Zuzenean

«Desberdina denaren aurrean izaten ditugun beldur eta aurreiritziei abestu diegu»

2014an Iruñean sortu zen Baobabs Will Destroy Your Planet taldea eta hirugarren lan luzea kaleratu berri du, ‘Arnasa’. Hasierako hirukote hartako kideak elkartu ditu berriz ere lan honek eta bidean gehitu direnekin bost dira egun. Haietako bat, Eymard Uberetagoena, izan da MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

«Desberdina denaren aurrean izaten ditugun beldur eta aurreiritziei abestu diegu»

Loading player...
Baobabs Will Destroy Your Planet talde iruindarrak estudioko hirugarren lan luzea kaleratu berri du.
Baobabs Will Destroy Your Planet talde iruindarrak estudioko hirugarren lan luzea kaleratu berri du.

Zuhaitzek guk arnastea posible egiten dute, eta baobabek mundua suntsitu behar omen dute taldearen izenaren arabera. Hori bai, ‘Arnasa’ diskoa kaleratu ostean izango da hori, hala baitu izena Baobabs Will Destroy Your Planet talde iruindarraren azken diskoak. Eymard Uberetagonea, Eneko Reketibate, Mirentxu Asin, Txemi Losada eta Adolfo Suárez dira egun taldea osatzen dutenak, hasieratik Eymard eta Enekok eusten badiote ere proiektuari.

Hori bai, aldaketak izan dituzte disko honetarako bidean eta hasieratan talden zen Mirentxu Asin bueltan da disko honetarako: «2014an hasi ginen eta orduan grabatu genuen lehen maketa Eneko, Mirentxu eta hirurok. Gero Alemania aldera joan zen ikasketak egitera Mirentxu eta Darina sartu zen 2016an, lehen diskorako. Baina bera ere Alemaniara joan zen bizitzera eta Amaia eta Txemi sartu ziren proiektura. Orain Mirentxu Alemaniatik itzuli da eta Amaiaren ordez sartu da taldera, eta Adolfo baxuarekin gehitu denez, hirukote moduan hasi zena boskote da egun».

‘Galdutako soroa’ kantuarekin hasten da ‘Arnasa’ diskoa eta hein batean arnasberritze bati egiten dio erreferentzia: «Denontzako azken denbora guztia geldialdi bat izan da eta, dena berreskuratu eta buelta bat emanaz, ziklo berri bat da gure kasuan talde moduan, izan diren aldaketak tarteko, eta barruan genuen kantatu eta musikaz aurkezteko nahia plazaratu dugu. Gero arnasa hitza abesti batean baino gehiagotan ateratzen da hitzetan eta hortik dator diskoaren izena».

Soinuan ere aldaketa
Soinu aldetik aldaketa bat egon da Baobabsen musikan. Bide bertsutik jarraitzen duten arren, sintetizagailuek gorputz gehiago hartu dute eta ahotsaren tratamendua oso berezia izan da. «Diskoaren ekoizpena Paco Locoren eskuetan utzi genuen, Cádizera joan ginen bere estudiora eta berak duen esperientzia guztiarekin, batez ere indie estiloan, hasi ginen lanean. Kontatu genion zeintzuk ziren gure erreferentziak eta zein estilo ditugun gogoko eta bere esku geratu zen guztia Egia da soinu aldetik akaso zikinxeago dagoela eta sintetizadore aldetik indartsuago dagoela, eta landutako gauzen artean ahotsaren atala dago. Gure apustua zen nahasketaren barruan sartzea, horrelako lanak gustatzen zaizkigulako, eta hala egin dugu», kontatu digu Eymardek.

Hitza eman bai eta betetzen ez duenaren inguruan ari dira hizketan ‘Gezurtia’ abestian: «Letra asko Enekorenak dira eta hau berea da. Baina bai, esaterako bete ezingo dudan horren aurrean zer naizen onartzen duen abestia da». Pop ukitu nabarmena du, beti ere indiearen bueltan dabiltzan arren eta rock ukituak ere badituen arren, baina egun jorratzen den indie-rockak popera ere bideratzen gaitu: «Hori da, erreferentzia asko ditugu 90. hamarkadakoak, Erresuma Batuko Manchester mugimendutik datozen Stone Roses eta halako taldeak, baina baita Estatu Batuetako beste talde askorenak ere. Hortaz, edaten dugunetik sortzen dugu eta etiketak jartzen ez naiz oso iaioa egia esanda», azaldu digu abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Xalbador gogoan
Single moduan agertu zen ‘Xalbador’ abestia, bertsolariari omenaldi moduan egindakoa eta data seinalatuan kaleratua, azaroaren 7an: «Xalbadorren heriotzaren urteurrena da egun hori eta horregatik kaleratu genuen orduan abestia. Txapelketa Nagusiko finaleko bertso bat da musikatu duguna, buruz-burukora iritsi zenean aski ezaguna den bertso hau abestu zuen, euskara batuan, txapelketa guztian txistuak entzun eta gero bere euskalkian egitearren. Historiara pasa den momentu bat izan da eta hortik abiatuta, desberdina denaren aurrean izaten ditugun beldur eta aurreiritziei abestu diegu. Orduan gertatu zen horrek, edozein momentutan balio dezakeelako».

