En direct
Oraindik ere bide luzea egitea espero duten arren, Asier Kortabarria taldeko baxu-jotzaileak esan digu perspektiban jarri behar dela 10 urte hauetan egin duten bidea: «18 urte nituen martxan jarri nintzenean». Etorkizuna ilun dator diote baina Kortabarriak gogoratu digu «orduan ere krisi garaiak bizi» izan zirela, «inoiz krisirik gabeko garairik izan bada. Naif puntu bat genuen, eta, markatutako bideari jarraitzen bagenion, pentsatzen genuen bidean argia ikusiko genuela, baina heldutasunean konturatzen zara mugak hor daudela norberaren garapenerako eta gizarteak ere badituela bere mugak».
Zutik tinko irautea da Kaleko Urdangak taldekoen nahia «nahiz eta eguneroko dinamikek batzuetan kontrakoa iradokitzen duten. Talde bezala elkar asko maite dugu, baina badugu barruan joera autosuntsitzaile bat. Kantua sinplea bezain egia da. Laurok oholtzara igotzen garenean sentitzen dugu zerbait eta hor sentitzen dugu aurrera jarraitzeko indarra, pandemia dela edota beste ezer badela aurrera jarraitzen dugu», gaineratu du Kortabarriak. Kaskamotz mugimenduaren bueltan sortzen ari diren talde eta diskoen bueltan beteranoen artean daude Kaleko Urdangak taldekoak egun, eta musika estilo horren barruan soinu mota desberdinak areagotzen ari dira. Horren inguruan ere hitz egin digu Kortabarriak: «Esango nuke punk-oi mugimendua beti izan dela oso zabala, baina egia da 2000. urtetik hona Euskal Herrian sortu diren doinuak nahikoa antzekoak izan direla, Des-Kontrolen eskolari jarraika, eta momentu honetan bestelako azpigeneroak ikusten dira eta badago kaskamotz mugimenduaren unibertsoaren barruan bestelako gauzak egiteko gogoa».
Letra zuzenak egiten dituzte Kaleko Urdangak taldekoek, memoria historikoa eta kritika sozialaren inguruan batez ere. ‘Azken argiak’ abestiak «duela 30 urteko testuinguru batean kokatzen gaitu, herri industrial bateko auzo batean hazten denaren tokitik eraikitako kantua da. Gero hortik atera daitezke ondorio politiko batzuk, baina gehiegi sartu gabe horretan, demografikoki begiratuta soilik gazte gutxiago dago eta sareetan kontsumitzeko erak-eta gazte izatea zer den ere akaso aldatzen du. Horri aurre egin behar zaio eta onartuz egokitu beharra dago«. Taldekideak Gernika, Azkoitia eta Bergarakoak izanik, denek ere industria gertutik ezagutu dute: «Deba ibarrekoa naiz ni eta Euskal Herri osoa bezala desindustrializazio gogor eta luze bat ari da pairatzen, baina gero gutxien uste duzuna sentituko da kantuarekin identifikatuta. Ez du Euskal Herriko txoko guztietan berdin funtzionatuko, baina Soriakoa izan eta Madrilera joan diren familiako kideek esaterako sentitzen dute antzerako zerbait, eta familia betidanik Donostian bizi izan duenak akaso ez. Gure herrietako nortasuna galtzen ari da, ikusi besterik ez dago aurrefabrikatutako eraikinez betetako arkitektura dugula inguruan, non Bremenen, Buenos Airesen edo Gernikan etxe bloke berdinak ditugun. Homogeneizazio hori hizkuntzaren edo kulturaren kasuan ere ikusi daiteke».
