En direct

Iker Gurrutxaga - Maite Bidarte

10 urteak ospatzeko ‘Bitakora’ kaleratu du McOnak taldeak

Kostaldekoak izaki, 10 urte hauetako ibilbidea ‘Bitakora’ batean bildu du Lekeitioko McOnak taldeak. Durangoko Azokan aurkeztu dute diskoa eta MusikHaria saiotik pasa dira.

Audio_placeholder

10 urteak ospatzeko ‘Bitakora’ kaleratu du McOnak taldeak

Loading player...
Seikote formatuan jarraitzen du ‘Bitakorak’ lana kaleratu berri duen McOnak taldeak. (Iratxe ETXEANDIA)
Seikote formatuan jarraitzen du ‘Bitakorak’ lana kaleratu berri duen McOnak taldeak. (Iratxe ETXEANDIA)

Hamarkada bat bete du taula gainean McOnak taldeak eta hori ospatzeko disko berezia kaleratu du: ‘Bitakora, hamarkada bateko diska berria’. Kanpora begira baino barrura begirako diskoa da hau, autokritikarik ez baita falta. Baina bidean ez dira bakarrik aritu, kolaboratzaile zerrenda interesgarria osatu dute, kantu bakoitzeko bat. Zerrendan daude Lide Hernando, Fermin Muguruza, Gorka Sarriegi, Kaleko Urdangak edota Dead Bronco.

Barrura begira egindako lana dela diogu baduelako autokritikatik asko ‘Bitakora’ disko honek. «Askotan guk egiten dugu kritika. Baina kritika zeri? Besteei? Eta non geratzen da autokritika?» esan du Irati Irizar biolin-jotzaileak. Horrela hamaika kantuz osatutako disko honetan autokrikita egiten dute gai oso desberdinen inguruan: ingurugiroa, beldurra, establishmenta, turismoaren masifikazioa, zenbait gairen aurrean bustitzeko dugun ezintasuna, eta politikoki zuzenak izateko tendentzia.

Baina autokritikak eta ospakizunak ez dute zertan aldendurik egon. Urteurren borobila ospatzeko diskoa baita hau, eta horregatik nahi izan dute urteurren hau beste musikari batzuekin konpartitu, disko kolaboratiboa da ezbairik gabe. «Bai, eta kristoren lana izan da, sekulakoa. Maukatik (McOnaken diskoetxea) laguntza handia izan dugu. Asko pentsatu dugu nor gonbidatu kantu bakoitzean», azaldu du Irizarrek. Argi zuten hasieratik kantu bakoitzean kolaborazio bat nahi zutela: «Iratik esan bezala, ez da erreza izan eta ez genituen kolaboratzaileak halabeharrez sartu nahi, baina asmatu dugu eta oso gustura geratu gara», esan du Beñat Zaton soinu-jotzaileak.

Diskoa irekitzen duen ‘Balearen Bertsoak’ kantuan kostaldeko drama handi batez aritzen dira: plastikoaz. «Gu Lekeitioko taldea gara, kostaldekoak, eta gai honi garrantzia eman nahi genion» esan du Irizarrek. Gainera kantu honetan katalanez aritzera ere animatu dira The Capaces taldearekin. Ingelesarekin ere animatu dira diskoaren barruan.

Fermin Muguruzak ere kolaboratu diskoan, ‘Kontrolatzen’ kantuan. «Oso prestu agertu zen Fermin lehen momentutik, duda izan genuen zer esango ote zuen, baina horrela joan gara jendeari atea joka. Ezetz diola? Bada ez da ezer gertatzen», esan du positibismoz Beñat Zatonek. Jotak Amoroton duen estudioan maketa bat egin zuten, eta txandak egiten ari zirela, sartu aurretik sortu zuten kantu hau. «Kantu oso zuzena da» esan du Irati Irizarrek.

Kolaboratzaileen artean dago Liher taldeko Lide Hernando ere. «Lidek oso toke polita eman dio, asko ematen dio kantuari. Kontrastea oso polita geratzen da». Harekin sortu dute ‘Bitakoraren azken orria’ eta beldurraren inguruko hausnarketa: «Inork ez gaitu besarkatzen, eromenarekin dantzatzen, bizitza doa ziztu baten».

Ezkerreko mugimenduari ere egiten diote autokritika «Euskal Herritik hasita, zenbat sigla ditugu? Zenbat mugimendu dago...ez ote ari gara iparra galtzen?». bota du galdera airera Beñat Zatonek. «Nola izan gaitezke hain ‘tikismikis’?», gaineratu Irizarrek. «Guri disidentzia honek berandu harrapatu gaitu, baina erdian sentitu gara batzuetan. Gazteagoak direnei eragin die gehiago kontuak, baina taldean dugu Maren eta 18 urte ditu, hark kontatzen dizkigu gaiak», esan du Zatonek.

10 urte hauetan oholtza askotara igo dira lekeitiarrak, baina sekula ez dira izan BEC gisako plaza batean. Hori berria izango da haientzat, eta pozik daude noski. 10 urte hauek ospatzeko ginda da. Delirium Tremens talde mutrikuarraren itzulera kontzertuan egongo dira. «Uste dut ospakizuna ez dela BECen jotzea, ospakizuna da Delium Tremensekin jotzea!», esan du Zatonek.

10 urte hauetan egoera xelebreak bizitu dituzte noski, «nire lehendabiziko kontzertua ez du inoiz ahaztuko» esan du Iratik barrez «bai, biolinaren makila ia-ia sartu zidan begian» bukatu du barrez Beñat Zatonek.

Plateruenan emanaldia emanaz bukatu dute abenduaren 6ko orrialdea bitakoran McOnak taldekoek.

Jaurlaritza Logoa