Galdetu diogu Eymardi Xalbadorren moduan ea sekula sentitu ote diren. Euskaraz indiearen bueltan dabiltzalako eta Iruñetik abiatuta, non halako musika estiloa normalean gazteleraz egin den: «Txisturik ez dugu jaso, ez gara baztertuak izan, baina bai desberdinak izateagatik estiloari dagokionez edota estilo konkretu horretan hizkuntza desberdin batean abesteagatik, bai izan ditugula gure gorabehera eta zailtasunak. Hortaz, alde horretatik momenturen batean pixka bat horrela sentitu gara, baina ezin da konparatu Xalbadorrek bizi izan zuenarekin».

Sorkuntzari dagokionez, sorreratik dauden bi taldekideek hartzen dute ardura gehien. Barne eztabaidak izaten dituzte, baina ez dute norabidea galdu: «Beti eztabaidatzen dugu baina hasieratik genuen zer estilotako musika egin nahi.genuen eta zein ziren gure erreferente. Hortaz, ez da oso zaila izaten sorkuntzarena. Izan daiteke uneren batean egitura aldetik era baterako kanta bat edo bestelakoa egin nahi izatea, eta azken erabakian pisu gehien Enekok edo nik hartzen dugun arren, orain batu direnek ere sekulako ekarpena egiten dute eta abestietan hori asko nabaritzen da. Adibidez, bigarren gitarrak, Txemirenak, pisu handia hartu du eta melodian eta guzti eragiten du».

Paco Locoren eskua
Manchesterreko mugimendua eta hango musika estiloari jarraika dabiltzala aipatu digu Eymardek, baina ‘Zu ikustean’ kantuan, Manchester baino Liverpool pixka bat entzun dugu, baduelako The Beatles talde mitikoaren ukitu bat abestiak, 60. hamarkadako rock balada baten oinarri erritmikoa duelako: «Guretzako erreferente garrantzitsua dira eta lehendabiziko diskoa grabatu genuen tokian grabatu bazen, zerbaitegatik da (Abbey Road estudioan grabatu zuten). Zeresan handia dauka eta ez dugu ukatuko gure erreferente nagusia den hori». Gaur egungo soinuetara ekarri dute abestia, nahiz eta maitasun klasikoaren bueltan dagoen idatzia abestia. Batzuk gisa horretara idatzi dituzte eta beste batzuk bigarren zentzu bat dute abestiek: «Kasu honetan oso klasikoak izan gara. Eneko izan da hitzen egilea eta entzuten den hori, esan dugun moduan, oso klasikoa da«.

Paco Locorengan fede itsua jarri ote duten edota beren esku-hartzerik egon ote den galdetuta, «Pacorengan fede itsua» jarri dutela esan digu Eymardek: «Pacorenagana joaten bazara badakizu zer dagoen eta lan egiten dugun pertsonak zerbaitegatik aukeratzen ditugunez, autoritate guztia ematen diegu. Aurkeztu zizkigun lehen nahasketak, ia-ia diskoan entzun daitezkeenak direla esan dezakegu. Nahasketak egin ziren garaian bertan ginen, lehen hiru egunak grabatzen eman ostean, beste lau pasa genituen lan horretan. Berak nahasketa prest zuenean estudiora sartu eta entzunarazten zigun eta akaso zatiren batean zerbait igo edo jaisten genuen, baina entzuten dena berari sortu eta bururatu zitzaion guztia da. Nahasketak egiten ari zela zatitxoren bat gehitzeko eskatu zigun gitarrarekin edota sintetizadorearekin eta, horrela, azken emaitzaraino».

Pertsona batek besteekin zerbait egin behar izaten duenean jasaten duen indar xahuketari buruz hitz egiten dute ‘Galduta nabil’ abestian, hala, diskoen artean pasa diren 3 urteak zailak izan ote diren galdetu diogu Eymardi, 2018an kaleratu baitzuten ‘Argiaren abiadura’: «Guk gure lanak ditugu eta gustuko dugu gure ogibidea eta alde horretatik pozik gaude, jarraitu dugulako lanean gauzak egiten. Musika ihesbide moduko bat da eta gustatuko litzaiguke gauzak gehiago mugitzea, jakina, baina garbi daukagu taldea eta musika ihesbide bat direla. Denbora asko egon gara geldirik talde moduan, baina era berean elkarri gauzak pasatzen, lasaitasunez hartu dugu sortzearena eta behin kantuak eginda genituenean eta grabatzeko data bat jarri, lanean serioago aritu gara. 2021eko lehen erdian egin genuen lana topera eta gero etorri da diskoa».

