Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Gorka Etxeberria
Supercremalleras taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

«Gauzak egin behar dira, ez gara etxean geratu behar»

Titulu bereziak, ukitu naifa, nerabezarora bidaia. Hori guztia eskaintzen du Supercremalleras talde gernikarrak. ‘Aviones con vértigo’ izeneko lana kaleratu orduko landu zuten ‘Arte moderno y amor eterno’ diskoa. Julen Alberdi, Unai Markina, Gorka Olaeta eta Gorka Etxeberria dira taldekideak.

Audio_placeholder

«Gauzak egin behar dira, ez gara etxean geratu behar»

Loading player...
Supercremalleras talde gernikarrak nerabeentzako katalogatu izan duten rocka jorratzen du.
Supercremalleras talde gernikarrak nerabeentzako katalogatu izan duten rocka jorratzen du. (Iratxe ETXEANDIA)

Kaixo Gorka, zer moduz?

Kaixo Iker, ondo, gustura hemen egoteaz.

Diskoa zabaltzen duen kantua, esnaera moduko bat da, ezta?

Beno, letrak zehazki ez dakit zer esan nahi duen, ez da hain zuzena. Normalean gai baten bueltan ari garelako, gehienetan maitasunaren inguruan. Erronka moduko kantu bat da niretzat, Haimar Arejitak bi akorderekin egindako kantu bat zuela erakutsi zidan eta nik akorde bakarraren gainean egin nahi izan dut abesti guztia. Arau horrek alde onak eta txarrak ditu, baina sortzen joan diren geruzak eta entzunda, ondo geratu da. Beste hainbat kanturen zatiak baliatu ditugu, gainera, eta hori ere jolas polita izan da.

‘Arte moderno y amor eterno’, ziklo bat irudikatzen du kantuek diskoan duten kokapenak ere?

Disko oso kontzeptualak gustatzen zaizkigu, zentzua izan dezala. ‘Arte moderno’ gaur egungo bizitzeko moduari egindako kritika da, denak berehala izan behar duelako eta hori agerian utzi nahi genuen. Diskoaren izenerako abizena behar genuen eta horregatik gehitu genion ‘Amor eterno’, maitasunaren gaia badelako gure zigiluetako bat.

Errimarekin asko jolasten duen letragile bat zarela iruditzen zait. Zure zigilua ere bada hori?

Ez dakit zer esan hor. Hitzei garrantzia handia ematen diet, akaso musikari baino gehiago, eta zaindu egiten dut. Sortzen dudan lehen bertsioari fidela izaten saiatzen naiz azken emaitzan, eta hor hasten naiz gauzak sortzen eta akaso errimak hor sortzen dira, baina, esan dudan moduan, hasierako ideia da balio duena.

Diskoa bukatu zenuteneko parrandan sortzen al da ‘Stratocaster fiesta’?

Taldeko gehienok kontzertu zaleak gara eta kontzertuen ostean ia beti juergan irteten ginen, hortik dator kantuaren titulua. Erreferentzia ugari ditu, gainera.

Fernando Alonsorenak akaso merkatua zabalduko dizue orain bogan dagoela. Nabaritu duzu halakorik?

Kantu honek eduki duen ibilbidea nahiko ona da. Egia da bigarrena dela eta streaming plataformetan gehiago entzutea dakarrela horrek. Baina bai gure managerrak, bai Eñaut Gaztañaga estudioko teknikariak eta bai taldekideok single moduan ikusten genuen nahikoa garbi hasieratik.

Ctrl + z, festa baten ostean edota maitasunean sakatu behar da gehiago?

Gauzak egin behar dira, ez gara etxean geratu behar. Guk talde moduan lortu ditugun gauza asko egonezin horretatik sortu dira, etxean geratu izan bagina, ez ziren gertatuko. Momentu zehatz batean eta toki zehatz batean gertatzen dira gauza asko.

Zergatik egiten diozu stratocaster gitarrari erreferentzia zuk ez duzunean halakorik?

Egia da nik Fender Jaguar bat eta Gibson Les Paul junior bat ditudala, baina Haimar Arejitak bazuen Fender Stratocaster bat ‘Red fiesta’ kolorean eta hortik etorri da.

Zuk Bille Joe Armstrongengatik duzu Les Paul juniorra? Ez baita ohikoena modelo hori.

Bai, noski, erreferentea izan da, kapritxo bat izan zen. Jaguarra maite dut, baina gogor jotzen dut eta botoiak eta nahasteko joera dut. Les Paul hori, berriz, oso sinplea da eta erosoa da zuzenekoan.

