En direct

Transkripzioa:
Ioar:
Arratsalde on, Ander.
Ander:
Kaixo, Ioar. Zer iruditzen zaizkizu oinetako handi hauek?
Ioar:
Pailazoarena egin behar al duzu?
Ander:
Ez, suhiltzailearena.
Ioar:
Katiuska batzuk baditut nik, bota horiek baino aproposagoak.
Ander:
Gau honetan mozorro festa bat egingo da parkeko zelaian. Inork ez daki itxurazko sute bat piztuko dutela gure lagun batzuek, eta orduan hiru suhiltzaile agertuko gara.
Ioar:
Urez bustiko dituzue festako guztiak?
Ander:
Pasatu gabe... baina zipriztin batzuk denentzat! Hego haize honekin ongi etorriko da freskura pixka bat.
Ioar:
Gustatzen zaizkit mozorro festak.
Ander:
Erdi antzerki eta erdi mozorro jai bat izango da berez, musika askorekin. Show tankerako agerraldi bat egin beharko dute mozorrotutako kuadrillek.
Ioar:
Mamuarena, piratarena, inkisidorearena, behiarena, erregearena, zoroarena, bertsolariarena, medikuarena, sorginarena. Zer ez ote dut egin nik!
Ander:
Mozorro guztiek ondo ematen dioten aktore bat bada... neska bat... orain izena
etortzen ez zaidana...
Ioar:
Ez da izango Aitziber Garmendia.
Ander:
Horixe bera. Oso komikoa da beti.
Ioar:
Batere barregarria ez den kontu bat azaldu du Aitziber Garmendiak. Orain dela
hamalau urte bere buruaz beste egin zuen haren bikotekideak.
Ander:
Suizidatu egin zen? Ez esan!
AUDIOA - AITZIBER GARMENDIA
Ioar:
Tabu moduko bat da suizidioaz hitz egitea.
Ander:
Erru sentipena sortzen diolako mundu guztiari.
Ioar:
Eta okerragoa dena, juzgu gaiztoak eta funtsik gabe ustekeriak zabaltzen dira sarritan.
Ander:
Ezin da lasai eta ganoraz aritu suizidioaren inguruan. Arinki lantzen dira gauzak. Behar den astia eskaini gabe jarduten dugu, eta axaleko kontuetan geratzen gara.
Ioar:
Izutu ere egiten gaitu, neurri batean. Badirudi suizidioaz hitz egiteak dei egiten diola suizidioari berari, hurrengo kalean gure zain balego bezala.
Ander:
Familian, bikotean, kuadrillan... hain da mingarria buruaz beste egin duen pertsonaz oroitzea, uzkurtu eta isildu egiten baikara.
Ioar:
Osasun mentala da gakoa, niretzat. Baina bi aldeetara begira.
Ander:
Zer esan nahi duzu?
Ioar:
Alde batetik daude sentimendu eta emozio traumatikoak, ahultasunak eta ondoezak, nahasmenduak eta gaixotasunak.
Ander:
Ezinbestekoa da horiek onartzea, eta ez estigmatizatzea.
Ioar:
Baina bestetik, buruaren argitasuna eta gogoaren sosegua behar ditugu une egokian mintzatzeko suizidioaren gainean.
Ander:
Aitziber Garmendiak hamar urte baino gehiago behar izan ditu jendaurrean honi buruz jarduteko.
Ioar:
Eta ongi egin du.
AUDIOA - AITZIBER GARMENDIA
Ander:
Ez neukan Biziraun elkartearen entzuterik.
Ioar:
Suizidioak mindutako pertsonen elkartea da.
Ander:
Lan ona egingo dute, seguru; eta jende askorentzat oso mesedegarria.
Ioar:
Bilbon eta Donostian elkarri laguntzeko taldeak antolatuta dauzkate. Bilkurak egiten dituzte hilean behin, arratsaldez.
Ander:
Izendatuta al dago suizidioaren prebentzio egunen bat?
Ioar:
Bai, noski. Irailaren 10ean izaten da mundu osoan.
Ander:
Gaurko bizimoduaren abiadura, lan sistemek sortzen dituzten estres egoerak, hirien antolamendu masifikatua, eta bestelako faktore batzuen erruz, hurrengo pandemia gaitz mentala izango dela abisatzen ari dira.
Ioar:
Eta horren barruan kokatzen da suizidioa.
Ander:
Ez dugu gai samurra atera gaur.
Ioar:
Egia da. Horrek ez gaitu makaldu behar ordea. Mozorro festa daukagu gauean! Hego haize honekin alaia eta zoroa izango da!
Ander:
Zu ere bazatoz? Zein mozorro daukazu? Astoarena? Pilotariarena? Drag queen?
Ioar:
Ezin dizut esan. Guk ere sorpresa emateko asmoa daukagu. Eta ez txikia!
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Zerbaiten itxura egitea adierazteko erabiltzen da -ENA EGIN forma.
Esate baterako:
—Gaztearena egiten saiatzen dira zaharrak.
—Tontoarena eginda ez diguzu ziria sartuko.
—Hildakoarena egin zuen hondartzan.
Ioar:
Erabili liteke aditzen partizipioekin ere:
—Ez ikusiarena egiten du lotsagabe horrek.
—Ez entzunarena egingo dut zure irainen aurrean.
—Ahaztuarena egiteak ez dizu ezertarako balio.
Hemen entzun dezakezu Aitziber Garmendiari egindako elkarrizketa.