Etxetik lokalera
Lokalean sortzen ote duten bai ala bai galdetuta, «sortzerakoan ez» duela horren beharrik aipatu digu Baobabseko abeslariak. «Letrak eta ideiak pasatzeko, teknologiak dena asko erraztu du etxean mikro batekin grabatu eta partekatzeko aukera dugulako. Gero egia da ideia hori lokalera eraman eta bertatik ateratzen denak ez duela zerikusirik, melodia edo ideiaren bat geratzen da eta gainerakoa aldatzen da. Hala, nahiz eta sormen hori etxean hasi, gero benetako lana lokalean egiten da». Azken euriteek taldeari zuzenean ez die eragin, baina Eymarden kasuan Ene Kantak proiektuan egiten du lan, eta han bai, han asko eragin die uholdeen kontuak: «Dena dela sekulako lan taldea dugu eta jende asko gerturatu da gu laguntzera, hortaz, ordu gutxian berriz ere lanean hasi gara. Esker hitzak baino ez ditugu guztientzat».

Zalantzaren aurrean ihes egitea aipatzen du ‘Era hortan’ abestian eta horren inguruan zera esan digu musikari nafarrak: «Lehen esan dugun moduan hitz batzuk entzutean harreman baten inguruan izan daitezke, baina gero metafora asko eta irakurketa ireki asko dituzte gure hitzek. Batzuetan, gertatzen zaigu guri ere Enekok bide batetik joan nahi izatea hitzekin eta ni moldaketak egiten hastea beste irakurketa batetik abiatuta, hortaz normala da mezu irekiak izatea». Abesti honetan hasieratan egiten zuten musikaren esentzia du, post-rock ukitu bat, beste kantuekin alderatuz: «Hemen eta ‘Egiaren beldur’ abestietan dago akaso jarraikortasun gehien gure ibilbidean egiten ari ginena aintzat hartuko bagenu, The Smits taldearen eragina sumatzen dugu hemen. Akaso akordeen sekuentziagatik, minor asko daudelako-edo, baina gure buruan dauden gauzak dira eta akaso beste batzuentzat ez du zentzurik diogun honek».

Diseinu indartsua
Diskotik diskora azalaren diseinuan aldaketa ugari izaten dituzte, baina oraingo honetan ilustrazioaren ordez, argazki bat jartzeko hautua egin du talde iruindarrak. Baina disko guztietan bada elementu komun bat, kolorea: «Ez da gure erabakiz egin den zerbait. Hiru diskoetako diseinuak pertsona berak egin ditu eta ez dakit kolore horrekin erlazionatzen ote gaituen-edo, baina egia da pertsonalki asko gustatzen zaidan kolorea dela, nahiz eta ez diogun sekula esan zein kolore erabili behar duen». Arnasa hartzen ari den pertsona bat ikusi daiteke azalean, kasik azken arnasa dirudiena: «Oso indartsua da irudia eta bakoitzak erabaki dezake azken arnasa den edota uretatik burua ateratzen ari den uneko arnasa».

Diskoari itxiera ematen dion ‘Egiaren beldur’ abestian ere arnasaren kontzeptuari heltzen dio taldeak, baina atzetik bestelako istorio bat du: «David Beriain kazetaria hil zutenean idatzitako abestia da. Ni ere ikus-entzunezkoen mundutik nator, dokumentalak egin ditut, eta oso gertukoa izan dudan pertsona da Beriain, nahiz eta berarekin lan egiteko plazerik izan ez. Haren hilketak eragin zidan, gu ere kanpoan lanean izan garelako eta halako bizipenak askotan entzun ditugulako. Benetako kazetaritza isiltzen da eta gezur eta bulo asko irensten dugu egunero, gehiengoari iristen zaion kazetaritza txar horrek jende asko isilarazten du eta jende asko dago egiaren beldur».

Diskoa fisikoan kaleratzeko erabakia behin kaleratu ostean hartu nahi izan du Baobabs Will Destroy Your Planet taldeak: «Lehendabizi zer nolako harrera duen ikusi nahi izan dugu, CDa erosten duten erromantikoak geroz eta gutxiago direlako. Baina bai, tirada txiki bat kaleratzea erabaki dugu bandcamp orrialdean eta kontzertuetan egongo da eskuratzeko modua. Bestela, plataforma digital guztietan dago entzuteko moduan».

Aurkezpen kontzertua abenduaren 30ean egingo dute, Atarrabiako Totem aretoan. «Ez gara etxean eta geldirik egotekoak eta badugu oholtzara itzultzeko gogoa. Egoera dagoen bezala dago eta momentuz Totemen emango dugun kontzertua da iragarri dezakeguna, eta jakin bertara hurbiltzen direnei pintxoa eta potea ere ematen dietela sarrerarekin», bukatu du Eymardek.

Jaurlaritza Logoa