Ukitu naif bat du ‘Ex’ kantuak, baina baita mutiko ‘gaizto’ batena ere.

Diskoko kantu garrantzitsuena da akaso, ‘Aviones con vértigo’ diskoaren ostean sortu zen lehena delako. 2022ko apirilean kaleratu genuen, pentsa, eta objektiboki, hori posible bada, diskoko kanturik onena dela esango nuke.

Horrek esan nahi du estudioan aspaldi sartu zinetela. Ezin aurreko diskoari lur hartzen utzi?

2021eko urria bukaeran atera genuen diskoa eta horko abesti asko zahartxoak ziren guretzat, hiruzpalau urte zituztelako. Eginda eta gordeta genituen abesti batzuk eta zuzeneko errepertorioetarako behar genituen gehiago. Zarata sortzen jarraitu behar genuen jaialdi eta kontzertuen artean, hortaz, hiru grabatu genituen segidan. Gero osatu dugu diskoa.

‘Amore’ kantua crush bati idatzita dago?

Ez, irekiagoa da. Bazileo asko dago eta izen bereziak edota marken izenak erabiltzen ditut horretarako. Abesti hau ez genuen grabatu lehenago, eta pena dut single moduan ez dugulako bota, baina bigarren bizitza bat eman nahiko nioke bideoklip batekin-edo.

Esaten nuen Castro Urdialesera joan den bat aipatzen delako.

Kar-kar, ez ez, ez dut ezagutzen Castro Urdialesera joan den inor.

 

Segidan dator ‘Chupa chups’ abestia. Lehen zitan ez da durumik eskatu behar?

Kar, kar. Nik egin dut hori e? Gu talde bezala kateatuta gaude kebabera, sekulako bizioa dugu. Ez dugu drogarik kontsumitzen, beno, alkohola, baina kebabarekin dugun engantxea, ez sinistekoa da, entseatu ondoren beti goaz bertara. Sabinak esaten zuen kalea, eguna, ordua, zerbitzariaren izena… dena eman behar dela jendea kantu batilotzeko, nahiz eta akaso identifikatuta sentitu ez. Horregatik kontatzen ditugu gauzak xehetasunez.

Eta gozokia partekatzearen metafora, zer da, benetako maitasunaren adierazle?

Zerbait iguingarria izan daitekeena partekatzen denean, konfiantzaren adierazle da, eta hori benetako maitasuna izan daiteke. Horrekin jolastu dugu.

Gitarren efektu ugari entzuten diren abestia da, asko erabiltzen dituzu?

Ez ez, nik ez dut gauza askorik erabiltzen. Kable gutxi, elementu gutxi eta teknikariari ahalik eta erreztasun gehien ematea izaten da nire nahia. Beste Gorka da efektuak-eta erabiltzen dituena, ia anplifikadoreak beste toki hartzen du haren pedal sortak.

Soinuan Eñaut Gaztañagak esku asko sartu du?

Guk ahotsa ondo ulertzea edota halako kontuak baino ez ditugu eskatu. Bere etxera bagoaz, harekin eroso egoteko da eta bera ere gurekin eroso egon dadila, proiektuan parte hartzen duten guztiekin bezala. Berak guri galdetzen zigun eta material pila bat erabili dugu, baina ez gaude soinuarekin obsesionatuta. Kantuak ondo egotea da gure nahia eta, hori horrela bada, funtzionatuko dute.

Denboraren iragankortasunari egiten dio ‘Politono’ izenburuak erreferentzia?

Konturatu naiz jende askok ez dakiela zer den ‘politonoa’ eta ez dakit zuzena izan den horrela izendatzea. Baina nik, bere garaian, «Alta al 5115» delakoa egin nuen eta sekulako faktura iritsi zitzaidan. Pre-savea egiterakoan abestiaren politonoa ere helarazi genien abestia gordetzen zutenei. Baina bai, adin bat iristen da txorakeriak albora uzteko eta horri buruz ari gara kantuan.

Dinamika asko duen abestia da, ezta?

Hasierako riffetik sortzen da eta ahotsaren modulazioak ere badu eraginik. Kantu majoa da eta bukaera oso martxosoa du.

Adinarena ere aipatu duzu, ‘Generación del 27’ ere gai horren bueltan dago egina. Krisi esistentziala ate joka. Millenialen hainbat kontu daude bertan, gainera. Z belaunaldiak nola jasotzen ditu hauek guztiak?