Kaskamotz mugimenduaren indarra
Gipuzkoako Oi taldeei egindako omenaldi kantu bat da, baina mugimenduak oraindik ere indartsu jarraitzen du: «90. hamarkadan hasi eta 2012 bueltara arteko taldeei egindako omenaldia da. Egun mugimenduak bizirik jarraitzen du baina ez zuen hala ematen duela urte batzuk, oso talde gutxi geratzen baitziren, jende askok utzi zuen eta publiko aldetik asko jaitsi zen kontua. ‘Bardulia’ deitu dugu eta hor jarri dugu fokua Gipuzkoa mailan sortutako mugimendua oso emankorra izan zelako, ez soilik taldeei dagokionean, baizik eta fanzine, diskoetxe, antolakuntza, jaialdi… eta abarrei dagokionean ere bai. Taldea osatzen dugunon bizitzak zeharkatzen ditu, adinez Biruk eta Ekaitzek asko bizi izan zuten. Baita Remenek ere, nahiz eta gernikarra izan, bertara asko joan zirelako eta haiek ere etorri zirelako. ‘Azken holidays in Bardulia’ jaialdian, 2012an, eman genuen Kaleko Urdangak bezala lehen kontzertua eta gu izan ginen ziklo horretan sartzen azken taldea».
Orain haiek bideari eusten diote eta pandemia garaian ikusi da kaskamotz mugimenduko kontzertuek aretoak betetzen dituztela: «Esan daiteke zerbait ziklikoa dela. Ematen du desagertu egingo dela punk-oia baina beti norbait agertzen da, eta duela 10 urte osasuntsu zegoen eta orain berriz ere indartsu dago mugimendua. Gogoratzen dut Azpeitian 800 pertsona sartzen zirela edota zer nolako jendetzak mugitzen zituzten Des-Kontrol edota Arkada Social bezalako taldeek. Baina Doubling Boys edo Orreaga 778 bezalako talde txikiagoek ere bai. Eta badirudi erortzen ari zela eszena, ozta-ozta mantentzen zela eta gaur egun momentu gozoa bizi dugula esan daiteke. Ez da talde bat mugitzen dena, baizik eta talde asko dira jende asko mugitzen dutenak eta azpimarratuko nuke taldeen artean giro ona dagoela eta baita ikusleen artean ere. Podcastak egiten ari dira, autoedizioan ari da jendea, estudioak sortzen dira… pozik nago«, esan digu baxu-jotzaile bergararrak.
Mugimenduko taldeak ea musikagatik eta estetikak erakarrita dauden gehiago edota kontzientzia aldetik ere mugitzen diren galdetuta, «lehen bezala denetarik» dagoela esan digu Kortabarriak: «Beti dago bietatik eta gaur egungo gazte asko nik garaian nire burua ikusten nituen bezala ikusten ditut, gogotsu, interesarekin musika ezagutu eta sortzeko. Konpromisoari dagokionez, beti ezagutu ditut konpromiso politiko argia hartu duten taldeak eta hainbestekorik izan ez dutenak ere bai. Eta gaur egun esango nuke berdin jarraitzen duela, ez nuke esango aurreko eszena baino konprometituagoa denik oraingoa eta ezta alderantziz ere».
