En direct

Transkripzioa:
Ioar:
Kaixo, Ander.
Ander:
Iepa.
Ioar:
Lurrikara bat izan da Bilbon. Berrehun lagun hil dira.
Ander:
Bai.
Ioar:
Ander, Baionan zubi bat erori da Aturrira! Aditzen al didazu?
Ander:
Zer? Itxaron apur bat...
Ioar:
Iruñeko udaletxea erre egin da. Zazpi pertsona harrapatu ditu barruan.
Ander:
Egon, Ioar. Ez dizut aditzen. Kaskoak ditut belarrietan.
Ioar:
Zerbait ederra entzuten egongo zara behintzat.
Ander:
Bai, noski. Zer esaten ari zinen?
Ioar:
Zuretzat mundua baino garrantzitsuagoa dela musika.
Ander:
Ez pasa! Musika entzuten nentorren, bai. Orain bukatu da abestia.
Ioar:
Zer da, jakin badaiteke?
Ander:
Mikel Urdangarin.
Ioar:
Zu ere bai? Nire arrebak horretan dihardu aste osoa.
Ander:
25 urte dira Haitzetan diskoa plazaratu zuela. Orain berriro grabatu ditu orduko kantak.
AUDIOA-1 | MIKEL URDANGARIN
Ioar:
Nola bihurtzen ote da bat kantaria?
Ander:
Honek ere aurreko abeslariak entzungo zituen, eta kantuan hasteko gogoa piztuko zitzaion. Badakizu: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Imanol...
Ioar:
Ez du kantaera oso modernoa.
Ander:
Bertsolaria izan ondoren plazaratu zuen Haitzetan diskoa. Kopla asko ageri dira. Gerora beste kantaera bat eta beste letra molde batzuk landu izan ditu.
AUDIOA-2 | MIKEL URDANGARIN
Ander:
Entzuten duzu tipoa, eta zugana heltzen dira bere letrak eta kantatzeko modu zuzena. Aukera izan dut duela 25 urteko diskoa ere aditzeko, eta zatiaz landuagoa da hau. Aldea dago.
Ioar:
Ez al dira abesti berberak?
Ander:
Ahaireak eta letrak bai, baina instrumentazio osoagoa dute orain. Aldaketa hoberako izan delakoan nago.
Ioar:
Baina beti ez da hori gertatzen. Batzuek nahiago izaten dute hasierako soinua.
Ander:
Niretzat hobeto dago hau. Instrumentu gehiago ditu, eta bertsio berrietan gitarra ez dago horren biluzi.
Ioar:
Noiz utziko didazu? Ez dut iritzirik emango, harik eta, etxean lasai eserita, abesti guztiak banan-banan entzuten ditudan arte.
Ander:
Ez uste denak kantu zaharrak direnik. Badu berriren bat.
Ioar:
Urdangarinek disko franko salduko du oraindik, ezta?
Ander:
Ez dakit zer esan. Garai batean, beharbada, disko gehiago salduko zituen. Gaur egun zale gehiago izango ditu, baina musika entzuteko moduak aldatu egin dira.
Ioar:
Nik neuk ja ez dut diskorik erosten.
Ander:
Dena sarean?
Ioar:
Irratia entzuten dut batik bat. Eta podcast piloa ere bai. Belarriak beti zerbaitekin okupatuta, hori bai.
Ander:
Hemen ondo zaintzen ditugu musikariak. Jendea kontzertuetara joaten da, diskoak erosi, sarrerak ordaindu. Oraintxe bertan antzematen da jendeak kontzertuetara joateko egarria daukala.
Ioar:
Bazen garaia, motel!
Ander:
Ongi esan duzu. Bazirudien kontzertuak eta, batez ere, musika aretoak betiko desagertuko zirela.
Ioar:
Zenbat krisi izan dituen musikak!
Ander:
Euskarrien aldetik gorabehera ugari ezagutu dugu. Binilozko diskoetatik, kaseteetara. Ondoren cd konpaktura igarotzea. Orain Interneten dago dena. Izatekotan, abestiak banaka deskargatzen dira.
Ioar:
Kontzertuak bertan behera geratu ziren. Gero, murrizketak. Hainbeste denbora aretoak itxira egonda, suspertuko al dira?
Ander:
Baietz esango nuke. Sozializatzeko aukera aparta eskaintzen dute musikak eta dantzak.
Ioar:
Orduan, Ander, hurrena kontzerturen batera zoazenean, abisatu niri ere.
Ander:
Etorriko zinateke?
Ioar:
Zuk gomendatutako zerbait bada, dudarik gabe. Orain Spotify horretan Urdangarinen bertsio berrien bila hasiko naiz, eta emango dizut iritzia.
Ander:
Zain egongo naiz.
Ioar:
Ez egidazu presiorik sartu. Lasai entzun nahi dut, denboraz eta presarik gabe. Datorren astean mintzatuko gara.
Ander:
Hitz egingo dugu, bai, lurrikararik ez baldin badago Bilbon, eta Iruñeko udaletxea goitik behera erretzen ez bada.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Denborazko perpausa mota bat:
—«Ez dut iritzirik emango, harik eta abesti guztiak banan-banan entzuten ditudan arte»
Ioar:
Esaldia laburrago esan zitekeen:
—«Ez dut iritzirik emango, abesti guztiak entzun arte».
Denborazko esaldia luze samar datorrenean, HARIK ETA esapidea eransten da, argigarri batzuetan, indargarri besteetan.
Ander:
Beste adibide bat:
—Ez nuen sinesten, harik eta neure begiez ikusi dudan arte.
—Ez nuen sinesten, neure begiez ikusi dudan arte.
—Ez nuen sinesten, neure begiez ikusi arte.
Hemen entzun dezakezue Mikel Urdangarini egindako elkarrizketa.