Nik esango nuke ondo jasotzen dituztela. Ez dut merkatu edo publiko berezi batentzat idazten eta espero dut abesti hauek ez dutela iraungitze data laburra izango. Lankide batek bere alaba egoera honetan ikusten du, esaterako, hortaz, hemendik hamar urte barru ere ez dut uste arraroa izango denik. Hori ere kontuan hartzen dut letrak idazterako moduan.

Denboraren iheskortasunak ‘Ya’ kantuan ere badu pisua. Benetan iradokitzailea den sarrera bat du, gainera. Esan daiteke adinean aurrera zoazen neurrian kantuen egitura konplexuagoak sortzen ari zaretela highschool punk-rocketik harago?

Guk ez dugu ezer erakutsi nahi, kantuak ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara. Hasierako riff hori oso Berri Txarrak da eta asko gustatu zitzaigun, sartu beharra zegoen. Egitura aldetik bi minutu baina gutxiago irauten du, denboraz ari da hitz egiten eta horregatik darama titulu hori.

Nerabezaroko maitasun istorio baten abiapuntua dago mezuaren atzetik?

Bai, bai, guztiz. Nola pertsona batek egoeraren kontrola izan nahi duen eta aitzakiak erabiltzen dituzten horri buelta emateko.

Kontua da tartean lagunak sartzen direla halakoetan eta hortik datorrela ‘Mis amigos y tus amigas’, ezta?

Bai, gertatzen dira oraindik ere halakoak. Horregatik diot «vienes a mis conciertos y no a verme a mi», kar-kar.

Diskoa ixten duen ‘Arte moderno’ kantuak badu ‘Jesus of Suburbia’ Green Day taldearen eraginik, ezta?

Bai noski, frankestein bat da. Olaetak ekarri zuen hasierako ideia eta nik halako kantu bat egiteko kapritxoa nuen. Biolina ere jotzen nuen umetan eta Mago de Oz taldea ere gogoko nuen eta halako kantuak egiten zituzten haiek ere. Hortaz, kapritxo hori eman diogu gure buruari, nahiz eta Eñauti grazia askorik ez dion egin, kar-kar. Baina kantuak zentzua izatea eta letra idazterakoan ere ez zen erraza izan. Esaldi solteak idazten joan nintzen, banaka hartuta akaso ez dutenak zentzu askorik, baina elkarrekin zentzua hartzen dutenak. Bide batez, estilo nahasketa egiteko ere baliatu dugu kantua, bestela sortu ezingo genukeen abesti bat egiteko.

Kontzertuak aipatuz, MadCool jaialdian ere izan zineten.

Bai, sekulako esperientzia izan zen, izarren pare tratatu gintuzten. Egia da bosgarren oholtzan ginela eta goizaldeko ordubatean izan zela, baina jendea egon zen eta asko gozatu genuen. Gainera MadCool da eta ez dakit sekulan ere errepikatuko dugun hori.

Akaso txisparen bat sortuko zen zuen kantuekin. Oholtzatik ikusi duzu halako maitasun istoriorik?

Ez dut uste, baina ez dut oso ondo ikusten urrunera. Jendeak ondo pasatzea da gure nahia eta guk kontzertu on bat ematea. Izerdi asko botatzen dugu eta zuzeneko bakoitzean dena ematen dugu, izan MadCool, Zornotzako jaiak edota Gernikako Astra. Ez dakigu noiz izango den azkena, nahiz eta orain ondo gauden eta oso lagunak garen. Sarrera ordaintzen duenari errespetu hutsagatik dena eman behar da kontzertu bakoitzean.

Eta datozenak noiz izango dira?

Apirilaren 15ean Madrilen eta 22an Bartzelonan izango gara Gatibu taldekoei laguntzen kontzertuetan. Gero jaialdiak etorriko dira, izen handiak daude tartean, baina berriak gara eta oraindik ez dugu ezer iragarriko. Uda ostean penintsulatik mugituko gara Kantabria, Errioxa, Zaragoza… halako tokietara mugitzeko asmotan gaude. Hori bai, maiatzerako nonbaitetik deitzen bagaituzte, joko dugu, e? Ez gara hain esklusiboak.

Bada gozatu eta segi irribarrez rollo ona transmititzen!

Mila esker zuri kantuak horrela aztertzearren, askotan elkarrizketa hauetan konturatzen garelako benetan zer egin dugun.

Jaurlaritza Logoa