Memoria landuz
Izan ere ‘Noraezean’ deituriko kantuan nazio askapenaren borroka bidean geratzen ari dela salatu du Kaleko Urdangak taldeak. «Modu ahalik eta sinpleenean azaltzeko, Kaleko Urdangak esan duzun moduan beti izan da eduki politikoko zein eduki historikoko letrak egin dituena, eta modu batean edo bestean konpromiso politikoa erakutsi duen taldea izan gara, hasieratik, euskal nazio askapenaren mugimenduarekin bat eginda. Hasi ginenean, talde oso kohesionatua ginen politikoki eta gure ingurunea ere politikoki oso kohesionatuta zegoen. Baina urteen joanarekin ikusi dugu nola aldatu den testuinguru politikoa izugarri eta horrek ere eragina izan du zentzu guztietan. Aukera berriak ireki dira eta aldaketa ugari izan dira eta horren isla da kantu hau. Lehen argi zeuden ortzi-muga batzuk, behintzat taldearen barruan, eta adostasun zabala lortzen zuten helburu batzuk pixka bat difuminatu egin dira bizitza politikoan eta horrek ere badakar agian gure arteko posizioak hain argi eta irmoak ez izatea. Bidean gauza asko pasa dira, adibidez, bake bat izango genuela uste genuen baina oraindik kartzelak beteta daude. Ez dakit, gauza asko. Sasian ere badaude asko. Zentzu batean badirudi amaitu dela, baina ez da amaitu. Noiz amaituko den gatazka ez dakigu, baina gatazka sorrarazi zuten faktoreen mahaiaren gainean jarraitzen badute… ez dakit, galdera asko dira eta ez nik neronek bakarrik erantzun beharrekoak, taldekide bakoitzak interpretazio zehatza ematen diolako kantuari eta bakoitzak bere erara ulertuko duelako. Baina bota ditudan ideiekin, bakoitzak bereak egin ditzake. Gure burua kondenatzera behartuak izan gara, hemen gertatu den oro kondenatuz gero promesa egin delako aukera batzuk zabalduko zirela, baina gero aukera horiek ez dakigu non dauden. Hortik ogi pozoituarena», azaldu digu Kortabarriak.
‘Buruz behera’ kantuaren sarrerako gitarrek heavy metal klasikora eramaten gaitu. Kaki Arkarazorekin grabatu dute diskoa Garate estudioan eta Kortabarriari galdetu diogu ea zein aurpegi jarri zuen hau entzuterakoan: «Kakiren aurpegiak, ez honetan bakarrik, momentu askotan ikustekoak izan ziren. Beste martzianokeria txiki bat ere badugu diskoan, baina gainontzean hau izango da gure ohiko ildotik ateratzen gaituen abestia. Horrela atera zen, denoi gustatzen zaigu neurri txikiago edo handiago batean heavy klasikoa, Iron Maiden, Judas Priest eta Su Ta Gar bezalako taldeak eta sarritan ateratzen zaizkigu entseatzeko lokalean gauzak probatzen ari garela riff desberdinak. Tendentzia izaten da gure kanonetatik irteten dena baztertzea, baina oraingo honetan esan genuen gogoa genuela eta sartuko genuela diskoan». Estudio aldaketarekin pozik geratu dira, izan ere aurrekoak Julen Urzaizekin Sounds of Sirens estudioan grabatu dituzte: «Julenekin beti oso gustura ibili gara eta harreman oso ona daukagu. Baina data kontuak eta abar begiratu eta beste nonbait grabatzeko aukera sortu zitzaigun eta ia beste ezer begiratu gabe Garateko aukera ikusi genuen eta halako toki batean eta halako bidelagun bat izatea aukera oso polita iruditzen zitzaigun. Gero behin han estudioa ikusita eta bertan egunak zer parajetan eta nola pasatzen dituzun kontuan izanda eta zer nolako aukerak izaten diren ikusita, oso gustura geratu gara. Kantuak azken momentura arte sortzen ibili gara eta teknikari lanaz gainera, ekoizle lanak ere egin ditu Kakik. Ideiak partekatu, azotearekin atzetik ibili, ideiak ordenatu, filtroak jarri… zentzu horretan oso pozik gaude».
‘Aztibegia’ kantuan beste memoria historikoko ariketa bat egin dute Kaleko Urdangak taldekoek. Kasu honetan Agosti Xaho izan da protagonista: «Kontzientzia piztea ez dakit lortuko dugun eta Xahoren bizitzaren eta pentsaeraren laburpen sakonik ez du aurkituko abesti honen letran, baina bai nahi genuela bere figurari omenaldi bat egitea. Euskal abertzaletasuna Xahoren lumatik gehiago sortu izan balitz Aranarenetik baino, ziurrenik ondoren ezagutu ditugun kalamidade asko ez ziren gertatuko. Erakutsi nahi izan dugu XIX. mendean bazela zuberotar bat Euskal Herri errepublikazale bat defendatzen zuena, elizak botererik izango ez zuena edota beste askok baina lehenago euskara batuaren beharra sustatzen zuela, hori guztia ezkerrekoa izanik. Ez dugu esaten Xahok esandakoari kasu egin behar diogunik, baina bai bere izena ezagutzera ematea eta kantu honi esker norbaitek ezagutzen badu, ongietorria izan dadila».
