sekulako babesa ematen digutelako. Ea noiz duten kontzerturen bat doan entzuteko aukera, orain arte bidean diru asko utzi dutelako».

Diskoak eta merchandising pixka bat badute beren webgunean eskuratzeko moduan. ‘Aviones con vértigo’ diskoa da bertan lortu daitekeena eta jatorria azaldu digu: «Hasiera batean taldearen izena izatea pentsatu genuen, baina luzea zen eta diskoarentzat gorde genuen. Hasiberriaren inozentziaren metafora jasotzen duela uste dugu, hegazkin batek nola izango du bada erortzeko beldurra eta bertigoa? Hala ere, anaiak behin esan zidan esaldia da hasierako puntua: «Eres más tonto que un pájaro con vértigo». Horri buelta bat eman diogu eta ‘Mariposas’ kantuan ere aipatzen ditugu ‘Aviones con vértigo’». Hartu beharko dute bada botikaren bat bertigo horri aurre egiteko, 2022an hegaldi bat baino gehiago izango duelako aurretik Supercremalleras taldeak.

Jaurlaritza Logoa