Autokritikatik egurra emanaz
Segidan euskararen gaiari helduz, egurra banatu dute ‘Hitz egidan/k’ kantuan: «Gure buruari hasi gara egurra ematen, gaina hartu digun egoera batetatik sortutako abestia da eta pixka bat umoretik tiraka egurra banatzeko asmoz idatzia dago. Ez dugu euskaraz hitz egiten, guk ere ez askotan, eta zergatik? Bada ez dakigu». Segidan datorren ‘Arima’ kantuan, askok bere burua jarri zuen tesitura ekarri dute gogora: ziega edo beruna hautatu behar. «Presente eduki behar duela uste dut etorkizunean borrokatuko duen edonork, kontuan izan beharko baitu etorri daitekeela. Ez dakit abestiaren inguruko xehetasun gehiegi eman dezakedan audientzia berezirik eskuratu gabe». Kantuaren hitzak eta xehetasunak beren bandcamp orrialdean dituzte txukun idatzita. «Kantua bada saiakera bat, ez dago kronologia argirik, baina zenbait pertsonaiaren pistak uzten dira, 70. hamarkadan Euskal Herriko langile klasearen alde borroka egin zuten pertsona batzuen inguruko erreferentziak daude eta balio beza haiei eta beste askori omenaldi gisa. Hartara, egiten ditugun hitzak memoriarako bai, baina ez museoko memoriarako, baizik eta egunerokorako balio dezatela».
Kontzertuak lotuta badituzte ustez, baina «osasun egoerari agintari bakoitzak eman nahi dion erantzunak baldintzatuko du. Pare bat erori zaizkigu urtarrilean eta, ondo bidean, otsaileko lehenengo asteburuan ospatuko den ‘Ez dago hilda’ jaialdian izango gara, Iruñean, bi eguneko jaialdia izango da eta gu ostiralean izango gara. Atzetik, otsailaren 11n Ondarroan, 12an Elgetan, segidan Madrilen eta Amsterdamen ere izateko asmoa dugu. Kontzertu dezente ditugu aurretik, proposamenak ere bai, baina 2020an ere Ingalaterrara-eta joatekoak ginen eta gure asmoak zapuztu ziren, espero dezagun oraingoan zorte apur batekin hiru laurdenak behintzat aurrera ateratzea. Ez guregatik bakarrik, hori seinale ona izango delako gainerakoentzat ere, egoerak hobera egin duenaren seinale».
Urtarrilean kontzerturik ez, baina sagardotegirako autobusa hartu asmoz dira Kaleko Urdangak taldekoak. «Uzten badigute, bai. Orain da garaia kuadrillako whatsapp taldeak eta bat eta beste martxan jartzen direnekoa. Errealitatera eramango dugun fikzioa da kantukoa. Bagenuen zerbait ganberroa egiteko gogoa eta beste anekdota askoren nahaste bat da kantura eraman duguna. Hasieran kantu sinple bat zen, baina trikiti ukitu bat eman nahi genion eta azkenean triki-oi abesti bat sortu da, Mikel Alkortak egin duen guztiarekin. Baina gustura geratu gara eta jendeak abestiarekin barre egin du eta gu pozik».
Diskoa, TAE Recordsen webgunetik eskuratu daiteke baina baita kontzertuetan ere edota Euskal Herriko zenbait tabernetan, beren instagrameko kontuan dute jarrita hori guztia. Binilo gutxi batzuk dituzte, Durangoko Azokara iritsi zirenak, eta binilo horiaren kopia gutxi batzuk ziren, «fabrikak, mundua dagoen bezalaxe, baliabide gabe eta hornitzailerik gabe daudelako».